ANDOAIN 2017-09-05 13:45

Pilar Rodriguezi omenaldia egingo diote Sorabillako jaietan

Antzerkian, zineman nahiz telebistan biografia luze-luze baten jabe da Pilar Rodriguez. Erretiroa hartzeko asmorik ez dauka, eta proposamen erakargarriak egiten badizkiote antzezteko, baietz esaten jarraitzen du. Sorabillako auzotarrek antzezpenaren munduari eskaini dion guztia eskertu nahi diote auzoko jaietan, ekitaldi xume baten bidez.

Pilar Rodriguez, lanean jarraitzen duen aktorea

Nola hartu duzu Sorabillako jaietako omenaldi-ekitaldiaren gonbidapena?
Bi sentimendurekin nabil bueltaka, azken egunetan. Batetik, lotsa; izan ere, harridura sentitu nuen jakinarazi zidatenetik, zera galdetzen nien antolatzaileei, “baino, ze meritu ikusi dezute nigan?”. Esker ona da bigarren sentimendua; oso eskertuta nago, gogoan hartu nautelako eta nirekiko estimazioa publikoki erakusteko asmoa daukatelako. Hori bai, ekitaldia xumea izatea nahiko nuke.

Zure ibilbide artistikoa begi bistan jarri digu aipamen berezi honek, eta egia esan, edonor harrituta uzteko modukoa da; luzea eta oparoa da benetan... 
Baliteke hala izatea, nahiz eta adinez nahiko berandu murgildu aktore profesional gisa. Nolanahi ere, ez ahaztu maiz paper txikiak egin izan ditudala, zineman batez ere.

40 urtetik gora hasi zinen, bai, baina gaztetan taulara igotakoa eta jendaurrean aritutakoa izango zinen, amateur gisa.
Zerbait egin, egin nuen, bai; umetan Leitzako mojekin, eta hogei-hogeita bost urterekin Andoaingo Larramendi taldearekin.

Umetako abentura kontaiguzu lehenbizi…
Familiarekin Leitzan bizi nintzenean, mojen ikastetxean ikasi nuen. Nesken ikastetxea zen hura, eta antzerkia egiten genuenean, jakina, nesken paperetan bezainbat mutilenetan sartu behar izaten genuen. Ez daukat gauza askorik gogoan, baina pentsatzen dut egiten genuen antzerki-klaseak bat egingo zuela mojen ideologiarekin eta moralarekin. Nik izugarri gozatu nuen garai hartan, baina burutik pasatu ere ez gerora hortik joko zuenik nire bizitzak.

Larramendi antzerki talde euskaltzalea heldu zen, hurrena...
Bai, familia 1955ean etorri zen Andoainera bizitzera, nik 15 urte nituen orduan. 60ko hamarkadan Andoaingo zenbait euskaltzaleek, Sekundino Etxeberria buru zutela, Larramendi antzerki taldea sortu zuten, antzerkia euskaraz egiteko eta euskara herrian sustatzeko, eta hortxe parte hartu nuen. Zenbait antzezlanetan aritu nintzen, ez gehiegitan, baina oso oroitzapen bikainak eragiten dizkidan garaia da. Auzolanaren giro polita izan zen nagusi, behar zen azpiegitura guztia jendearen borondatez lortzen zen. Antzezlan berbera bi edo hiru aldiz taularatzen zen Iparragirre zineman, eta andoaindarrez lepo jartzen zen. Frankismoan bizi ginen, eta herritar ugarik zeuzkaten bi nahi uztartzen jakin zuen antzerki horrek: dibertsiorako gogoa eta euskara entzun eta bizitzeko premia.

Sekundino Etxeberria izan zenuten zuzendaria. Nola duzu gogoan?
Gerra aurretik antzerkia egindakoa zen Joxe Eizmendi Sakristaua eta Joxe Ramon Aldalur Axukalte-rekin batera, eta errespetu handia eragiten zigun gizona zen hura; jantzia zen, eta antzerkiaz asko zekien, zuzendari ona zen.

