ANDOAIN 2018-03-10 09:16

Maialen Gurrutxaga, mendi lasterketatan murgilduta

Maialen Gurrutxagak (Donostia, 1985) herri lasterketetan irabaztea bezainbat daki zein zaila den uztartzea amatasuna eta goi mailako kirola

Piraguismoa utzi, eta korrika egiteari ekin zion duela zortzi urte

"

Nire buruarekin eta gorputzarekin borrokaldia eduki nuen lehen haurra jaio ostean. Haurdunaldi aurreko Maialen izan nahi, eta ezin” 

"

Etxean, bi seme txikiek “nork egin behar du lasterketa aste buru honetan?” galdetzen dute”

Aisa egiten duzu korrika. Ematen du betidanik egin izan duzula atletismoa.

Keba! Ni ez naiz gaztetan eskola kirolean aritutakoa. Nahiago izaten nuen nire kasa ibili; izatekotan ere, mendizaletasuna praktikatu genuen asko etxean gurasoekin.

Nolanahi ere, halako batean, 18 bat urte nituela, piragua ikastaro bat egitera animatu nintzen; gogoz hartu nion kirol horri, Atletico San Sebastian klubean. Ur bizietako lasterketetan jardun nuen, 25 urte bete arte. Taldekideen artean, Olinpiadetan Urrezko domina lortua duen Maialen Chourraut zegoen. Kirol konplikatu samarra da, baldintza bereziak eskatzen dituelako; entrenatzera Bidasoako ibaira, Frantziara edo Kataluniara joan behar izaten genuen, eta denbora asko kentzen zidan. Azkenean, aspertu, eta utzi egin nuen.

Nire bikotea den Oinatz ezagutu, eta duela zazpi-zortzi urte Andoainera bizitzera etorri nintzen. Orduan hasi nintzen korrika, denbora pasa gisa, anbizio askorik gabe.

 

Baina berehala ikasi zenuen zer zen herri lasterketak irabaztea…

Egiari zor, podiumak zapaltzea egokitu zitzaidan maiz, bai, baina irabazi, bakan batzuk baizik ez nituen irabazi. Piraguarekin diziplina gogorra bizitu nuen iraganean, astean seitan entrenamenduetara makurtu behar, erlojuaren eta pultsometroaren menpe bizi behar, bekak lortzeko halako markak egin behar… Bizimodu hori ez nuen inondik ere errepikatu nahi. Buruari gozamena eman nahi nion, ez zigorra. Korrika hasi nintzenean, nire buruari agindu nion ez nintzela lehiaren gurpilean berriro murgilduko. Baina baita zera ere! Agudo ohartu nintzen nire barruan jarraitzen zuela gizakiok berez daukagun lehiarako arrak. Azkenean, pixka bat kostata, baina lortu nuen hobbya izateari utzi gabe, kirol lehiaz gozatzea; eta ez hori bakarrik, baita zenbaitetan garaipenak eskuratzea ere. Ezin gehiago eskatu.

Laburra izan zen biziaro hura, baina oroitzapen politak gordetzen ditut. Noizean behin Aitziber Ibarbiarekin egokitzen nintzen; bera lehenbizi iristen zen helmugara, eta ni atzetik. Lagun onak egin ginen. Gero haurdunaldia heldu zitzaidan, eta eten egin behar izan nuen korrikalari ibilbidea.

 

Amatasuna eta kirola uztartu dituzu azken urteotan. Nola sentiarazi zaitu egoera berri horrek?

Unax, semea, orain ia sei urte eduki nuen, eta ondoren Inge etorri zen. Nire buruarekin eta gorputzarekin borrokaldia eduki nuen lehen haurra jaio ostean. Haurdunaldi aurreko Maialen izan nahi, eta ezin; ez nuen gozatzen, gorputzak ez zidan erantzuten lehen bezala. Azkenean, barneratu behar izan nuen garai hura pasa zela, gorputza aldatu zitzaidala. Zertan ote datzan sekretua? Ezer egotekotan ere, prozesu eta eboluzio pertsonalak, familiako zirkunstantziak… datozen bezala onartzean eta egoera berrira ahalik eta irekien moldatzean datza sekretua. 

