AMASA-VILLABONA 2018-03-09 11:02

“Mutilek zuzendutako kirola da txirrindularitza”

Talde berriarekin pistan nahiz errepidean lehiatzeko aukera izaten ari da. Pistan munduko eta Europako kopan aritu eta gero, munduko txapelketan lehiatuko da.

Ane Iriarte, bizkaia durango euskadi murias taldeko txirrindulari profesionala

Zerk eraman zintuen txirrindularitza munduan hastera?

Txikitatik gustatu izan zait kirola, baina zaila egin zitzaidan benetan betetzen ninduen kirol bat bilatzea. Xabier izeneko lehengusu bat nuen txirrindularitzan ibiltzen zena, eta bere lasterketak ikustera joaten ginenez bertako giroak erakarri eta probatzea erabaki nuen. Behin probatuta, argi geratu zitzaidan hau zela nik egin nahi nuen kirola.

 

Nola izan da zure ibilbidea ordutik ona?

Hamahiru urterekin hasi nintzen infantil mailan Oriako txirrindulari eskolan, eta geroztik mutilen talde ezberdinetan ibili naiz gehienbat. Horretaz gain, Tolosako nesken txirrindulari taldean ere parte hartu nuen. Lehengo urtean Meruloko ekipo batera pasa nintzen eta aurten eman dut nire karrerako pausurik handiena, Bizkaia Durango Euskadi Murias taldera pasa naizenean.

 

Gustura zabiltza talde berrian?

Bai, egia esan oso gustura nabil, aurten gehienbat pistan zentratu naiz, baina iaz errepidean ere oso emaitza txukunak ateratzen ibili nintzen eta Bizkaiak pista zein karreteran ibiltzeko aukera eman dit.

 

Taldez aldatu izanak zure karreran aurrera pausuren bat ematen lagundu dizu orduan?

Bai, orain arte oso gustura egon banaiz ere, talde apaletan ibili naiz eta Bizkaia Durangok pauso bat aurrera eman eta profesional mailara igotzeko aukera eman dit.

Zure txirrindularitzako ibilbidea hitz edo esaldi batean laburbildu beharko bazenu…

Behetik gorako salto handi bat izan dela.

 

Zein uste duzu dela orain arteko lorpenik handiena?

Egia esan aurreko denboralditik hona izan ditut lorpenik handienak eta mundua ezagutzeko aukera ere izan dut. Pistan munduko kopak eta Europako txapelketak, eta orain Holandako munduko txapelketan.

 

Zer sentitu duzu bat-batean zure burua munduko txapelketan ikustean?

Amets bat. Egia da lan asko egin behar izan dugula hona iristeko azkenean puntukako klasifikazio baten menpe baikaude eta, horretarako, konpetizio batzuetan parte hartuz postu jakin batzuetara iritsi behar duzu. Baina orain dela bi urte munduko txapelketetara joango nintzela esango bazenit, ez nizuke sinetsiko.

 

Bide luze baten emaitza izan da, ezta?

Bai, eskerrak nigan sinesten duen eta nirekin lan egiteko gogoa duen jendea dudan ingurua,n bestela ezinezkoa izango litzateke ni mundialetara joatea.

 

Atzetik, beraz, lan handia eta lanerako prest dagoen jendea asko dago…

Bai, ikaragarri. Azkenean laguntzen zaituen jendea behar baituzu, bai talde bat, prestatzaile bat, pistan motorista bat, eta azken momentuko konponketak egiten dizkidan mekanikoa ere badut. Horrez gain, taldean entrenatzea ere eskertzen dut, bakarrik entrenatzea oso gogorra baita. Beraz, laguntza eskaintzeko prest dagoen jendez inguraturik nagoela esango nuke, bai.

 

Emakumeen aldeko elkarte batean ere bazabiltza ezta?

Bai, aurten Gipuzkoako Federazioak Eskola Kirola antzeko proiektu bat jarri du martxan. Bertan, ikastoletan emango ditugun saio ezberdinen bitartez emakumeei laguntza eman nahi zaie, kirolera bultzatuz. Kasu honetan txirrindularitzara.

 

Txirrindularitza munduan emakumeak zein paper duela esango zenuke?

Nik uste dut urtetik urtera emakumeak txirrindularitzan duen papera erabat aldatzen ari dela. Ni hasi nintzenean txirrindularitzan ibiltzen zen emakume bakarrenetarikoa nintzen, inguruan behintzat. Orain ordea geroz eta gehiago gara, uste dut 32 emakume gipuzkoar daudela lizentziarekin eta ni hasi nintzenean ez dakit 10era ere iritsiko ginen.

 

Txirrindulari munduan emakumea izateagatik onurak dituzuela esango zenuke, edo alderantziz?

Batzuetan bai sentitu dudala laguntza gehiago jaso ditudala, eta beste batzuetan gutxiago. Egia da proportzionalki emakumeentzako postu gutxiago daudela gizonezkoentzako baino. Orain adibidez ,munduko txapelketara 13 txirrindulari goaz eta horietatik lau gara emakumeak. Baina tropelari begiratzen badiogu ere esan beharra dago emakumeen pelotoia askoz ere txikiagoa dela.

Egia da mundu honetan mugitzen diren gehienak mutilak direla; nire prestatzailea, motorista, mekanikoa…, denak dira mutilak eta esan beharra dago oso neska gutxi daudela. Mutilek zuzendutako kirola da txirrindularitza.

Beharbada, emakumezko taldetan ikusten dira zuzendari lanetan ari dira emakume gehiago, baino baita mutilak ere. Mutilen taldeetan aldiz oso zaila da emakume zuzendari bat ikustea.

 

Inoiz baztertua sentitu al zara emakumea izateagatik?

Ez, nik uste dut gainera alderantziz izan dela, lagundua sentitu naiz. Agian inguruko jendearekin zortea izan dudalako izan da, baina egia esan ez naiz inoiz baztertua sentitu eta laguntza jaso dut.

 

Nolakoa da emakume txirrindularien arteko lehia?

Neska gutxi garenez, aurrez aurreko lehia askoz ere intentsoagoa dela esango nuke. Mutiletan pelotoiaren puntan ibiltzen diren txirrindulariak 30 bat izango dira eta nesketan bost bat izango gara. Beraz nabaritzen da gure artean lehia handiagoa dagoela mutiletan baino.

 

Zein izango litzateke oraintxe bertan duzun ametsik handiena?

Zaila da esaten. Gainera ikusiz urtebetean dena alda daitekeela… Selekzioan egoteko zailtasunak izatetik, finkoa izatera pasa naiz. Momentu zailean aurkitzen naiz orain, ikasketak amaitu berri ditut eta kirol munduan maila politean banabil ere, emakumeok ezin dugu hemendik bizi, beraz ez dakit zenbat urte gehiagoz arituko naizen honetan.

 

Hala ere, trantsizioa azkar egin duzu ezta?

Bai, ez diot nire gorputzari presarik sartu, nire gorputzak oraindik garatzeko asko duela iruditzen zait baina erantzun du eta orain, ikasketak amaituta, txirrindularitzara bideratutako lan gehiago egiteko aukera daukat eta baita salto handiagoa ematekoa  ere.

Iruzkina Idatzi

Captcha image