Andoaindartzat hartzen zaitu jendeak, baina berez, Leitzan jaioa zara…
Bai. Hangoak ziren gurasoak eta baita gu, lau senideak. Bertan egin genuen haurtzaroa. Aita Plazaolako trenbideko orratzaina zen, eta enpresa 1954an itxi zenean, Andoainera etorri zen Teila lantegian lan egitera. Lan egunak koinatuaren etxean egiten zituen, eta asteburuetan itzultzen zen etxera, Leitzara. Horrela bi urte egin zituen, harik eta lantegian istripuz hil zen arte, 47 urte zituela. Leitzan etorkizunik ez genuen ikusten, eta amak Andoainerako bidean jarri gintuen guztiok. Ahizpa gazteenak ikasten segi zuen, baina beste hiru senideok lanean hasi ginen. Nik Labordeko lantokian bederatzi urte egin nituen, eta Moises Larrañaga eta biok ezkondu ginenean utzi egin nuen. Garain haietan, lana utzi eta familia zaintzera jartzea, hori liberazioa zela uste genuen.     
Hiru seme-alaba eduki genituen, Elena, Mikel eta Jone. Hirugarrena jaio baino lehenago, Mari Loli Mendikute eta biok artile denda txiki bat ireki genuen Kale Nagusian, eta bederatzi urtez aritu ginen bertan dendari gisa.

Hogei bat urteko etena igaro zen berriz ere antzerkian murgiltzeko… Zer dela-eta itzuli zinen?
Egunkariek iragarkia ekarri zuten 1982an, esanez Antzerti antzerki eskola irekitzekoa zela eta probak egingo zirela sartu nahi zutenekin. “Zuk hauxe egin beharko zenuke” esanez etorri zitzaidan berehala Joxepi Orbegozo zena, Andoainen emakumearen formazioan buru-belarri zebilena. Nik “bai zera!” erantzun nion hasieran, baina azkenean, animatu egin ninduen eta pausoa eman nuen.
Gogoan daukat sarrerako azterketa. Epaimahai baten aurrean jarri ninduten, eta nahi nuena antzezteko agindu. Nik gauzarik zailena egin nuen, mozkorraren imintzioa, ze normalki sobreaktuaziorako joera izaten da. Egia esanda, ni bigarren promozioko ikaslea izan nintzen. Kontxu Odriozola-eta izan ziren lehenengoak. Katalanak izan genituen lehen irakasleak, eta nik hiru urte egin nituen bertan. Hirugarrena bukatzerako, irakasleak esan zidan “Zuk tablak behar dituzu orain, ez eskolan segitzea”.
Euskal Herrian ez zegoen antolatua antzerkia, eta eskola sortu nahi izan zuen Jaurlaritzak; nolabait euskal antzerki nazionala eratu nahi izan zen. Ona zen ideia, antzerkiaz gain, telebistarako, bikoizketarako…, jendea prestatu egin behar baitzen. Baina urte batzuren ostean, egitasmoa dena pikutara joan zen.

Estilo ezberdinak egoten dira interpretazioaren arloan. Zein izan da zure gogokoena?
John Strarbergen teknika ikasi nuen nik, barrutik kanpora antzeztea agintzen duena. Emozioak landu behar dira eta pertsonaiaren larruan sartu egin behar zara, ez aktuatu jakin gabe zertan ari zaren. Metodo horrek ondo funtzionatu izan dit beti, baina lanbide honetan ezagutzen ditut beste metodoekin ere ondo moldatzen direnak. Azken batean, taula gainean pertsonaiari sinesgarritasuna transmititu behar diozu; hor dago sekretua eta zailtasuna.

Damurik bai orduan hartu zenuen erabakiarekin?
Inondik ere ez. Izugarri gozatu dut geroztik! Nolanahi ere, ez nuke idealizatu nahi ogibide hau. “Zein polita den interpretazioaren mundu hori” esaten dizu jendeak kanpotik, baina dena ez da arrosa kolorekoa barrutik bizi duzunean. Maiz etorri izan zait gogoa dena pikutara bidaltzeko. Gainera, gaur egun, harrigarria da zenbat aktore dagoen langabezian, edo egoera prekarioan lan egiten! Izugarria da portzentajea estatu mailan! Izen handikoek dexente kobratuko dute seguruenera, baina gainerakoek…
Hori bai, gauza bat eduki dut erabat lagungarria inguruan: familia. Beti izan ditut ondoan senarra eta seme-alabak, beti animatu naute aurrera egin dezadan. Seme alabak koskortzen ari zirela sartu nintzen serio antzerkian; erabaki horixe hartu nuen, eta ez pentsa ez zitzaidanik kosta. Egin kontu nolakoa zen orduko mentalitatea: baneukan erruduntasun sentimendurik eta kezkarik, niregatik gaizki esaka hasi zitekeelako jendea, “familia utzi eta sartu da, ba, mundu horretan!”.

