ANDOAIN 2017-12-04 12:40

Euskal jantzien bilketa, berrerabiltzeko

Euskal jantzien bilketa egin zuen Ondarreta Ikastetxeko gurasoen taldeak larunbatean. Jende dexente hurbildu zitzaien janzkera osoarekin nahiz osagarriekin. Bereziak diren euskal jantziak berrerabiltzearen aldeko kanpainari ekin zioten era horretan.

Ondarretako guraso taldea, larunbatean

Goiza Bastero Plazan egonean pasatzeko baino gehiago etxean goxo-goxo egoteko gonbidatzen bazuen ere eguraldiak, Ondarreta ikastetxeko gurasoek mahaia jarri zuten jantziak biltzeko asmoz. Bilketa ekintza hori Andoaingo Udalaren, Caritasen eta Keni dendaren laguntzarekin burutu zuten.

Antolatzaileek azaldu zutenez, herritarrek erantzun ona eman zioten aurrez egin zuten deialdiari. Zapiak, txapelak, galtzak, soinekoak, blus beltzak... denetik jaso zuten; aitortu zutenez, ez zuten espero hainbesteko jenderik hurbiltzerik jantziak eskuetan zituztela, kontuan hartuta giro hotza, baina ez horregatik bakarrik. “Euskal jantziak, ez dira edozein moduko elementuak etxeetan; oso estimatuak dira, sentimenduak daude horien atzean, eta ez da erreza ematea doaintzan. Gainera, gure artean oso zabaldua dago familiarrei, lagunei, gertukoei... mailegatzearen ohitura, etxeko haurrei txiki geratu zaizkienean batez ere”.

Aurreko urtetan jostailuen bilketa antolatu izan dute Ondarreta ikastetxeko gurasoek, baina argi zeukaten euskal jantziei heldu behar ziotela aurtengoan. “Gure ikastetxean euskal kulturarekin zerikusia daukaten ekitaldiak antolatzen direnean eta euskal jantziak ekitaldi horren estetikaren zati direnean, ikasle batzuek kale erroparekin azaltzen dira, edota ez dira azaltzen. Ez genuke nahi hori gertatzea etxean euskal jantzirik ez daukatelako. Beste herri eta kulturetatik etorri berriak diren familiekin gertatzen da hori batez ere. Bada, eskura jarri nahi dizkiegu gaur bildu ditugun jantziak. Azken finean, euskal jantzia euskal kulturaren bereizgarri estetikoetako bat bat, geure kulturan integratzen eta bertakoa sentitzen laguntzen duen elementu bat gehiago da, euskal kantuak edo euskal ohiturak diren bezalaxe”. 

Mahaia larunbat goizean jarri bazuen ere, antolatzaileek adierazi dute oraindik ere badagoela aukera jantziak uzteko; hain zuzen, Ondarreta ikastetxean (Bulego orduetan) edo Caritasek Zumea Kalean daukan egoitzan (astelehen, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara) jasotzeko prest daude. Alde horretatik, deialdi berezia egin die andoaindarrei etxean soberan edo erabili gabe baztertuta dauzkaten euskal jantziak utzi ditzaten bi leku horietan. Izan ere, Gabonak ate joka ditugu, eta oraintxe da unea ikusteko etxeko armarietan zer daukagun gordeta, erabakitzeko zer daukagun erabilgarri eta zer ez.

Guraso taldearen azken asmoa euskal jantzitegia osatu eta biltegian gordeta edukitzea da. Era horretan, mailegu zerbitzua eskainiko zaie egun eta ekitaldi berezietarako jantziak eskatzen dituzten familiei. Zerbitzu hori Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuekin eta Caritas elkartearekin batera kudeatzea ikusten dute egokien.

Iruzkina Idatzi

Captcha image