AMASA-VILLABONA 2017-08-25 09:37

Sofia Tato gogoratu eta erailketa salatzeko elkarretaratzea

Atzo, abuztuak 24, Caceresko Arroyo de la Luz herrian senarrak labankadaz erail zuen Sofia Tato billabonatarraren aldeko elkarretaratzea egingo da, mugimendu feministak deituta, gaur iluntzeko 19:00etan Errebote plazan. Aurrez, gertaerak salatzeko, manifestazioa aterako da 18:30etan Malkar plazatik. Bestalde, Villabonako Udalak bi dolu-egun izendatu ditu, bandera ofizialak hega erdira jaitsiko direlarik:

Amasa-Villabonako Udalaren gaitzespena eta Amasa-Villabonako EH Bilduren adierazpena jarraian:

Erailketa gaitzetsi du Amasa-Villabonako Udalak.

AMASA-VILLABONAKO UDALA

AMASA-VILLABONAKO UDALAK CACERESEKO ARROYO DE LUZ HERRIAN HIL DUTEN EMAKUME BILLABONATARRAREN ERAILKETA GAITZESTEN DU

Amasa-Villabonako Udalak argi eta garbi gaitzesten du Maria Sofia Tatoren erailketa, emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen bortitzaren biktima izan dena. Amasa- Villabonako Udalak dolumina, elkartasuna eta babesa agertzen dizkie biktimaren senide eta gertukoei.

Amasa-Villabonako Udalak bat egiten du emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, 'Istanbuleko Hitzarmena' delakoarekin; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere.

Amasa-Villabonako Udalak emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako indarkeriaren agerpen guztiak gaitzesten ditu eta indarkeria matxista lehen mailako arazotzat jotzen du.

Amasa-Villabonako Udalak herritarrei eskatzen die har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, eta emakumeen kontrako edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa har dezatela, izan ere, arazo kolektiboa baita, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. Era berean, Amasa-Villabonako Udalak konpromisoa hartzen du erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko.

Azkenik, gaur, abuztuak 25, Erreboteko plazan, arratsaldeko 19:00etan egingo den elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatzen die herritar guztiei, erailketa hau gaitzetsi eta elkartasuna adierazteko. Halaber, Udalak 2 dolu-egun izendatu ditu bandera ofizialak hega erdira jaitsiko direlarik.

 

AMASA-VILLABONAKO EH BILDU

MATXISMOAK HILTZEN DU, ASKI DA! GAUR 19:00ETAN DENOK KALERA!

Amasa Villabonako EH Bildutik atzo goizean Caceres probintziako Arroyo de la Luz herrian izandako Sofia Tato billabonatarraren hilketa matxista tinko eta gogor salatzen dugu. Era berean, une gogor eta zail hauetan Sofia Tato herrikidearen familiari eta bere inguru hurbilari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

Jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek. Lan horretan erakunde politikook ardura berezia dugu.

EH Bilduk mugimendu feministak gaur, abuztuak 25, 19:00etarako deitu duen gaitzespen elkarretaratzearekin bat egiten du eta herritar guztiak deitzen ditu mobilizazio horretan parte hartzera.

Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren ondoriorik larriena da. Indarkeria matxista egiturazkoa da, indarkeria mota honen oinarrian ordena soziala bera dagoelako. Horregatik ezinbestekoa da nabarmentzea, gaur inoiz baino gehiago, indarkeria matxistak gizon eta emakumeen arteko botere-harremanetan duela jatorria.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Emakumeen eguneroko ogia. Jendarte osoaren arazo larria. Ez da inola ere esparru pribatuari dagokion arazo bat, arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

Indarkeria matxista era askotara agertzen da. Emakumeak gutxiesten dituen portaera oro, mehatxuak, umiliazioa, irainak, kontrola, debekuak, jendaurreko deskalifikazioak, emakumeak objektu gisa aurkeztea, sexu-erasoak edota norberaren borondatearen kontra sexu harremanak inposatzea... indarkeria matxistaren adierazpenak dira.

Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriek eta erantzunek ere integralak izan behar dute. Pertsonen arteko harreman-sistema berria sortzea da erronka. Horrekin batera, indarkeriaren prebentzioan ahalegin berezia egin eta pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.

Era berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Eta hau guztia burutzeko, ezinbestekoa dugu onartua dagoen legeria bere osotasunean garatua izatea, berdintasun politikak indartzeko bitarteko tekniko zein ekonomikoak izatea eta erakunde publikoetatik mugimendu feministarekin elkarlana burutzea.

Iruzkina Idatzi

Captcha image