ANDOAIN 2018-03-09 18:37

Euskaldunan jokatu duten emakume jokalariak, argazkietan

Euskalduna futbol taldean emakume jokalarien historia azaltzen duen argazki erakusketa jarri da ikusgai Juanita Alkain plazan, gaur goizean. Ana Carrere alkateak, Ixiar Olano kirol teknikariak eta Salba Parada Euskaldunako emakumeen ataleko arduradunak egin dute aurkezpena. Aldi berean, igande eguardian Ubitarten, futbolari ohi eta egungoen artean jokatuko den partidua iragarri dute.

[Bideoa]

Olano, Parada eta Carrere, Juanita Alkain plazan

Ana Carrerek adierazi duenez, martxoaren 8aren inguruko ekitaldien baitan kokatu behar da erakusketa. “Futbola oso maskulinizatuta dagoen eremuarekin identifikatzen da; baina egia ere bada urte asko direla emakumeak parte hartzen ari direla kirol horretan, normaltasunez osoz. Erakusketa honek horixe erakusten digu. Badakigu Andoainen emakumeak aritu izan direla futbolean Euskaldunak emakumeen saila sortu aurretik, baina erakusketarekin bi aspektu azaldu nahi dira: Euskalduna eta emakumeen parte hartzea”. Carrerek Euskalduna taldeari eskerrak eman dizkio “Andoaingo gizonezkoak bezainbat emakumezkoak futbolean integratzeko egiten ari den lanagatik”.

Azkenik, alkateak emakumeei ez ezik Euskaldunako zaletuei eta futbolzaleei luzatu die gonbidapena erakusketa ikustera hurbil daitezen Juanita Alkain plazara.

Salba Paradak ere gonbidapen zehatz bat egin nahi izan die, herriko emakumeei: “benetako apustua egiten ari gara emakumezkoen futbolaren alde, eta mezua zabaltzen diegu Andoaingo emakumeei, neba, gazte eta helduei, Ubitarteko futbol zelaira azaldu daitezen, futbolean jokatzeko gogoa sentitzen badute. Euskaldunako ateak irekita dauzkate, eta denei eman nahi diegu aukera. Badakigu, egun, futbolari batzuk Andoaindik kanpo jokatzen ari direla (Urnieta, Tolosa, Añorga...). Infantiletan eta jubeniletan talde bana daukagu egun, eta tartean dagoen hutsunea bete nahi dugu”.

Ixiar Olano kirol teknikariak, azkenik, erakusketan zer ikusi ahal izango den azaldu du. Euskaldunak orain 14 urte ekin zion emakumeen sailari, eta harrezkero, ia 80 jokalarik jokatu dute bertan. Bada, ia guztiak biltzen dituzte Juanita Alkain plazan igande bitarte ikusi daitezkeen argazkiek.

Bestalde, erakusketarekin bat eginez, igande eguardiko 12.00etan, futbol neurketa ikusgarria jokatuko da Ubitarten, Euskaldunako jokalarien ohien eta egungoen artean. Bertaratzen diren ikusleek hainbat zozketetan parte hartu ahal izango dute.

Azkenik, Javier Zatarain, urtetan Euskaldunako batzordekide eta argazkilari izan denari eskerrak eman nahi izan dizkiete, erakusketaren antolaketan eskaini duen laguntzagatik.

Iruzkina Idatzi

Captcha image