Aurrenekotako euskal aktore profesionala izan zinen bere garaian...
Halaxe izan zen, bai. Pako Sagarzazu, Kontxu Odriozola eta besteren bat izango gara lehenak, segurtasun sozialerako kotizatzen hasi ginenak. Jubilatzeko ordua ere heldu zitzaidan, eta halaxe nago, baina lanen bat heltzen zaidanean, alta hartzen dut eta eten egiten zait jubilazioa, berriro lanik gabe geratzen naizen arte.

Beraz, ez zaude geldirik egoteko…
Printzipioz ez daukat halako interes berezirik, baina proposamen tentagarriren batekin etortzen bazait baten bat, gozatzeko modukoa alegia, nola eman ezezkoa?

Beti izan omen zara zorrotza zeure buruarekin…
Bai horixe! Ez naiz konformatzen erraza, ez naizenez! Errodajeetan gertatu izan zait toma bat grabatzea, bukaeran ni ez geratzea gustura egin dudan interpretazioarekin, eta zuzendariari eskatu ea errepika daitekeen eszena. Zuzendariak baietz, ondo aritu naizela eta uzteko dagoen bezala, eta nik ezetz. Azkenean errepikatu izan dugu nire burugogorkeriagatik, baina azken montajean aurreneko grabazioa eman balekotzat…

Zer egin duzu azkenekoz?
Oraintxe bukatu berri dugu Shell Phone laburmetraiaren errodajea, Miren Mujika legazpiarrak zuzendu duena; montaje lanetan sartu dira, laster estreinatzeko asmoz. Iaz, berriz, Ciclos izenburuko beste laburmetraian hartu nuen parte, Iker Franco zuzendarirekin.

Sekundario edo bigarren mailako pertsonaien rolean aritu izan zara maiz, zineman eta telesailetan batik bat…
Egia da adinez nahiko berandu etorri nintzela mundu honetara, 42 urterekin! Baina kontua da amarena edo amonarena egitea tokatu izan zaidala ia beti. Eta hori gutxi ez-eta, ez da ahaztu behar errealitate orokorra: alegia, gizonek mugitzen dutela interpretazioaren industria gizarteko arlo gehienetan bezala, eta gizonentzat gordetzen dutela pantaila aurreko protagonismo guztia. Azken urteetan, zorionez, emakumeak zuzendaritza lanetan sartzen ari dira, eta horrekin, aldatzen ari da genero ikuspegi historiko hori, hain itxia.
Dena esatera, egin ditudan paperen tartean badira presentziaz laburrak izan arren istorioaren traman bere garrantzia eta indarra eduki dutenak.

Hollywoodeko emakume aktore asko kexatu ohi da, direnak baino helduagoak azaldu behar izaten dutelako. Zuk ere izango dituzu motiboak...
Bai Hollywooden eta baita hemen ere, ezin da barkatu emakumeei ezartzen zaiena: adin batetik aurrera pelikuletan protagonista jada ezin izateaz gain, gero eta normalagoa da 35 urteko emakumeak 20 urteko gazteen amen paperean jartzea! Nik uste Concha Velasco izango dela bakarra, edo bakarrenetakoa, emakume gazteago baten itxurak egiteko lizentzia daukana. Jakina, horretarako, aktore ona izateaz gain, ospetsua, polita, izarra…, behar duzu izan.

Antzerkian, telebistan zein zineman hainbeste pertsonaia interpretatu eta gero, publikoak norbaitekin identifikatu al zaitu inoiz?
Oraindik bada jendea Goenkale-ko Petra naizela uste duenik, Maria Luisaren ahizpa alegia; eta hori, nahiz eta orain dela urte mordoko kontua izan, eta gainera, bi urtez besterik ez azaldu! Azken aldian, ETB1n ere eskaini zuten Balbemendi serieko Bixenta belar-zale eta sorgin samarra zenarekin identifikatzen naute batzuek. Pantaila aurreko fikzioak badu xarma, eta jendea maiz hurbiltzen zaizu hizketarako gogoz, pentsatuz zu pertsonaje jakin hori zarela, edo behintzat igualtsua izaeraz.
Ikaragarria da telebistaren indarra, izan ere! Egin dezakezu bizi guztian antzerkia, gauza bikainak egin ditzakezu jendaurrean, baina telebistan bi minututan ateratzea  ezagun bihurtzeko formula majikoa da. Jai duzu bestela! Amorru pixka bat ematen dizu horrek, baina onartzea beste erremediorik ez zaizu geratzen.

