ADUNA 2018-05-01 12:53

Adunarrak, taula-gainera

Ekimen polita ari dira prestatzen adunarrak azken hilabeteotan. Juan Kruz Igerabideren ‘Ur, erori nahi ez zuen euri tanta’, taulagainean eskainiko dute.

Herritarrak buru-belarri ari dira antzezpen musikatua prestatzen

Zizurkilgo emanaldia

Maiatzak 19, larunbata

11:30, Atxulondo

Adunako emanaldia

Maiatzak 4, ostirala

18:30, Asvinenea

 

Ur: erori nahi ez zuen tanta, antzezpen musikatuaren emanaldia.

Ondoren, gurasoen artean prestatutako pintxoak jango dituzte.

Ur tantaren istorioa

Ur izeneko euri tanta hodeitik zintzilik dago, eta ez du erori nahi. Behera begiratzen duenean ikaragarrizko kaosa ikusten du: ur tanta guztiak elkarrekin nahastuta, anabasa hutsean murgilduta. Lau haizeak etorriko zaizkio, banan bana. Ur erortzera bultzatu nahi dute, baikoitzak bere modura. “Oso argumentu jolastia du, umeentzat egokia”, gaineratu du Amaia Aramendik.

Duela zenbait hilabete sutan jarritako lapikoa prest dago dagoeneko. Juan Kruz Igerabide idazle adunarraren ‘Ur, erori nahi ez zuen tanta’ taularatuko dute herritarrek. Bide aberasgarria izan da orain arte egindakoa. Miren Aburuza, Amaia Aramendi eta Miren Genua talde eragileko parte-hartzaile dira. Haiek azaldu dute zein izan zen ekimenaren abiapuntua: “Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian, Ipuinen Unibertsoa familian ekimena antolatzen dute, hilean behin. Eragile ezberdinek prestatutako ipuin-kontaketak izaten dira. Liburuzainak, proposamena luzatu zigun Adunako gurasooi, saio bat antolatzeko eskatuz. Adunarrak izanik, Juan Kruzen ipuinen bat oinarri hartzea egokia izango litzatekeela aipatu zigun eta baita zenbait proposamen luzatu ere”.

Igerabideren proposamena

Juan Kruz Igerabiderekin harremanetan jarri ziren gurasoak, “eta sekulako oparia egin zigun. Guk ipuin bat begiz jota genuen, baina proposamen berria egin zigun berak. ‘Ur, erori nahi ez zuen tanta’ antzerki musikatua aurkeztu zigun. Bere etxean entzun ahal izan genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun”, dio Amaia Aramendik.

Eragile ezberdinak

Eskolarekin hitz egitea izan zen hurrengo pausoa. Antzerki musikatuan, “herriko haurrek parte hartzea zen gure helburua, eta horretarako, eskolara jotzea zen egokiena. Proposamena luzatu genien eta baiezkoa eman ziguten berehala. Horrek asko erraztu zuen bidea”.

Antzezleak lotuta, musika-arloa lantzea egokitu zitzaien eragileei. “Loatzo musika eskolako kideengana jo genuen. Juan Kruzek emandako CD-a pasa genien eta gure asmoen berri ere azaldu genien”. Loatzoko kideek ere gogotsu hartu zuten ekimena.

Denbora zen, ordea, arazo nagusiena. “Udaberri ingurua zen dagoeneko, eta ez zegoen entseguetarako denbora askorik. Bai Loatzoko kideek, baita eskolakoek ere, oso lotuta zituzten ikasturte amaiera aldeko ekimen, saio eta bestelakoak. Horregatik, ikasturte honetarako uztea erabaki genuen”.