 

Familia hazteko garaian, oraindik ere emakumeak zarete sakrifikatuenak gehienetan…

Hala da, baina geure eskuetan egon liteke hala ez izatea. Askotan, bikoteak garbi eduki behar ditu gauzak, eta egunerokoa ondo antolatzen jakin. Behin umeak ekartzen hasita, gure kasuan bezala, gauzak konplikatu egiten direla ez dago esan beharrik; baina saiatu gaitezke ardurak elkarbanatzen eta egunerokoa ondo planifikatzen, konplikazio hori arintze aldera.

Bion konpromisoa izan da haurrak mundura ekartzea, eta bioi dagokigun konpromisoa izan beharko du haurren heziketa eta bestearen aisialdia errespetatzea. Gure kasuan, Oinatz eta biok korrikalariak gara, eta txandaka ibiltzea dagokigu, baldin eta geure hobbya praktikatzen jarraitu nahi badugu. Ez dago besterik. Dena esaten hasita, bi aldetako aitona-amonek laguntzen digute umeekin, eta horrek ere errazten digu dena, noski. 

Etxean, bi seme txikiek “nork egin behar du lasterketa asteburu honetan?” galdetzen dute. Ez dute bereizten aitaren eta amaren artean. Alor horretan ere berdintasunean hezi ditugu, baina ohartzen naiz oraindik ere ez dela ohikoena, zoritxarrez. 


Orain berriro lasterketen dinamikari eutsi diozu…

Bai, eta oso momentu gozoa bizitzen ari naiz. Ez da denbora asko gauetan ondo lo egiten hasi naizela, eta bi umeekin gozatzen ari naiz. Badakit iraganeko Maialen ez dela itzuliko, baina berriro lehengo sentsazioak sentitzen hasi naizela iruditzen zait, eta hemendik  aurrera datorrena, ondo etorria izan bedi. 

Nire buruari galdetzen diot ea prest nagoen iraganeko sakrifizioak jasateko, eta ezezkoa da erantzuna. Lehen egiten nuenaren zati bat egiten dut orain, eta pozik nago dedikazio horrek ematen didan errendimenduarekin.

 

Mendiko lasterketei heldu diezu azken aldian…

Asfaltoan aritu nintzen urte batzuetan, harik eta behin, Goiburun Malkar krosa probatu nuen arte. Gustua hartu nion malkarrei aurre egiteari. Paisaia naturaletan eta harri eta harkaitz artean ibiltzeak ez dauka parekorik. Igoerak sufrimendua dakar gehienetan, baina gero datorkizun jaitsierak konpentsatzen dizu goiz horretan egiten ari zaren sakrifizio guztia. Izan ere, gozatu egiten dut jaitsieratan. Sentsazio hori asfaltoak ez dit eskaintzen. 

 

Une honetan ba al duzu lasterketaren bat buruan?

Talaia Bidean (Donostia-Hondarribia, 30,8 km) dauzkat jarrita begiak. Martxoaren 25ean da, eta Ulia eta Jaizkibelgo natur-guneetan barrena doan lasterketa da. Ez ditu malkar handiak baina gorabeheratsua da. Fundamentuz egiteko erronkari heldu diot, eta distantzia luzeak lantzen ari naiz azken asteotan. 

 

Azken aldian hazten ari da emakume lasterkarien kopurua…

Andoainera etorri nintzenetik hona, gero eta emakume gehiago ikusten ditut asfaltoan zein mendian, bakarka edo taldean. Poztu egiten naiz emakume bat aurreneko aldiz korrika ikusten dudanean. Bat gehiago, esaten dut nire artean. Gainera, oso interesgarria iruditzen zait orain zabaltzen ari den joera, korrika taldean egiteko hitzorduak jartzea, alegia. Nahiz eta oraindik emakumeak askoz ere gutxiago izan lasterketetan, goraka doa emakumeen kopurua poliki-poliki. Iritsiko da eguna oraindik geurekin ditugun lotsak eta beldurrak uxatuko direna, eta normalizatuko dena parte hartzea, gizonen pare iritsi arte akaso. Nik uste emakume asko ohartzen ari direla korrika izan litekeela kirolik idealena praktikatzeko, konpromisoz eta arduraz beteriko bizimodu moderno honetan. Beste muturreko kirola ezagutu izan dut iraganean, eta badakit zertaz ari naizen. Ordu erdi edo ordu bete libratu, eta kirol-oinetakoak janztea besterik ez da egin behar; badakizu zenbateko luxua den hori? Gainera, leku pribilegiatu batean bizi gara Andoainen: asfalto lauak edozein norabidetan, mendi eta natur bideak nonahi, Leitzarango bailara…

Iruzkina Idatzi

Captcha image