ANDOAIN 2015-04-19 11:19

Postalak egiteko tailerra, argazkietatik abiatuta

Postalen tailerrera andoaindar guztiak gonbidatu nahi ditu Gartxot Arregik; nahikoa da Andoaingo herriarekin edo herritarrekin lotura duen argazki zahar edo berriren batekin agertzea tailerrera.
Irudia postalera eraman eta munduan zehar edozein bazterretara zabaltzeko bidea jarriko da tailerrean. Ekimena 400. urteurrenaren harira antolatu da.
Tailerraren nondik norakoa azalduko al zenuke?
Gartxot Arregi: Etxean daukazun argazki zahar edo berri hori postalera eramatea da egitasmoa, nork bere irudi kuttun hori objetu fisiko bihurtu azken batean. Andoaingo herriarekin zerikusia daukan irudia izatea proposatzen da; nork bere postala egin ahal izango du tailerrean bertan, eta munduan zehar daukan familiar edo lagun horri idatzi eta bidaltzeko pronto jarri. Andoain burujabe egin zela 400 urte betetzen direla eta, ospakizun horiekin lotzen da ekimena. Andoaingo irudia lau haizetara zabaldu nahi da, azken batean.

Zer eraman behar du parte hartzaileak tailer horietara?
G.A.: Nahikoa du etxean irudi bat eta postalaren hartzailea nor izango den aukeratzea. Irudi hori edozein formatuetan eraman dezake: negatiboa edo positiboa, diapositiba, argazkia paperean nahiz digitalean... Argi utzi behar da ez dela teknologia berrietan zertan jakitun izan behar. Tailerrean tresneria jarriko da postalak osatzeko, eta neu egongo naiz prozesu guztia aurrera eramateko, edo behar den laguntza eskaintzeko. Bi ordenagailu jarriko dira lanerako, bata inprimatzeko eta bestea eskaneatzeko. Irudia eskaneatu eta gero postala sortuko da, parte hartzaileak horrekin nahi duen muntaketa egin dezakeelarik, eta nahi duena idatzi.
Idatzia daramaten postal guztiak bidaliko dira Correos zerbitzuaren bitartez; Andoaingo udalak konpromiso hori hartu du.
Andoaingo zein irudi izan daiteke egokia?
G.A.: Nork nahi duen hori. Izan daiteke Andoaingo garai bateko herritarren erretratu zahar bat, izan daiteke zure auzoko zuhaitz edo paraje bat... Nor bere gogo, amets, edo desioren araberakoa.
Postala bera ere neurri ezberdinetakoa izan daiteke. Baita panoramikaren formatuko bat ere, zabalean alegia. Correosek ematen dituen neurriak errespetatzea den bitartean...

Tailerrak baldintza malguak eskaintzen ditu...
G.A.: Bai. Larunbat goizez eta arratsaldez irekiko da tailerra, bost orduz guztira, eta parte hartzaileak libre dauka nahi duenean azaltzeko, postal bat egiteak ez baitu denbora askorik eskatzen. Bestalde, ez zaio mugarik jarri parte hartzaileen kopuruari. Hori bai, aurrez izena eman beharra dauka, tailerra txukun antolatu nahi bada beharrezkoa baita zenbatekoa jakitea.
Basteroko ekitaldi gelan egingo da, baina eguraldia lagun, kalera aterako da; Bastero plazara hain zuzen.  
Tailerraren planteamendua ikusita, badirudi gaur egungo gizartean galtzen ari diren bi jardun aldarrikatu nahi direla: argazkiak paperera eramatea eta postalak idaztea.
G.A.: Bai, arrazoi duzu. Gero eta birtualagoa bihurtzen ari zaigu bizimodua; teknologia modernoen eta whatsapparen menpe, baztertzen ari gara gizakiak gizakiarekin komunikatzeko beti erabili izan dituen moduak. Ahaztu egin zaigu ia-ia eskuz idaztea, ia-ia arrotza egoten zaigu postal bat bera idaztea ere. Gure etxeko postontzira jada erreziboak besterik ez zaizkigu iristen, eta noiz edo noiz postalaren bat jasoz gero ilusio handia eragiten digu. Nahiz eta bi lerro besterik ez eraman postal horrek.  
Azken batean, ekimenak badauka berarekin kutsu erromantikorik. Irribarrea zabaldu nahi da mundura, maite duzun edo besterik gabe ezagutzen duzun pertsona hartzaile izanik, hain zuzen ere. Munduan bakarra den irudi bat, Andoaingo herria edo bere herritarrak gogora ekartzen dizkizun irudi bat erabiliz horretarako.

Gainerakoan, zein beste egitasmo dabilkizu eskuartean oraintxe, Andoainekin lotura duena eta azaltzeko moduan dena?
G.A.: Bizpahiru aipatu ditzaket. Batetik, Beñatek (anaia) bere garaian osatu zuen argazki eta artelanen artxiboarekin nabil bueltaka aspalditxoan. Eduardo Arreseygor eta biok artxibo horretako zenbait obra aukeratu eta maiatzaren 16an hastekoa den Argazkialdia jaialdian jarriko ditugu erakusgai. Erakusketa beste hiru egileekin osatuko da: Nagore Legarreta, Iñigo Royo eta Lobo Altuna. Teknika mistoak erabiliz, Beñatek esperimentazio bidetik jo zueneko alderdi hori zabaldu nahi genuke.
Bestalde, Andoaingo leku fisikoetan ateratako argazki zaharrekin irudizko jokoa egiteko asmoa daukat. Argazki horiek beren lekura eraman nahi ditut, espazioa eta denbora nolabait uztartuz.
Azkenik, Kale Nagusiaren irudia biziberritzeko egitasmo horren barruan, Alaiz Bikuña eta biok etxe bateko horma (Correos-en egoitza parean) mural batean bihurtzeko asmoa daukagu laster.