AMASA-VILLABONA 2018-03-10 08:56

Historia luzea du Aizkardiren mendi ibilaldi neurtuak

Martxoaren 25ean ospatuko dute Aizkardiren mendi ibilaldi neurtua. Bi ibilbide eskaintzen dituzte aukeran, eta 1200 ibiltari inguru hartzen ditu. 

Aizkardi mendi taldearen ibiladi neurturako izen-ematea zabalik dago

Ibilbideak

  • Luzea, 43 kilometro
    Villabona-Otieta-Lapurtxulo-Onddo-Etzela-Leuneta-Mandoegi-Urepel-Leizaran-Mugaga-Urdelar-Villabona.

    Desnibela: 2400 m. 
    Iraupena: 10 ordu. 
    Irteera ordua: 07:00. 

 

  • Laburra, 23 kilometro
    Villabona- Lapurtxulo-Amasola-Praxkuren borda-Onddolar-Villabona.

    Desnibela: 1200 m. 
    Iraupena: 6 ordu. 
    Irteera ordua: 08:00. 

 

Izena emateko aukera dagoeneko zabalik dago.

 

Internet bidez: 
www.zirkuitua.com

Ostegun iluntzetan Aizkardi mendi taldearen egoitzan.

649 717 182 telefono zenbakira deituta. (20:00etatik 22:00etara, egunero)

Ibilaldiko egunean,
irteera gunean. 

 

Izena ematea doakoa da.
Euskal Herrian doakoa den mendi ibilaldi bakarrenetakoa da Villabonakoa. Bidean zehar hainbat anoa-gune egoten dira eta amaieran, gainera, oparien zozketa ere egiten dute. 

Aizkardi mendi taldeko kideentzat, urteko zitarik garrantzitsuenetarikoa izaten da martxoko ibilaldi neurtua. Urte batzuen buruan asko hazi da parte hartzaile kopurua, 1200 ingurura iritsi arte. Antolaketa lan handia egin behar da tamaina horretako kirol-froga antolatzeko eta Aizkardiko kideak, buru-belarri dabiltza lan horietan murgilduta. 

Urteurren borobilera iritsi da Aizkardiko ibilbide neurtua, izan ere, 50. edizioa ospatuko baitute aurten. Maddi Bengoetxea taldeko kideetakoa da, eta azaldu duenez, “baliteke sorpresatxoren bat antolatzea, baina ez dugu ospakizun handirik egingo urteurren borobila dela eta. Urteroko bideari eutsiko diogu”.

50. edizioa ospatuko badute ere, 51 urte dira lehen mendi ibilaldi neurtua egin zutela. “Izan ere, eguraldi txarragatik bertan behera utzi baikenuen behin. Ibilaldiko egunean oso eguraldi kaskarra zegoen, eta jende gutxi gerturatu zen. Astebetez atzeratzeko erabakia hartu genuen, baina hurrengo asteko egoera ez zen askoz ere hobea. Mendi martxarik ez genuen egin urte hartan. Aurrez egindako lan guztia, kontrol guneetarako erositako elikagaiak…, guzti hori galdu egin genuen. Horregatik, mendi ibilaldi gehiago bertan behera ez uzteko erabakia hartu genuen”. Elurra, txingorra, hotza, haize zakarra, euria…, denetarik egokitu izan da noski, baina hartutako erabakiari eutsi diote geroztik. 

Partaidetza handia

1200 parte-hartzaile inguru izaten ditu Aizkardiko mendi ibilaldi neurtuak. “Gipuzkoar asko izaten dugu, baina baita urrutiagotik etorritako jendea ere. Horregatik, azken urteotan lo egiteko tokia prestatzen dugu Olaederra kiroldegian. Geroz eta gehiago dira bezperatik etortzen direnak. Furgonetatan pasatzen dute gaua batzuek, Olaederran beste askok”. Maddi Bengoetxeak azaldu du lotarako tokia eskaintzeko premia nondik sortu zen: “Balmasedako mendizale bat bezperan etorri, eta elizako arkupean igarotzen zuen gaua. Urte batean, ordea, oso eguraldi txarra zegoela eta, aterpea eskaini genion Zatorrako egoitza zaharrean. Hurrengo urtean, mendizale bat baino gehiago gerturatu zen lo egiteko asmotan, eta joera goruntz zioala ikusita, lotarako tokia prestatzen hastea erabaki genuen. Olaederra kiroldegiko kideekin hitz egin, eta geroztik koltxonetak jartzen ditugu bertan, 40 pertsonentzako lekua osatuz”. 

