AMASA-VILLABONA 2019-01-11 13:01

EH Bilduren ustez azoka Remi Ayestaran pasealekura aldatzeak arazoak ekar ditzazke

Errebote plazako berritze lanekin hasiko dira hurrengo hilabeteetan, eta ondorioz astearteetan egiten den azoka Remi Ayestaran pasealekura lekualdatuko da. EH Bilduko Udal taldeak kokapen berria ezegokia dela adierazi dio Udalari, eta honako lekuak proposatu ditu: Oriamendi, Larrea edota Errota auzoa.

EH Bilduk Udalari bidalitako oharra:

Errebote plazako obrak amaitu bitartean Remi Ayestaran pasealekura lekualdatuko da azoka. Argazkia: Amasa-Villabonako EH Bildu.

Datozen hilabeteetan Errebote plazan egingo diren obrak direla medio, astearte goizetan egiten den azokaren kokapena aldatu beharko da derrigor. Pasa den astean (obrak oraindik hasi gabe bazeuden ere) azoka Oria ibaiaren ondoko Remi Ayestaran
pasealekura lekualdatu zen.

Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldeak kokapen hau ezegokia dela adierazi zaio udal gobernuari. Izan ere, pasealeku hau oinezkoentzat diseinatua dago (peatonala da), azpian bizilagunen garajeak daude eta azoka bertan ezartzeko hainbat kamioneta
eta furgoneta sartu behar dira bertara. Kamioi eta furgoneten joan etorri hauek, pasealekuko lurzorua bera eta azpiko garajeen inpermeabilizazioa ere kaltetu dezakete, garajeetara ur filtrazioak eragiteko arriskua sortuz.

Errebote plazako obrak aste ugari iraungo duenez, hainbatetan ezarri beharko da azoka pasealekuko eremu horretan eta horrek aipatutako arriskuak areagotzea ekarriko du. Gainera garajeetan ur filtrazioak eraginez gero, hauek konpontzeak kostu ekonomiko izugarria ekarriko lioke udalari, eta kasu hauetan askoz hobea izaten da kalteak eragin aurretik erreakzionatzea, ondoren atsekabetzea baino.

Etorkizunean azokaren kokapena Errebote plaza izango dela garbi edukita, datozen hilabeteetarako behin behineko beste kokapen batzuk aztertzea gomendatzen diogu udal gobernuari. Aukera posible batzuk mahai gainean jarriko ditugu; Oriamendi, Larrea edota Errota auzoetako pasealekuak (errepidearen ondoan daudenak) kokapen egokiak izan daitezkeela pentsatzen dugu, azpian garajerik ez dagoelako eta bide batez erdigunetik gertu dauden auzo hauei bizitasuna ematea ekarriko lukeelako.

Azkenik, kokapen egokienaren inguruan hausnartzeko eta azokan postua ezartzen
dutenekin hitz egin eta adostasuna lortzeko eskatzen diogu udal gobernuari.

Amasa Villabonan, 2019ko urtarrilaren 11n
EH BILDU AMASA-VILLBONA

Iruzkina Idatzi

Captcha image