ADUNA 2018-05-27 09:11

Maitane Irurzun adunarra, dantzari trebe

Hiru urterekin hasi zen dantzan Maitane Irurzun. Dantza txapelketatan murgilduta dabil orain, bai soinu zaharrean, baita dantza soltean ere.

Maitane Irurzun

Oinkari dantza taldeko kide da Maitane. Duela hiru urte hasi zuen txapelketatako ibilia, eta maila ederrean dabil. Soinu zahar txapelketatan aritzen da urtarriletik maiatza arte eta, urte-garai honetatik aurrera, dantza soltekoan arituko da.

Garaipenak

Soinu zahar txapelketa bikaina gauzatu du aurten Maitanek. Soinu zahar txapelketako finalean hirugarren postua lortu du eta, aurtengo ibilian, bi garaipen ere eskuratu ditu; Oiartzunen eta Elgoibarren. Gustura dago Maitane lortutako emaitzarekin, eta aurrera jarraitzeko gogoz.  Oinkari dantza taldeko kideek maila bikaina erakutsi dute beste behin: Asteasuko Maddi Etxeberriak lortu zuen garaipena finalean, eta Ligako saria berriz Amaia Aizpurua zizurkildarrak eskuratu du. Dantzari onenez gain, jantzirik onenaren saria ere ematen dute soinu zahar txapelketako finalean eta, Oinkariko Maren Goiak etxeratu zuen aurtengoa.

Entsaioak

Ostiral arratsaldetan elkartzen dira soinu zahar txapelketan lehiatzen ari diren gazteak, entsaioak egiteko. Oinkari dantza taldeko hogei pertsona inguru dabil txapelketatan murgilduta. “Eta astelehenetan ere zabalik dugu entsaiatzera joateko aukera. Ondo egin nahi baduzu, lan handia egitea eskatzen du”. Taldekideekin egindako saioez gain, etxean ere aritzen da Maitane. Ahizpa izaten du laguntzaile horrelakoetan.

Dantzako pauso bakoitzak puntuazio jakin bat du eta horretan saiatzen dira dantzariak. “Gehiago puntuatzen dute pauso errazak hasieran egin, eta amaierarako zailenak uzten badituzu eta hala egiten saiatzen gara”, azaldu du Maitanek.

Urduritasuna

Hirugarren urtea du Maitanek txapelketatan murgilduta, “urduritasun pixka bat izaten badut ere, nahiko ondo eramaten dut. Finaleko saioa izaten da tentsio handienekoa. Dantzan hasi arte pilatzen da urduritasuna. Behin dantzan hasita, kontzentratu, musikan murgildu, eta lasaitzen joaten naiz”. Dantzatu ondoren, puntuazioa jakin arteko tartea ere luzea izan daiteke. “Maila ezberdinetako txapelketak jokoan diren egunetan, lau ordu inguruz luza daiteke saioa. Ez zait gehiagi gustatzen lehiakideen saioak ikustea. Lagunenak ikusten ditut, baina nahigo dut nire saioaren aurretik luzaketak egiten aritzea eta, nirea amaitutakoan ere ez naiz besteen lana ikustera geratzen”, azaldu du Maitanek.

Irakasgaia

Bakar-bakarrik eszenatokira atera eta dantza egitea ez da erraza. “Pixkanaka ikasi egiten duzu horretan ere. Bizitzarako, horrelako egoerei aurre egiten ikasteko baliagarria da soinu zahar txapelketa. Giro serioa izaten da. Badakizu pausoak begiratzen eta puntuatzen ari zaizkizula eta tentsioa sortzen da. Ikusleen artean ere sumatzen da hori”.  Minutu gutxi egiten dituzte eszenatokian, baina prestakuntza fisiko handia eskatzen du soinu zahar txapelketak. “Indar muskularra behar da eta baita iraupen fisikoa ere. Entsaio eta ariketa fisiko asko egitea eskatzen du”. Futbolean ere aritzen da Maitane, Danenan, eta “horrek asko lagundu dit. Horrez gain, mendira ere joaten naiz. Horrek guztiak laguntzen du fisikoa lantzen eta ondo etortzen zait dantzarako ere”.

Dantza soltean

Orain, dantza solteko txapelketan murgilduta dabil Maitane. “Soinu zahar txapelketa baino giro lasaiagoa da, alaiagoa. Bikotearekin aritzeak ere lagundu egiten du urduritasuna uxatzen. Ikusleen artean sortzen den giroa ere berezia da eta musikak lagundu egiten du alaitasun horretan”. Gorka Duran da Maitaneren dantzarako bikotea eta Trintxerpeko txapelketan 2. postua lortu berri dute elkarrekin. Adin berekoak dira, eta oso ondo ezagutzen dute elkar. “Oso garrantzitsua da mugimenduak elkarrekin egitea eta horretarako, ondo etortzen da elkar ondo ezagutzea”.

Oinkari taldearen ikuskizunetan ere parte hartzen du Maitanek, noski. “Santiotako emanaldia prestatzen ari gara orain. Asko gozatzen dugu taldean dantza egiten”, azaldu du gazte adunarrak.Gozatu egiten du Maitanek dantzan, eta jarraitzeko asmotan da. “oso gustura nabil eta, ahal dudan bitartean, eutsi egingo diot”, azpimarratu du.

Iruzkina Idatzi

Captcha image