ADUNA 2018-11-10 08:04

Kultur Aste Handia Adunan

Kultur Aste Handia izango da aurtengoa. Izen horrekin izendatu dute azaroaren 11tik 18ra bitartean antolatutako Kultur asteak. Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte.

Igandetik aurrera eta azaroaren 18ra bitarte, hainbat ekitaldi izango da gozagarri

Egunerokotasunetik atera, eta ekitaldi ezberdinez gozatzeko aukera eskainiko du Adunako Kultur asteak. Proposamen ezberdin asko aurkeztu dituzte azaroaren 11tik 18ra arteko asterako; Herri azoka, kultur, kirol edo politikaren inguruko solasaldi eta hitzaldiak, Handia pelikularen emanaldia eta haren inguruko solasaldia…, aukera zabala izango da.

AZAROAK 11, IGANDEA

“Handiak” izan dira adunarrek beraien Kultur astean egin nahi izan dituzten ekintzak eta baita lortu ere. Denbora luzea daramate herritarrek Kultur astearen bueltan lanean. Urte honetan zehar, Euskal Herrian garia ereitea posible dela erakutsi dute adunarrek eta herritarren auzonalarekin gainera. Azaroaren 11ko Herri azoka handian eskainiko dute Adunan ereindako gariarekin egindako ogia dastatzeko aukera. Horrez gain, ogibide ezberdinen funtzionamedua ikasteko eta parte hartzeko aukera izango da. Adunarrek landutako produktu ezberdinak dastatzeko eta erosteko aukera ere izango da, noski.

AZAROAK 12, ASTELEHENA

Kultur asteari jarraipena emanez, astelehenean hilak 12, mahai-ingurua izango da Elordi plazako lokalean, arratsaldeko 19:00 hasita. Bertan, “Euskaraz, zergatik?” gaiaren inguruan, Euskal Herrira etorri eta euskaraz ikasi duten hiru solaskide izango dira: Adama (Senegal), Karin Van der Woorp (Holanda) eta Tarana Karim (Azerbaijan).

AZAROAK 13, ASTEARTEA

Asteartean, solasaldi politiko interesgarria izango da Elordi plazako lokalean. 2019a hauteskunde urtea izango da eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak gonbidatu dituzte politikako gai ezberdinen inguruan solasean aritzeko. 19:00etan hasiko da mahai ingurua eta bertan izango dira, EAJ-ko Luke Uribetxeberria, EH Bildu-ko Pello Urizar eta Elkarrekin Podemos-eko Julen Bollain legebiltzarkideak.

AZAROAK 14, ASTEAZKENA

Asteazkenean, kirola izango da protagonista nagusia. Maila handiko bi kirolari profesional gerturatuko dira Adunara. “Kirolari handia izatea nuen amets eta...” gaiaren inguruan arituko da Asier Illarramendi, Realeko jokalaria. Berarekin batera izen handiko pilotari bat ere izango da mahai-inguruan. 19:00etan hasiko da solasaldia, Elordi plazako lokalean.

AZAROAK 15, OSTEGUNA

Kultur asteari lotuta, pantaila erraldoia jarriko dute Adunako elizan, emanaldi ezberdinak eskaini ahal izateko. Ostegunean, Euskaraldiaren inguruko ikus-entzunezkoak zabalduko du emanaldi sorta, 19:00etan. Jarraian, Herri azokaren inguruko bi dokumental eskainiko dituzte: Gariaren prozesu osoa biltzen duen “Ogiaren bila” dokumentala, eta Herri azokaren ingurukoa.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra luzatuko da Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskarari bultzada emateko ekimen erraldoia da Euskaraldia, Euskal Herriko herri guztietan ospatuko dena. Azaroaren 15ean, Euskaraldiaren inguruko informazio mahaia jarriko dute Uztartza etxearen aurrean, 18:00etatik aurrera.

AZAROAK 16, OSTIRALA

Ostiralea, Handia filmaren proiekzioa izango da elizako pantaila erraldoian, 20:30etan hasita. Aurtengo Kultur asteko muinetakoa izango da filmaren emanaldia Emanaldiaren ondoren, gainera, filmean parte hartu duten aktore eta beste hainbat eragilerekin solasaldia izango da.

