ADUNA 2018-07-08 08:26

Urte osoko lana bilduko duen azoka berezia

Adunarrek auzolana bultzatuz, lanbide ezberdinez beteriko egun biribila antolatuko dute Kultur astean.

IƱaki Aristeta, Adunan ereindako gari soroan.

Auzolanean erein dituzue artoa eta babarruna. Nola sortu zen ideia?

Lehenagotik bagenuen herrian azoka bat egitearen ideia, baina argi genuen ezin zela beste herrietan egiten den azoka sinple horietako bat izan, hau da, beste herrietatik postuak ekarri eta herriko plazan produktuak saltzen diren horietakoa. Zerbait herritarragoa egin nahi genuen, auzolanean herriko lanbideak erakusteko azoka berezia antolatuz. Horregatik, ideia hau aurrera eraman ahal izateko, herrian ditugun okinengan pentsatu eta guztion artean auzolana bultzatuz garia ereitea erabaki genuen. Honekin, gainera, urtean zehar herria aktibo egotea lortu dugu, garia azaroan ereiten hasi ginenetik orain uztailean jasoko dugun arte.

Azokan herriko produktuak soilik egongo al dira salgai?

Asmoa, lanbide zaharrak jendeari erakutsaraztea da. Adibidez, herrian bi sagardotegi ditugunez, beraiek pitarra, zizarra egiteaz gain, tolarean sagarra joko dute eta momentuan sagarraren zukua ere egingo da. Ogia modu tradizionalean egiten ibiltzen den okin batek ere bere errotarekin eta ereindako gariarekin ogia egiten erakutsiko digu eta postreak ere egingo dira, arroz esnea adibidez. Gutxi gora behera 45 bat postu egongo dira Aduna herrian zehar.

Bestalde Euskal Herri osoko 7 postu ekartzea ere erabaki dugu: Bizkaiatik, Xiberoatik, Baxe Nafarroatik, Lapurditik, Arabatik eta Nafarroatik.

Azokaz gain, beraz, lanpostu zaharren erakustaldi bat ere izango da?

Bai, horrelako zerbait egiten dugun lehenengo aldia izango da. 2004ean sagardoarekin lotutako beste azoka bat egin genuen baina hau orokorragoa izango da. Egun horretan, gainera, postukideok antzinako jantziekin jantziko gara etortzen denak zerbait ezberdina ikus dezan.

Egindako lana zabaldu al duzue Adunatik kanpo?

Garia Gipuzkoan ereitea ez da ohikoena egun. Badago, ordea, garia erein eta horrekin ogia egiten duenik eta guk azoka egunerako hori nahi genuen. Sorturiko produktuekin gure produktu propioa ekoiztea. Gainera, horrela jendeari erakustarazten diogu Gipuzkoan ere posible dela garia ereitea. Horrez guztiaz gain, ogia nola egiten den erakusten duen bideoa ere sortzen ari gara eta guzti honek jendeak egiten ari garenaren berri izatea ekarri du.

Bildutako garia nola banatuko duzue?

Zori txarrez ez da gari asko aterako, 80kg ateratzea ikaragarria izango litzateke. Egunean bertan irina eta ogia egin beharko genuke, eta herriari Adunan egindako gariarekin egindako ogia dastatzera eman.

Herritarrok eta bertako eragileok batera parte hartzeko modu egokia al da?

Bai, azoka honen helburuetako bat hori da, parte-hartzea sustatzea eta harremanak egitea. Azoka amaitzen denerako herriaren erdiak azoka honen sorkuntzan zuzenki edo zeharka parte hartuko duela esan genezake. Bai janez, ikusiz, lanean, baina horrelako sorkuntza, herri oso baten laguntzarekin soilik egin daitekeen zerbait da, ez da lau pertsonen artean egin daitekeen zerbait.

Nola egingo duzue azokara gerturatzen direnak lanbide horien azalean jartzeko?

Lanbide ezberdinak erakusteko, nolabaiteko antzezpen edo erakustaldi bat egingo dugu. Adibidez, txorizo postuan txorizoak ez dira zintzilik saltzeko egongo. Postura gerturatzen den oro txorizoak egiten aritzea da helburua. Jendeak zuzenki lanbide hauetan parte hartzea. Ordutegi ezberdinak finkatuko dira, baita triptiko bat ere  eta eguerdira bitartean herri guztian zehar jendea lanpostu ezberdinetatik mugitzen ibiliko da. Adibidez, arropa garbitzeko postua jarriko dugu Andrategi baserrian, garai batean bezala lan hori egiteko.

Azokaren ostean zer?

Azokaz gain, urte guztian egindako lana biribilduko duen festa antolatu nahi dugu, beraz eguerdirarte lana egin, eta gero bazkaria eta erromeria prestatzeko asmoa dugu.

Zer esango zenieke herritarrei?

Herritarrei orain bezala jarraitzeko esango nieke. Auzolanean sinesteko eta horrelako gauzak herritarren artean soilik egin daitezkeela, ez pertsona gutxi batzuen artean. Animatzeko, lan pixka baten ondorioz egun polita aterako baita.

Iruzkina Idatzi

Captcha image