AMASA-VILLABONA 2017-12-31 09:45

Urbieta eta Aranguren, VI. Pebet memorialeko txapeldun

Bearzana pilotalekuko harmailak ikuslez lepo beterik zeudela jokatu zen atzo arratsaldean VI. Antton Pebet memorialeko finala. Xabi Urbieta asteasuarra eta Aitor Aranguren izan ziren txapeldunak:

Argazkiak

VI. Antton Pebet memorialeko finaleko argazkiak, pilotariak eta antolatzaile nahiz babesleak.

Berrikuntza gisa, joko-garbi partida jokatu zen atzokoan Pebet memorialeko final handiaren aurretik. Antton Pebet kide zen Angeluko Ardhoytarrak pilota elkarteko kideek eskaini zuten ikuskizuna, goi mailako lau pilotarik. Fredo Karrikaburu eta Joel Sistiague nagusitu zitzaizkien Eneko de Paredes eta Bruno Brioletteri (35-29).

18:30ak aldera ekin zitzaion eskuzko finalari. Xabi Urbieta eta Aitor Aranguren bikotea eta Josu Zezeaga eta Ioritz Arrieta ziren protagonista nagusiak; memorialeko kanporaketa-partidak irabazita, final handira iritsi zirenak. Urbieta eta Aranguren hasieratik gailendu ziren partidan eta haiek etxeratu zuten txapela preziatua, beste hamaika sarirekin batera, partida 22-11 irabazi ostean.

Sari-ematea, partidak eta gero
Iñaki Lizaso
Behar Zana pilota eskolako ordezkariak eta memorialaren antolatzaileak, berriki Argentinako munduko trinkete txapelketan azpi-txapeldun izan den Eneko Maiz billabonatarrari oroigarria eman zion sari-banaketarekin abiatutakoan. Jarraian, joko-garbi partidako jokalariek jaso zituzten euren sari eta oroigarriak. Lau jokalarien artean, Joel Sistiague izendatu zuten partidako pilotaririk onena. Besteak beste, Behar Zana elkarteko lehendakari Kiko Merino eta Villabonako alkate Maite Izagirrek banatu zizkieten sariak. Pebet memorialeko irabazleen txanda iritsi zen azkenik eta finalera iritsitako lau pilotariek jaso zituzten orduan sariak Merino eta Izagirreren eskutik. Xabi Urbieta eta Aitor Aranguren irabazleei Antton Pebet zenaren gurasoek jantzi zieten txapela. Xabi Urbieta asteasuarra izendatu zuten txapelketako pilotaririk onena eta pozarren jaso zuen saria. Txalo zaparradarekin eta taldean ateratako familia argazkia eginez amaitu zen atzokoan Bearzana pilotalekuko festa. Pilotari eta antolatzaileek Behar Zana elkartean bertan elkarrekin afaldu zuten jaialdiari amaiera eman auretik.

Iruzkina Idatzi

Captcha image