AZAROAK 17, LARUNBATA

Asteburuaren etorrerarekin, Patata Tropikala antzerki taldearen eskutik “Denboraren Taupadak” izeneko antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek, 18:30etan hasita. Umorea, txotxongiloak eta antzerkia batzen dituen ikuskizuna da.

Ondoren, Eusko Label produktuz osatutako pintxo afari-merienda eskainiko dute, 20:30etan hasita. Parrilan erretako Eusko Label hanburgesa, txorizo eta oilasko pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Egunari amaiera polita emateko, 21:00etan hasita, Eneritz Aulestia, Julen Alonso, Maixa Lizarribar, Izer eta Alabier eta beste hainbat trikitilari gonbidatu dituzte Adunara, Triki Gau herrikoi eta gertukoa sortzeko asmoarekin. Dantzarako eta gozamenareko tarte bikaina izango da, beraz.

AZAROAK 18, IGANDEA

Kultur asteari amaiera bikaina emateko, igandean, 10:00etan hasita, herriko bi sagardotegiak bisitatu eta hauen funtzionamendua ezagutu eta bertan biltzen duten historiaz busti ostean, herriko elizaren historia entzuteko aukera izango da, 12:00etan hasita. Bertara gerturatzen diren guztiek kanpandorrera igotzeko aukera paregabea ere izango dute. Herriaren eta eskualdearen ikuspegi ezberdinaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, baita elizako kanpaiak bertatik bertara ikustekoa ere, noski. Bitartean, gainera, hamar-hamabost txistulariz osatutako taldeak, emanalditxoa eskainiko du plazan.

Beraz, ez dago zalantzarik ekintzaz beteriko aste paregabea igarotzeko aukera dutela azaroaren 11tik 18ra Adunara gerturatzen direnek. Beraz, animatu eta parte hartu bertako ekintzak esperientzia paregabe bihur daitezen.
 


HERRI AZOKA. AZAROAK 11 IGANDEA


 

Azaroaren 11n, urte osoko auzolan eta elkarlana borobilduko duen ekitaldi berezia izango da. 50 postu inguru bilduko dira Adunan barrena, herritarrek prestatutako produktu ezberdinak.

Azoka dinamikoa izango da azaroaren 11koa. Izan ere, herritarrak postuetan bertan arituko baitira euren produktuak lantzen. “Artisau moduan egindako produktuak izango dira, sekreturik gabeak. Interesa duen edonork, bertan izango du nola egiten diren ikusi eta ikasteko aukera”, azaldu dute antolatzaileek.

Goiz osoko azoka

10:00etatik 14:30ak arte, bizi-bizi egongo da Aduna. Txoko guztietan egongo da zer ikusi, ikasi edo erosia eta herriko musikariak kalejiran ibiliko dira, giroa berotzen. Herritarrek egiten dituzten edo egin izan dituzten gauza ezberdinak izango dira ikusgai: erlezaintza, labaderoan arropa garbitzea, txorixo edo odolkiak egitea, ogia egitea, arroz-esnea, garagardoa, sagardoa, gazta, loreak, antzinako autoak, usoak lumatzeko makinak…, denetarik izango da.

Autobus zerbitzua

Adunara gerturatu ahal izateko, autobus zerbitzu berezia jarriko dute, 09:30etatik aurrera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “autoetan gerturatzerik ez da izango, baina etengabe gora eta behera ibiliko den doako autobus zerbitzua izango da martxan. Goizean hasi eta arratsalderarte, uneoro egongo da herrira gerturatzeko aukera”. Autoak uzteko guneak prestatuko dituzte, Irizar lantegiaren atzeko aparkalekuan, Uparan eta Urtaki industriguneetan.

Herri bazkaria eta dantza

Eguerdiko herri bazkariarekin borobilduko dute azoka eguna. Pilotalekuan elkartu, eta jai giroan murgilduko dira hala nahi duten guztiek. Bazkalondoan, gainera, Errebal taldeko kideek dantza saioa eiteko aukera eskainiko dute.

Bideoa, azaroaren 15ean

Adunar askok hartuko dute parte azokan, era batera edo bestera. Postuetan egotekoak direnek ez dute azokaz gozatzeko aukera handirik izango eta bereziki haiengan pentsatuta, bideoz hartuko dituzte egun horretako irudiak. Iraudi horiekin osatutako bideoa azaroaren 15ean eskainiko dute 19:15etan, elizan.

Iruzkina Idatzi

Captcha image