AMASA-VILLABONA 2018-04-13 11:50

Legarretako zubiko lanen prozedura, aurrera

Villabonako Udalak prentsa oharra bidali du Legarretako zubiko lanen inguruko berri emateko:

Legarretako zubi narrituaren (SACEMeko zubia) birmoldaketak bere bidea jarraitzen du abiadura handiz. Duela aste batzuk Villabonako Udalak iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketak bide onetik zihoazela, eta Aldundiko organo betearazleak pausu berri bat eman du proiektuaren izapidetzean.

Joan zen martxoaren 7an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean "Villabonan GI-4751 errepideko 0 KPan, Oria ibai gaineko zubian oinezkoentzako pasabidea zabaltzeko proiektua idaztea" kontratua Anta Ingeniería Civil S.L. enpresari esleitzeko iragarkia argitaratu zen, hori egikaritze-proiektua gauzatzearen aurreko urratsa izanik.

Maite Izagirre alkateak (EAJ) dioen bezala, "orain arte izan diren bilerak oso positiboak izan dira; elkarlana oso estua da eta Aintzane Oiarbide Foru Diputatuaren prestutasuna, ezin hobea". Bi administrazioak, Udalak eta Aldundiak hain zuzen, aurreikusitako plana garatzen eta proiektua gehiago zehazten jarraitzeko hitzordua adostuko dute datozen egunetan. Bien bitartean herritarrek ikusi ahal izan zuten duela hainbat aste Foru Aldundiko teknikariak eta ingeniaritza enpresakoak bertan egon zirela obraren nondik norakoak aztertzen (zubia itxita egon zen egun batez).

Iruzkina Idatzi

Captcha image