AMASA-VILLABONA 2018-11-08 13:19

Giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte

Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak (EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariez osatua) hainbat ekintza aurkeztu ditu azaroaren 10eko Memoriaren egunaren inguruan. Besteak beste, herrian izan diren giza eskubideen urraketa guztiak bilduko dituen ikerketa eskatu diote Aranzadi Zientzia Elkarteari.

Giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte

EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko udal ordezkariek elkarrekin egindako prentsa-aurreko agerraldian, honakoa jakinarazi dute:

"Memoria eta Bizikidetza batzordearen izenean, indarkeriaren biktima guztien duintasunarekiko konpromisoa azaldu nahi dugu eta biktima guztiek merezi duten egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea aitortzen dugu. Era berean, inolako kausa politiko, Giza Eskubideen, pertsonen eta bizitzaren balioaren gainetik jarriko ez den etorkizun baketsu baten aldeko apustua egiten dugu.

Bestetik, 2016tik hona Amasa-Villabonako Memoria eta Elkarbizitzaren esparruan egindako ibilbidearen eta lortutako akordioen berri emango da prentsaurrekoan:

  • Alderdi guztiek aho batez erabaki dute Aranzadi Zientzi Elkarteari ikerketa zientifiko bat egiteko eskatzea. Ikerketa horren helburua azken hamarkada luzetan gure herrian bizi izan diren Giza Eskubideen urraketa guztiak biltzea izango da, bai Amasa-Villabonako biztanleek pairatutakoak, baita Amasa-Villabonan bertan gertatu direnak ere. Garrantzitsua baita gure herrian gertatutako egia guztiak jasotzea eta giza eskubideen urraketa ezberdinak pairatu dituzten biktima guztiak aitortuak izatea.
  • Gai honekin lotutako bi dokumental proiektatuko dira Gurea zinean: azaroaren 30an, Mujeres en construcción (Begoña Atin eta Maite Ibáñez) eta abenduaren 14ean, Glencree (Maite Ibáñez). Bi dokumentalak arratsaldeko 19:30etan Gurea Zinean emango dira eta amaitzean haien inguruko elkarrizketa sortzeko aukera izango da.

Azkenik, Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordeak hasi duen bide honekin jarraitzeko borondatea berresten du publikoki; ezinbestekoa deritzo-eta iraganean gertatutakoak berriz gertatuko ez direla bermatzea".

Iruzkina Idatzi

Captcha image