ANDOAIN 2015-05-15 09:08

Beñat Arregiren artista sena, Argazkialdian ikusgai izango da

Beñat Arregi (1973-2004) Andoaingo gazteak artearen eta sormenaren arteko mundua jorratu zuen bere bizitzan. Osatu zituen artelan ugarietatik, bakan batzuk jarriko dituzte ikusgai Basteron Argazkialdia jaialdiaren barruan. Bere irakasle izan zuen Eduardo Arreseygor eta bere anai Gartxot Arregi argazkilaria ibili dira Beñaten sormen lanak biltzen eta aztertzen.

Bere artelanen bilketan aritu zarete, Gartxot, Argazkialdirako...
Gartxot Arregi: Batzen joan gara han hemen barreiatuta zeuzkan sormen lanak, artelanak, argazkiak, muntaiak... Etxeko biltegian topatu ditugu batzuk, familiak etxean zeuzkan beste batzuk. Artelanez gain, izugarrizko argazki artxiboa topatu dugu, milaka irudiez eta gaiez osatutakoa (Andoaingo bazterrak, Leitzarango bailara, futbola, autoerretratuak, Olinpiapopularrak...).

Eta ondoren, horietako zenbait artelanekin erakusketa osatzea erabaki duzue…
G.A.: Aitortu behar dut, hasiera batean, Eduardok erakusketaren ideia luzatu zidanean, ez neukala gauza oso garbi. Akaso neure burua babesteko erreakzioa izan zitekeen, Beñat anaia eta adiskide gisa ikusten bainuen, eta egoera horretan faktore emozionalak indar handia dauka. Gainera, ezinegona eragiten zidan gure artean ez dagoen pertsona baten lanekin bazterrak nahasten ibiltze horrek.
Nolanahi ere, Eduardo eta biok bere obra biltzen eta aztertzen hasi ginenean, arraioa!,  berak utzitakoak indar artistiko handia zeukala ohartu ginen. Horrexegatik animatu gara zazpi bat artelan erakusgai jartzera. Bere sormen munduaren ideia bat hartzeko baliagarri izan daitezkeelakoan.  

Zu, Eduardo, bere irakaslea izan zinen…
Eduardo Arreseygor: Hamazazpi urte bete zituen arte gure sormen tailerrean aritu zen, eta gero unibertsitatean Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Alde horretatik, bere eboluzioa begiztatzeko aukera eduki nuen, gazte-gaztetatik nola joan zen hazten sortzaile gisa. Oker ez banago, bakarka erakusketa bat egin zuen Urigainen, eta gainerakoan, modu kolektiboan, beste artistekin erakutsi izan zituen artelanak han eta hemen.
Bere lanetan argi ikusten da, gure tailerrean lehenbizi eta unibertsitatean gero, plastikarako formazioa jaso zuela, eta hortik aurrera, bere sormen senari askatasuna emanez, esperimentazioaren bidetik abiatu zela, etengabeko bilaketa batean murgildu zela.

Irudia eta argazkia lantzen zituen batik bat...
E.A: Ikus-entzunezkoak eta batik bat argazkiak erakartzen zion. Argazkia da bere obra guztiaren ardatza, bere sormena batzen duen tresna. Azpimarragarria da bere garaian argazkigintzaren diziplinan batere ohikoa ez zen bidetik jotzen zuela: argazkiaren ikuspegi heterodoxoa zeukan, argazkiaren eremuan nagusi diren estereotipoetatik urrundu nahi zuen; eta horrexegatik, argazkia bera pinturarekin eta beste adierazpide plastikoekin batzeko joera zeukan. Ez dugu ahaztu behar argazkia alde batetik eta plastika bestetik jorratzea zela normalena berak bizitu izan zuen garaian. Guzti horregatik, esan dezakegu artista bide urratzailea izan zela Beñat.
G:A.: Argazkilaria naizen aldetik, txundituta uzten nau ikusteak nola ez daukan argazki bat ere koadro batera eramana besterik gabe. Irudia den edozerekin joko artistikoa egiten saiatzen da; artista senak agintzen dion moduan aurkezten ditu. Kontzeptualki, zentzua eta edukia ematen dio argazkiari. Adibidez, badauka collage moduko artelan zoragarri bat, argazki sorta elkarrekin hariz josita. Bada, ezezaguna egiten zaigu teknika hori. Basteron ikusi ahal izango da.

Esan al daiteke askori ezustekoa eragingo diola Beñat Arregiren alderdi sortzaile horrek?
E.A.: Ez izan zalantzarik. Nahiz eta gazterik joan gure artetik eta ez jakin sortzaile gisa zenbat eman zezakeen urteetan aurrera, egin zuen guztiagatik, dakiguna da Andoaingo artista on baten gisa jo beharko genukeela. Argazkialdia-ko antolatzaile eta Trentxiki argazki taldeko kideetako batzuk diren batzuk, Beñat ezagutu ez zutenak, harrituta geratu dira bere obra ikusi dutenean. Hortaz, edonori aholkatuko nioke Basteroko erakusketa gelara azal dadin.
Argazkien eta irudien bonbardaketa bizi dugun aro honetan Beñaten erakusketa kontrapuntu polita izan daitekeela iruditzen zait. Azken denboratan, gizateriaren historian sekula ez bezainbeste argazki atera da. Automatikoa jarri, eta kamera berak den-dena egiten duela ematen du. Bada, Beñatek bestelako filosofia aldarrikatzen du: artisauaren pare jartzea argazkia egitearen jarduna, eskulangilearen pare, zeinak argazkiari teknika eta tratamendu jakin bat aplikatzen dion.

Argazki mordoa topatu duzuela esan duzu lehen, Gartxot. Horiekin beste zerbait egiteko asmorik bai?
G.A.: 80 eta 90eko hamarkadetan Andoain, andoaindarrak eta horien kultur eta kale bizitza islatuta geratzen dira horietan. Oraingoz, zuri-beltzezko sei-zazpi argazki hartu, formatu handira pasa, eta Argazkialdiak irauten duen asteetan kaleetan ipintzeko asmoa daukat. Denborarekin eta espazioarekin jokatu nahi dut. Alegia, argazkia non eta zein egoeratan egin zuen Beñatek, ba hantxe ipiniko ditugu: futbol zelaia zuen Etxeberrieta auzoa, Olinpiapopularrak, Santa Krutz jaietako bizikleta lasterketa...