AMASA-VILLABONA 2018-04-05 12:24

Beertoki 2018, Bearzana pilotalekuan egingo dute

Amasa-Villabonako Udalak prentsa oharra igorri du aurtengo Beertokiren edizioa Bearzana pilotalekuan ospatuko dela jakinarazteko:

Beertoki 2018, Bearzana pilotalekuan egingo dute

Beertoki 2018 Behar Zana pilotalekuan ospatuko da

Udalak ekimen hau hurrengo edizioetarako sendotu nahi du

 

Udaleko ordezkariek eta Beertoki garagardo artisau azokako antolatzaileek, Euskadi mailan garrantzi handia duen ekitaldi honen 2018ko edizioa Behar Zana pilotalekuan ospatzea adostu dute.

Bi alderdien artean lorturiko adostasunaren ondorioz, antolatzaileek pilotalekua garbi mantentzeko eta egoera onean uzteko konpromisoa hartu dute. Garbitasunari dagokion konpromiso hau Udalak entitate desberdinekin hartu duen lan ildoa jarraitzea du helburu, pilotalekuaren mantenua egokia izan dadin.

Horrez gain, eta hurrengo edizioei dagokionez, lan talde bat osatuko da ekimen garrantzitsu hau beste leku batera mugitu ahal izateko, hala nola, segurtasun, irisgarritasun, muntaiari… dagokien baldintza egokiak bete daitezen. Eneko Urdangarin zinegotziak (EAJ) azaldu duen bezala “helburua ekitaldi honetarako lekurik aproposena bilatzea da, kontuan edukita, gainera, Behar Zana pilotalekua txikia geratu daitekeela duen arrakasta ikusita”. Instituzioa eta herria batuko dituen lan talde hau herriko beste entitate batzuei ere zabalduko da herriko gune desberdinek eduki dezaketen erabilera anitzak aztertu eta zehazteko (Amasa eta Villabonako pilotalekuak, Berdura Plaza, Ikastola, Malkar Plaza, etab.).

Udalak garagardo artisau azoka errotu nahi du eta horretarako, arduradunekin hurrengo hilabeteetan elkarrizketak mantentzea adostu du sendotze honetarako behar diren laguntzak zehazteko.

Maite Izagirre alkatearentzat, elkarrizketaren bitartez lorturiko adostasunek desberdintasunak gainditzeko bideak zabaldu eta etorkizunera begira sortu daitezkeen parte hartze ildoak irekitzen dituzte: “BEERTOKI jaialdia Euskadi mailan erreferentea izateaz gain, Amasa-Villabonako herri giroa dinamizatuko duen ekitaldia izatea nahi dugu”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image