ANDOAIN 2010-01-21 08:49

Ana Jaka, poesia zuzena

Ana Jaka Garcia (Andoain, 1973) oso gaztetan murgildu zen literaturan. Egun bere bizitoki den Iruñean kaleratu ditu idatzi gehienak. 2007an Nafarroako idazle gazteentzat zuzendutako Francisco Yndurain saria irabazi zuen; horri esker, Mero amor/Línea discontinua izenburuko poesia liburua eman ahal izan du argitara. Andoaingo liburutegian aurkeztu zuen Eguberrien atarian.

Zure berri ez duten andoaindarrei, aurkeztuko al zenieke zeure burua laburki?
Ana Jaka: Haurtzaroa Bazkardo auzoan egin nuen. OHO Andoaingo La Salle ikastetxean ikasi nuen; gero Donostiako La Sallen jarraitu nuen, eta azkenik Iruñeako unibertsitatean kazetaritza egin nuen. Egun Iruñean bizi naiz eta Elkar argitaletxean daukat lanbidea. Tarteka gurasoengana etortzen naiz, baina galdu samarra daukat Andoainekiko harremana; hori bai, ezagunek, kalean topo egindakoan, idazten jarraitzen ote dudan galdetzen didate.

Txiki-txikitatik hasi omen zinen idazten…
A.J.: Ez naiz oso ondo oroitzen, baina kontziente izan nintzenetik, nire kabuz idazten hasi nintzela uste dut, hamar urterekin-edo. Ume batek egin dezakeen moduan hasi ere, marrazkiak egiten eta idazten. Gustuko kontua nuen, eta hortxe jarraitu nuen koadernoak txukunduz. Gerora, ingurukoei idatziak erakusten hasi nintzen; jarraitzeko animoak ematen zizkidaten, zein ondo egiten nuen esanez.

Eta hortik, hurrengo pausoa…
A.J.: Hamasei urterekin Lasarte-Oriako literatur sariketa irabazi nuen, helduen mailan. Ezustean harrapatu ninduen, 80 orrialdeko poema-bilduma garaile irten izanak. Hurrengo urtetan apenas parte hartu nuen lehiaketetan, baina hara non Lasarte-Oriakoan aurkeztu, eta irabazi!  

Bestelakoan, zer daukazu argitaratuta?
A.J.: Poema solteak Iruñeko zenbait aldizkaritan, euskarazko narrazio bat egile berrien bilduma baten barruan… Bestalde, bloga irekita daukat (anajaka.blogspot.com) eta hortxe husten ditut nire gogoetak. Azkenik, oraintxe kaleratu didate poema liburu bat.

Andoainen aurkeztu berri duzuna, hain zuzen. Lagunak izan zenituen ondoan, testu irakurketa egiterakoan…
A.J.: Oso gustura, babestuta sentitu nintzen. Mila, Anahi, Ainhoa, Monika Ces…, lagunak ondoan izan nituen antolaketan nahiz irakurketan eta horrek edonor pozten du. Egia esan, nire bizitzan badira bi jarrera elkarren osagarri direnak: ingurukoena eta nirea. Batetik, ni beti izan naiz oso jendartekoa; gauza askotarako lagunen laguntza bilatu izan dut. Euren buruarentzat idazten duten lotsatiek ez bezala, nik familiari, adiskideei…, erakusten nien beti; oso harro egoten nintzen baita txikitan ere! Era horretan, harreman berezia sortzen da derrigorrez; haiek zuk egindakoa baloratzeaz gain, beraiengana jo izana ere baloratzen dute. Eta aldi berean, zuk ere baloratzen duzu haien jarrera. Beraz, elkar elikatzeko moduko zirkulu bat bezalakoa da, oso lagungarria niretzat behintzat.

Esango zizuten poetaren estereotipoa hausten duzula…
A.J.: Poetak bakartiak eta barnekoiak omen gara, dorre batean bizi garenak, gauza ulergaitzak idazten ditugunak… Halako aurreiritziak egon, badaude. Denetarik dago poeten artean, baina niregan inoiz ez dut sumatu halakorik. Edozein kultur jardueran zu zaren bezala agertzen zarela pentsatzen dut, eta orduan, baldin eta zu jendeartekoa bazara zure idatziak ere halaxe agertuko dira.
Deskriba dezakezu Mero amor/Línea discontinua liburua?
A.J.: Bi zati ditu liburuak. Elkarrengandik independienteak dira, baina elkarri laguntzen diote. Lehenak, agurtze baten aurrean pertsona batek bizi duen prozesu emozionalarekin dauka zerikusia. Bigarrenak, berriz, sentsazioen mundua lantzen du. Liburua osotasunean har liteke; istorio bat, edota suspentsea daude atzean, eta helarazten duen mezua baikorra da: bizitzaren aldeko apostua.

Errepidearen ideia darabilzu asko zure idatzietan…
A.J.: Metafora gisa errepideak erakarri egiten nau. Lanbidea dela eta Nafarroa osoa eta Arabako zati bat zeharkatzen ditut autoan; ordu asko dira errepidean beraz. Errepideak nire bizipena markatzen du, eta inspirazio iturri egiten zait. Nire blogari ere “Línea discontinua” jarri nion izena, errepideko lerro etena, alegia.

Idazkera zuzena darabilzula ere, badiote irakurleek…
A.J.: Ni saiatzen naiz hitz egiten dudan moduan idazten. Emozioak pizteko askotan hobe da labur geratzea, hitzak iradokitzaileak izatea, inpaktoaren eragile izatea baino. Niretzat garrantzitsuena esanahia da, azken batean hizkuntza zerbait transmititzeko tresna baita. Hitz potoloak erabili gabe ere, egin liteke poesia zuzena, irakurterraza, sentimenduz betea.

Zer iritzi eman dizute irakurleek?
A.J.: Bi gauza, funtsean: poesia izan arren erraza egin zaiela irakurketa, eta identifikatu egin direla hor kontatzen diren gauzekin. Oso pozik nago alde horretatik. Idazten duzunean zuretzat idazten duzu lehenengo eta behin, baina orain ari naiz jabetzen zein puntutaraino barnera dezakeen emozionalki zerorrek idatzitakoak.

Egitasmo berririk bai ?   
A.J.: Gaur-gaurko nobela bat idaztea daukat buruan. Kaleko hizkera erabiliz gazte giroa jorratuko duena. Poesian elipsiak, baliabide iradokitzaileak…, erabiltzen ditudan bezala, hemen deskriptiboa izan nahiko nuke.

Euskaraz idazteko asmorik ez?
A.J.: Euskaraz idaztea ere gogoko dut, ez pentsa; Euskalerria Irratiarentzat egiten ditudan kolaborazioekin adibidez, oso eroso sentitzen naiz. Gertatzen da ama hizkuntza gaztelania dudala, eta nahi eta ez ere, errazago moldatu izan naiz hor. Aurrera begira nahi nuke euskaraz egin nobelaren bat; oraintxe buruan daukadan hori beharbada…