AMASA-VILLABONA 2018-05-12 10:56

Bideoklipa grabatzera doaz Malkar taldeko kideak

Villabonako Malkar aisialdi taldeak hainbat aukera eskaintzen die herriko gaztetxoei. Udalekuen prestaketarekin batera, bideoklip baten grabaketa ere abiarazi dute.

Kontatuko al diguzue zein lan egiten duzuen Malkarren?

Nagore Arin: Malkar aisialdi taldearen helburua, beraien artean erlaziorik ez duten haurren arteko harremanak ahalbidetzen laguntzea da. eta guk bertan dugun eginkizuna bitartekari lanak egitearena da. Beti ere balio batzuk transmititzen saiatzen gara; euskara sustatzea, berdintasunaren alde egitea, bizikidetza eta horrelako balioak transmititzea. Baina hau dena, noski, jolastuz eta ondo pasatuz.

Beraz, balio horiek modu didaktiko batean transmititzen saiatzen zarete, ezta?

N.A.: Bai noski, zuzenean edo zeharka, egiten dugun ekintza orok du bere helburua.

Zerk ezberdintzen zaituzte beste aisialdi taldeetatik?

Kimetz Urkola: Aisialdi talde pila dago inguruan eta bakoitzak bere lanerako modua badu ere, ez nuke bata bestea baino hobea denik esango. Gu gure herrian ahal den lanik hoberena egiten saiatzen gara.

N.A.: Hori da, azken finean, talde bakoitza mundu bat da eta ez nuke desberdintasun horrek handiago edo txikiago egiten gaituenik esango. Ezberdintasun bakarra begirale taldean eta haur taldean dagoela esango nuke nik.

Azkenaldian sare sozialetan oso gogotsu ari zarete. Zer dela eta?

K.U.: Bai, hala da. Gaur egungo gazteek sare sozialekin duten gertutasuna ikusirik, arlo horretan ere beraiengana gerturatzea erabaki dugu. Modu polita baita haurrentzako informazioa zabaltzeaz gain, egiten duguna herrira zabaltzeko eta herriak egiten dugunaren berri izateko.

Uste duzue sare sozialen erabilera horrek ekintzetara gazte gehiago gerturatzeko bidea eman duela?

N.A.: Nik uste dut baietz. Azken finean umeek sare sozialak erabiltzen dituzte, eta gaztetxoez gain gurasoek ere jarraitzen gaituzte. Teknologia berrien erabilera honek gurasoekin beste mota bateko gertutasuna izatea ere ahalbidetzen du beraz.

Gainera, orain arte egin izan ez diren ekintzak ere antolatu dituzue. Zer nolako harrera izan du honek gaztetxoen artean?

K.U.: Bai, saiatzen gara ekintza ezberdinak egiten. Gazteak urtero egiten dituzten ekintza horietaz aldendu eta egunerokoan egingo ez lituzketen irteerak egiten saiatzen gara.

N.A.: Guk esperientzia berriak bilatzen ditugu. Gazteak astebururo joan daitezke Txuri Urdinera patinatzera, baina multiabentura batera joatea edo “high ball” batean ibiltzea ez dira egunero egin daitezkeen gauzak. Beraz, bai saiatzen garela beraien egunerokotasunetik ateratzen diren ekintzak egiten, eta esperientzia berriak zabaltzen.

Abesti baten sorkuntzan ere bazabiltzate, ezta? Nola otu zitzaizuen abestia eta bideoklipa sortzearena?

N.A.: Abestiaren ideia bat batean etorri zen. Asteburu-pasa batean, gai moduan “Operación triunfo” jartzea erabaki genuen eta horrekin batera lehiaketa horretako abestia hartu eta euskaratzea. Horrela hasi zen dena, bat batean abestiak zentzua hartu zuen, eta gure kanta izatea erabaki genuen.

Gaztetxoek lagundu al dute prozesuan?

N.A.: Bai noski, abestiko ahotsetan ez, baina prozesuan lagundu digute.

Zer lortu nahi duzue abestiarekin?

K.U.: Malkarrek egiten duena kantu eran zabaltzea da kantu honekin bilatzen duguna.

N.A.: Hori da, errazagoa da esan nahiekoa kantu eran transmititzea. Abestiak “Berezi” izena du eta bertan, Malkar eta Malkartxoak (umeak) guretzat zer diren zabaldu nahi dugu. Guztiak baitira bereziak eta berezitasun horretan guztiok handiak garela esan nahi dugu.

Abestiaren bideoklipa ere egin nahi duzue ezta?

K.U.: Bai, proiektua hor dago. Ez dakigu noiz kaleratuko dugun bideoklipa, baina egin, egingo dugu. Etxean egindako bideoklipa izango da baina, ahalik eta emaitza txukunena izatea nahi dugu. Beraz, gure denbora hartuko dugu horrekin.

Uda gerturatzen ari da eta udaren etorrerarekin batera udalekuak prestatzen ere hasiko zineten. Baduzue datarik?

K.U.: Bai, aurten bi txanda egitea erabaki dugu. Lehenengo txanda ekainaren 29tik uztailaren 8ra bitartean luzatuko da, LH 4,5 eta 6ko gaztetxoekin. Bigarrena, uztailaren 10etik 21era bitartean egingo dugu, DBH 1, 2 eta 3ko gaztetxoekin.

Udalekuetara joateko deialdia gaztetxo guztiei irekia al da?

K.U.: Bai, deialdia Aiztondo bailaran bizi diren gazteei zabaldua da.

N.A.: Hori da, baina ezarrita dagoen plaza kopurua baino gazte gehiago apuntatuz gero, irizpide batzuk ezarriko ditugu, aukeraketa egiteko. Hasiera batean, Aiztondo bailarako gaztetxo guztiak dira ongi-etorriak.

Izena emateko datarik jarri al duzue?

N.A.: Bai, maiatzaren 14tik 18 ra bitartean gure web orrian jarriko dugun formulario baten bitartez apuntatzeko aukera izango da. Horretarako, nahikoa izango da formularioa deskargatu eta betetzea.

Sukaldarien bila zabiltzatela ere ikusi dugu. Zer esan nahi diezue herritarrei zuen udalekuetara sukaldari moduan gerturatzeko?

K.U.: Gazte garaietan udalekuetara etorri zirenei, oraingo gazteak beraien esperientzia berdinak izateko laguntzera bultzatu nahi ditut. Azken finean sukaldaririk gabe ez baitago udalekurik.

N.A.: Ziklo bat da, gu ume izan ginen beste batzuk begirale izan zirelako, gu orain begirale gara eta umeek posible dute udalekuetara joatea. Berdina gertatzen da sukaldariekin, bai haurrak bai begiraleak eta bai sukaldariak funtsezko elementuak baitira udalekuak aurrera ateratzeko.

K.U.:Nik animatzeko esango nieke. Seguru gaude esperientzia ahaztezina izango dela eta.

Iruzkina Idatzi

Captcha image