AMASA-VILLABONA 2018-10-22 12:16

Giro ederra Amasako Mendiduatloian

Gizonen mailan, Alain Santamaria gailendu zen Amasako Mendiduatloian. Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen bigarren. Emakumezkoen mailan, Zuriñe Frutos izan zen garaile garbi. Erreleboka, eskualdeko Enaitz Roteta eta Axier Aburuza izan ziren garaile. Ikusle kopuru polita gerturatu zen Amasara, kirol frogaz gozatzera. 67 kirolari lehiatu zen banakako frogan, eta 21 bikote ere aritu zen erreleboka.

Argazkiak

Eneko Gurrutxaga, bizikletako ibilbidea amaitzear

Alain Santamaria izan zen azkarrena Amasako helmugan. Frogaren hasieratik buruan jarri zen, eta ez zien aukerarik eman aurkariei. Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen bigarren sailkatua, minutu bateko aldeaz eta Alexander Ordeñana hirugarren.

Emakumezkoetan, Zuriñe Frutos arabarra izan zen garaile, 1:48:28ko denbora eginda. Ainara Pequeño izan zen bigarren sailkatua eta Laura Perez hirugarren. Guztira, bost emakume animatu zen Amasako Mendiduatloian parte hartzera.

Bikotea osatuta, froga erreleboka osatzeko aukera ere ematen du Amasako Menduduatloiak. Kategoria horretan, eskualdean geratu zen txapela. Enait Roteta asteasuarra eta Axier Aburuza adunarra izan ziren garaile. 
 

Iruzkina Idatzi

Captcha image