 

Luzea, eta motzagoa

Duela 12 urte hasi ziren bi ibilbide ezberdin egiteko aukera eskaintzen. 43 kilometro inguru ditu aurtengo ibilbide luzeak, eta 23 kilometrokoa da ibilbide laburragoa. “Bi aukera horiek eskaintzeko erabakia, Iraupen Luzeko Ibilbideen Zirkuituan sartzeak ekarri zuen. Zirkuitu horretan sartu ahal izateko, 40 kilometroko gutxieneko luzera izan behar dute ibilbideek. Ordura arte ohikoak ziren zenbait parte-hartzailerentzat, ordea, luzetxoa geratzen zen. Ez zitzaigun ondo iruditzen beti-betiko parte-hartzaile horiek aukerarik gabe uztea eta ibilbide motzagoa ere antolatzen hasi ginen”, azaldu dute. 

Ibilbide motza estreinatu zutenean, ez zuen jende askok parte hartu baina aukera hori asko igo da azken urteotan. “Orain, jende gehiago izaten da ibilbide motzean laburrean baino. Luzea egiteko fisikoki ondo prestatuta egon behar da eta motza berriz errazagoa da”, azaldu dute. Lehen kilometroak partekatu egiten dituzte bi ibilbideek. “Lehendabiziko kontrol-gunea berdina da bi ibilbideentzat. Hortik aurrera, bide luze edo motzagotik itzultzen dira ibiltariak Villabonara”. 

 

Aldaketak

Lehen ediziotik hona, asko aldatu da Aizkardiko mendi ibilaldi neurtua. Lehendabizikoak, ‘patrulla’ edo taldetan elkartuta egin zituzten. “Mendian bakarrik inor ibil ez zedin antolatzen zuten modu horretara. Hiru pertsonaz osatutako taldetxoetan ateratzen ziren. Lehendabiziko edizioan, hiru pertsonez osatutako 23 talde atera zen. Ohitura hura, ordea, indarra galtzen joan zen pixkanaka”. 100 eta 150 pertsona inguru atera izan zen urte askotan baina duela urte batzuk, gorakada ikaragarria ezagutu zuen. 

“Tolosako 14 orduko martxarekin batera egokitzen zenean, sekulako jendetza gerturatzen zen, eta hurrengo urteetan mantendu. Urte gutxian, 100 ibiltari izatetik 1000tik gora izatera igaro ginen. Ez zen erraza izan igoera ikaragarri hura kudeatzea. Azken urteotan, parte hartzaile kopurua mantendu egiten da”. Urtean zehar lan handia egin behar izaten dute ibilaldi neurtua ondo atera dadin: bideak garbitu, sosak bildu, zozketarako opariak lortu…, eta egunean bertan 100 pertsonatik gora aritzen da lanean. Laguntza eskaintzen duten babesleei eta bolondresei “eskerrak eman nahi dizkiegu, urtero ematen diguten laguntzagatik”. 

 

Urteko ekintzak

Aizkardi taldeak beste hainbat ekitaldi ere antolatzen du urtean zehar. Mendi ibilaldiak egiten dituzte hilero eta haurrei zuzendutako “Ttonttorrez ttonttor” ekimena ere martxan dute. Udazkeneko mendi astea izaten da urteko beste hitzordu nagusia eta horri lotuta, hamar urte daramate argazki rallya antolatzen. “Mendia garbitzeko lanak ere egiten ditugu eta Lasturren egindako pago landaketak ere ematen digu lan pixka bat”. Horrez gain, federatzeko txartelen kudeaketa eta mendirako materialaren alokairua ere eskaintzen dute Aizkardiko kideek. 

Mendi elkarte guztiek bezala, gainbehera handia ezagutu dute Aizkardiko kideek. “Betiko jendea gabiltza, eta ez dago lekukoa hartuko duenik. Gizartea asko aldatu da. Jende asko joaten da mendira, baina nahiago dute bere kabuz ibili. Momentuz, ez dugu aurkitu joera horren aldaketa eragiteko gakoa”. 

 

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image