ANDOAIN 2018-01-14 12:45

Iñaki Martiarena in memoriam

Andoaingo ekintzaile, kantuzale eta antzerkizale ezaguna, urtarrilaren 7an hil zen gaixotasun luze baten ondorioz. 68 urte zituen, eta bizi izan zen artean aldarte ona erakusten ahalegindu zen.

Iñaki Martiarena in memoriam

Iñaki Martiarena Lizarazu andoaindarra joan zen urtarrilaren 7an hil zen, 68 urte zituela. Ezin izan zuen gainditu azken aldian pairatzen zuen gaitz larria. Herritar ezaguna zen, gizarte ekintzailea eta azken urteetan antzerkigintzan murgilduta ibili zena. Maitena Lizarribarren alarguna, bi semeren aita zen: Eneko eta Aritz. Zazpi semealabako familian hazi zen, Andoainen aski ezaguna. Urnietarren artean ere haren bi anaia-arreba aski ezagunak dira: Ixiar Urnietako EH Bilduko alkategaia azken Udal hauteskundetan edota Joxe Manuel Martiarena, 1998-1999 urteetan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu izandakoa.

 

Donostiako hiri barruko bus konpainiako gidaria izan zen ogibidez, eta erretiroa hartuta bizi zen azken urteetan. Umore handiko gizona izan zen, arte eszenikoen munduan murgiltzea erabaki zuena. Horrela, Andoaingo Katramila antzerki taldeko partaidea izan zen hasieratik. Ohikoa zen bere parte hartzea Basteron urtero antolatu ohi zituzten emanaldietan zein kaleko ikuskizunetan. Katramila taldea sortu zenean, hantxe agertu ziren Martiarena eta Esnal helduen taldean parte hartu nahian. Ahots sendoa zuen Iñaki Martiarenak, eta bere taldekideek ipuin kontalari bikaintzat zeukaten.

Jubilatu eta pentsiodunen Duintasuna elkarteko bultzatzaileetakoa izan zen. 2010ean Aiurriri eskainitako elkarrizketan, honako hausnarketa utzi zuen: “Erakundeetaik ezinduak etxean zaintzea bultzatu nahi dutela dirudi. Familiaren ardurapean utzi, diru pixka bat eman eta gero. Familia lan baldintza eskaseko enpresa bihurtu nahi dute”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image