Testu moldatua

Ikasturte berria hasi bezain pronto berrekin zioten ‘Ur: erori nahi ez zuen tanta’ antzezlan musikatua antolatzeari. “Ikuskizunari forma ematen hasteko lehen pausoak eman genituen. Juan Kruzek berak moldatu zuen testua, eta asko xehetu zuen, gure mailara ekarriz”. Eskolan gaia berrituta, lehen hezkuntzako ikasle helduenekin egiteko proposamena luzatu zuten. “Irakasleak gogotsu heldu dio gaiari. Ikasleei azaldu zien antzezlanaren berri, eta haiek ere gustura dabiltza. Nahi dutenek, antzeztu egingo dute eta gainerakoek, bestelako lanak egiteko aukera izango dute. Paperak banatuta, entseguetan murgilduta dabiltza orain”.

Loatzo musika eskolan ere ari dira antzezlanak behar duen musika prestatzeko lanetan. “Haurren abesbatzako kideak arituko dira eta instrumenturen bat edo beste ere egon daiteke. Eskola lanean ari da, Loatzo ere bai eta laster, guzti hori elkartu eta ikuskizuna borobiltzen hasteko garaia iritsiko da”, azpimarratu du Miren Genuak.

Kantari taldea

Eszenatoki gainera igoko diren artista adunarren zerrenda haziz doa gainera. Ikuskizunean zehar, sehaska-kantu bat entzun ahal izango da eta hori abesteko, “Adunako guraso taldetxo bat animatu da. Bertan bizi den Maite Oiartzun musikariak zuzenduta arituko dira”.

Bi emanaldi dituzte aurreikusita. Miren Aburuzak azaldu duenez, “Plazida Otaño liburutegian eskaintzeko asmotan ekin genion bideari, baina hartu duen gorputza eta tamaina ikusita, herriko eragile asko tartean zela ikusita, beharrezkoa iruditzen zaigu herrian bertan ere eskaintzea”. Maiatzaren 4an, ostiralarekin, 17:00etan hasita, Adunako Asvinenean egingo dute estreinaldia eta maiatzaren 19an, 11:30etan hasita Zizurkilgo Atxulondon eskainiko dute antzezlan musikatua.

Antolaketa

Koordinatzaile lanak egitea egokitu zaio talde eragileari. Sei pertsona ari dira lan horietan, bakoitzak ahal duenetik eskaintzen: “Tartean badugu arte munduan dabilenik ere, eta haren ardura izango da, esaterako, eszenatokia prestatzea. Gainerakoan, eskolarekin harremanetan jarri, Loatzoko kideekin hitz egin, Juan Kruz Igerabiderekin bildu, Asvinenea elkartera joan… horrelakoak egin ditugu gehienbat”.

Adunako eliza izan ohi da gisa honetako emanaldiak eskaintzeko gunea, “baina egokiago iruditzen zitzaigun beste kokaguneren bat bilatzea. Asvinenea herrian bertan izanda, bertara jotzea erabaki genuen. Dekoratu sinple batekin hornituko dugu eszenatokia”.

Ekimen xumea

Herri mailako ekimena izango da antzerki musikatua. Amaia Aramendik azaldu duenez,  “eskolako ekimena izatetik harago doan zerbait da. Juan Kruzen partaidetza ikaragarria izan da. Testua moldatzeaz gain, asko lagundu digu musika edota dekorazioaren inguruko ideiak ematen, eta antzezpena prestatzeko laguntza ere eskainiko die eskolako kideei. Loatzoko musikariak, abeslari taldea…, jende asko ari da parte hartzen”.

Emanaldi xumea antolatzea izan da helburua, hasiera-hasieratik: “Argi genuen herritarren artean prestatutako zerbait behar zuela izan. Bakoitzak beretik eskainiz, xumetasunetik, baina gozatzeko moduko zerbait prestatu nahi genuen. Oso bide polita izaten ari da hilabete hauetan egiten ari garena”, azpimarratu du Miren Aburuzak. Udalak ere laguntza eskaini dio ekimenari, babes ekonomikoa emanaz.

Juan Kruz Igerabidek egindako lana eta ibilbidea ere azpimarratu nahi izan dute eragileek. “Bere ibilbide aberats hori errekonozitzeko eta balioan jartzeko modua ere eskaintzen digu ekitaldiak. Berak gurekin izan duen prestutasuna eskertu beharrean gaude”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image