ANDOAIN 2018-03-10 09:40

"Topaleku atsegina da Zuena Emakumeen Elkartea"

Elkarteak gaur, larunbata, ospatuko den emakumeen bazkaria antolatu du. Urtez urte hazten doan hitzordua da, emakumeak mahai batean inguruan biltzen dituena. Toñy Landa Zuena Emakumeen Elkarteko lehendakariak eman dizkigu xehetasunak.

Toñy Landa, eta atzean martxoaren 8ko pankarta Udaletxeko balkoian eskegita.

Zenbatek eman dute izena dagoeneko?

Laurogeitik gora. Geroz eta jendetsuagoa bilakatzen ari da, 2004an lehendabiziko aldiz antolatu zenetik. Martxoaren 8aren inguruan Andoainen errotu den ekitaldietako bat dela esan daiteke. Asteazkenean jarri genuen azken eguna, baina ez diegu ezetzik esango egoitzara ostirala bitarte ager daitezkeen bakan horiei. 35 euroren truke, bazkari ederraz gozatu ahal izango dugu Oianumen. Irekia da, edonork har dezake parte. Zuenako bazkideei, ohi denez, erdi prezioan aterako zaie. 

Zer moduzko giroa izaten da?

Primerakoa. Azken batean, elkartearen urteko bazkari ofiziala izaten da, elkartea osatzen dugun kideen topagunea. “Pausoz pauso” kalejiraren ondoren izaten da, eta giro bikaina sortzen da. Bazkalostean dantza saioa egiteko aukera dago. Egin kontu bazkarira doazen askok urtean zehar elkarteak antolatzen dituen dantza ikastaro ezberdinetan parte hartzen duela.

Zuenako kideak buru belarri ari zarete Martxoaren 8ko ekitaldi sortan.

Bai, ahal duguna egiten dugu. Antolaketa batzordean parte hartzen dugu, geure ekarpenak eginez; halaber, “Pausoz pauso” kalejiraren antolakuntzan zenbait ardura hartzen ditugu.

Zenbat emakume biltzen zarete Zuena Elkartean?

130 bazkide dauzka elkarteak, gaur egun. Makina bat ekimen (ikastaroak, bidaiak...) antolatu ohi ditugu urtean zehar. Ikastaroak denen gustukoak izan daitezen saiatzen gara: pilates, yoga, zumba, sebillanak, areto-dantzak, esku-lanak... Urtean 40 euroko kuota ordaindu behar izaten dute bazkideek, baina ordainean, ikastaroak erdi preziora jaisten zaizkie. Andoainen oraindik badira Zuena elkartea ezagutzen ez duten emakumeak, eta horiei geure egoitzara hurbiltzeko gonbidapen berezia egingo nieke. Extremadura kaleko 2 bisen gaude. Topaleku atsegina da Zuena.  

Ez al zaizu iruditzen berdintasunaren aldeko mezua inoiz ez bezala ari dela zabaltzen azken urteetan?

Bai. Gizartean, hedabideetan, politikan... bazen garaia! Dena den, berdintasun errealaren alde emakumezkoei bezainbat dagokie gizonezkoei ere lan egitea.

Iruzkina Idatzi

Captcha image