Zer nahiago, antzerkia ala zinema?
Bietan egoki moldatu izan naiz. Bakoitzak bere ezaugarriak dauzka. Antzerkian nik entseguetan gozatzen du ikaragarri; pertsonajea aztertu eta gero, saiatzen zara bere pentsamenduan, hizkeran, keinuetan…, sartzen. Eta gero zuzenekoa dator; inoiz ez zara tenple berean igotzen taulara eta publikoa ere ez da berbera inoiz. Gauzak txukun ala oker egin, aurrera egin behar beti! Hor ez daukazu zinemaren abantailarik, okerrak moztu eta berriro errodatzekoa.
Nork bere alde gozagarria dauka, baina baita ere alde nekagarria. Antzerkiak, alde batetik bestera ibili behar duzulako emanaldiak emanez; egin kontu, konparazio batera, Agatha Christiren Xagu-tranpa (La ratonera) antzezlanarekin urtebete eta gehiago aritu ginen estatuan ziren eta ez ziren antzokietan, 500etik gora emankizun emanez… Ezin uka bizipen polita izan ez zenik, baina gauza nekagarriagorik! Zineman, itxaron uneak dira aspergarriak. Lekuak, argiak…, hamaika ezaugarri daude lotu beharrekoak, eta hori dena lortu ondoren, hurrengo pausoa izaten da ez dakit zenbat aldiz errepikatu beharra toma berbera, behin eta berriro antzezpen bera esaldi bat gaizki ahoskatu delako, teknikari bati besoa ikusi zaiolako…, edo auskalo zergatik.

Batzuetan lan laburrak baina sakonak egin izan dituzula aipatu duzu lehen…
Tarteka, pertsonaia zailak bezain maitagarriak, sentimendu asko biltzen dituztenak antzeztea egokitu izan zait. Filmografia gogoan hartuta, Lepokoa laburmetraia datorkit burura oraintxe. Safy Nebbou zuzendariaren aginduetara aritu nintzen, ia ordu erdiko laburmetraian. Teresa nintzen bertan, protagonista nagusia. Baserritarra da, eta semearen zain igarotzen du istorio osoa. Herriko mihi gaiztoek diote semea urtetan ez dela agertu eta ez dela sekula agertuko ere. Baina berak kontrakoa adierazten du, eta semearen bisitaren zain dagoenaren trazak egiten ditu. Emozio ugari adieraztera behartu ninduen istorio horrek: poza, tristura, urduritasuna, goxotasuna, amorrua…
Antzerkian, berriz, Eclipse antzezlanean bete nuen heriotzaren papera aipatuko nuke, Bederen Bat taldearekin. Erregistro ezberdinak zituen berarekin: ez zen ez femeninoa ez maskulinoa, eta ezin gozoagoa eta sexualagoa agertzen zen batzuetan, eta ezin garratz eta krudelagoa bestetan.

Pilar Rodriguezen biografian zenbait izenburu gogoratzeko:
Antzerkian:
Etzi (2012), Mujeres en sus camas (2007), la mano del emigrante (2012), Mujeres en sus camas (2007),  Ai ama! (2012), La mano del emigrante (2002), La ratonera-Xagu-tranpa (1999-2000), Mephisto (19969, Madira y la bola de cristal (1995), Guillermo Tell (1991), El relevo (1989), Eclipse (1987), Necrasof (1985), Nuestra ciudad (1984)…

Telebistan:
Euskolegas (2009), Mi querido Klikowsky (2008), Balbemendi (2006), Hospital Central (2003), La noche del escorpion (2002), Teilatupean (2000), ¿Que nos pasa? (1999), Jaun ta jabe (1997), Goenkale (1994), Bi eta bat (1991)...

Zineman:
La Casa de mi padre (2008), Eskalofrio (2008), Eutsi! (2207), 2005 Pasos (2004), Frágil (2004), Le cou de la girafe (2004), El final de la noche (2003), Lepokoa (2003), Sabor a menta (2003), La voz de su amo (2001), Gora-beherak (2001), Casiopea (2000), Yoyes (2000), Pecata minuta (1998),  Pesadilla para un rico (1996), Urte ilunak (1992), Ke arteko egunak (1989), Amor light (1987), Ehun metro (1985), Erreportariak (1983)…

Iruzkina Idatzi

Captcha image