AMASA-VILLABONA 2018-12-05 11:43

Gaur hasiko da Antton Pebeten omenezkoa

Arratsaldeko 19:00etan  abiatuko da Antton Pebeten oroimenezko pilota txapelketa, aurrekanporaketako partidekin. Zazpigarren edizioa da aurtengoa, sendotatutako txapelketa da, beraz.

Iñaki Lizaso eta Eneko Maiz antolatzaile taldeko kide dira eta haiek eman dituzte txapelketaren nondik norakoak: “Lehen edizioetan, maila ezberdinetan banatzen genuen txapelketa. Azken urteetan ordea, eredu berri baten aldeko apustua egin dugu. Promesen eta nagusien mailako pilotariekin osatzen ditugu bikoteak. Beste txapelketa askotan parte hartzerik  izango ez luketen gazteei aukera hori eskaintzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Helduekin aritzean, asko erakusteko aukera izaten dute gazteek”.

Eskualdeko ordezkariak

Eskualdeko pilotariak ere arituko dira Antton Pebet txapelketan. “Asteasuko Elizegi, Labaka zizurkildarrarekin bikote osatuta arituko da. Gaztea da Elizegi, baina aukera ematea erabaki dugu”, azaldu du Lizasok. “Urbieta asteasuarra ere arituko da, Bikuñarekin bikote osatuta. Behar Zana elkarteko bi kide ere arituko dira: Munduko azpitxapeldun  geratu den Eneko Maiz, eta Arkaitz Esnaola txaramarra”, gaineratu du.

Gaur hasiko da txapelketa, bi aurrekanporaketekin. 19:00etan hasiko dira partidak, Bearzana pilotalekuan. Abenduaren 14 eta 15ean jokatuko dituzte final-laurdenak. 19:00etan hasiko da lehia abenduaren 14an, 11:00etan abenduaren 15ean. Abenduaren 23an, igandearekin jokatuko dituzte finalerdiak. 11:00etan hasiko dira partidak eta bertan erabakiko da zein bikote sailkatzen diren abenduaren 29ko final handirako.

Finala, abenduaren 29an

Abenduaren 29a gorriz markatutako eguna izango da inguruko pilotazaleentzat. Izan ere, hiru partida izango baitira gozagarri. “Geroz eta gehiago dira esku pilotan dabiltzan emakumeak. 17:30etan, emakumeen eskuz binakako partida izango da gozagarri.  Mendizabal eta Larrarte, Arrillaga eta Arrizabalagaren aurka arituko dira. Ikuskizun polita eskainiko dute, ziur”. Partida hori amaitzean, joko-garbi partida izango da. Iñaki Lizasok azaldu duenez, “iazko finalaren atarian antolatu genuen lehendabizikoz, eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Partida haren errebantxa antolatu dugu aurten. Ikusleek gozatu egin zuten partida harekin, eta gozamen hori errepikatzea nahi genuke”. Antton Pebet txapelketako finalak itxiko du arratsaldea.

Bearzana pilotalekuaren goikaldea itxita jokatuko dute aurtengo Antton Pebet txapelketa. “Eguraldi hotza badago, berogailuak ekarriko ditugu, pilotalekua goxatzeko. Ikusleak eta pilotariak eroso egotea da helburua”.

Sarrerarik ez

Sarrerarik ez da ordaindu behar Antton Pebet txapelketako partidak ikusi ahal izateko, eta hala izango da aurten ere. “Modu horretan , jendea gaztea erakarri nahi dugu pilotalekura. Saskiak zozketatzen jarraituko dugu, diru-iturria suposatzen duelako guretzat. Horrez gain, eskertu egin behar da urtero-urtero babesle ezberdinek ematen diguten laguntza. Txapelketa hau antolatzeak baditu bere gastuak, eta laguntzaile horiek gabe, ezingo genioke aurre egin. Eskertzeko modukoa da haien babesa”, azpimarratu du Iñaki Lizasok.

Iruzkina Idatzi

Captcha image