ANDOAIN 2018-04-12 11:18

“Konpondu gabeko traumek arrastoa uzten dute”

Konstelazio familiarrei buruzko bi jardunaldi antolatu dituzte astebururako. Konstelazio familiarretan bitartekari den Marta Delgadok eman digu guztiaren berri.

 

Marta Delgado, Arteta kalean duen egoitzaren atarian.

Konstelazio familiarrak Bert Hellinger psikoanalista alemaniarrak sortutako metodo terapeutikoa da. Terapia hori lantzen dutenen arabera, konpondu gabeko esperientzia traumatikoek arrastoa uzten dute, ez bakarrik gertatu den belaunaldian, baizik eta ondorengoetan ere. Iraganeko arrasto horiek egungo errealitatea eraldatzen dute. Pertsona bizi da bere orainaldian, egoera zaila maiz errepikatuko balitz bezala, eta ez da jabetzen bera dela egoera errepikatzen laguntzen duena. Jardunaldiak antolatu dituzte, Andoainen.

Afitxatan ikusi izan dugu adiera ez hain ezagun hori: Konstelazio familiarrak.
Konstelazio familiarrak ezagutarazteko bi jardunaldi egingo ditugu asteburuan.

Ikastaro modukoa dela esan daiteke?
Bai. Larunbatean “Bizi eta elkarrekin bizi. Gatazkak kudeatzeko baliabideak” izeneko ikastaroa burutuko dugu. Arlo ezberdinetako profesionalei bideratutako prestakuntza da, norberaren gatazkak eta besteenak ezagutu eta identifikatze aldera. Lehen jardunaldi horretan prestakuntza programa teoriko-praktikoa garatuko da, eta horretarako konstelazio familiar berrien filosofia eta metodologia hartuko dira kontuan.

Zertarako, zehazki?
Norberaren gatazkak eta besteenak identifikatzeko, eta kudeatzeko gaitasuna garatzeko. 2017ko urrian abian jarri ginenetik, gatazkak identifikatzea eta horietan esku hartzea lantzen ari gara. Landu ditugun hainbat gai emozioekin eta bizipen traumatikoekin dute zerikusia; besteak beste, gurasoen eta seme alaben arteko harremanak, erresistentziak, loturak, bikotea eta lan munduko giroa.

Igandeko saioan kasuan kasuko egoerak aztertu nahi dituzue.

Konstelazio familiarren tailer irekia izango da, egoera zailen bat konpontzeko premia daukaten pertsonei bideratuta. Hots, arazoak gizarte eta laneko harremanetan, maitasunean, familian, osasunean... Tailerra 10:00etatik 14:00etara egingo da, Arteta kalea 1 atzealdean kokatzen den egoitzan (667 931 201).

Bulegoan bertan honako zerbitzuak eskaintzen ditut: aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua, gatazken kudeaketan laguntza, prestakuntza tailerrak eta konstelazio familiarrak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image