ANDOAIN 2018-04-13 08:07

Gautena, autismoa duten pertsonak eta familiak zainduz

Jimmy Brosa andoaindarra Gautena elkarteko familien arretarako zerbitzuaren arduraduna da. Autismoaren eta elkartearen inguruan aritu da solasean

Jimmy Brosa andoaindarra, Gautenako lehendakaria

Egia da hau dena ondo bideratzeko baliabideak behar direla, baina autismoa duten pertsonek gizarte honetan badute bere lekua

Gure lana inguruan ikusten ditugun beharrei erantzuna
ematea da

Gure formakuntzetara etortzen diren irakasleei beti esaten diet zorte bat dela gelan autismoa duen haur bat izatea

Nola deskribatuko zenuke Gautenak egiten duen lana?

Gautena orain dela 40 urte sortu zen guraso elkartea da. Guraso batzuk beraien seme-alaben behar ezberdinak ikusirik elkartu eta autismodun familien erakundea sortzea erabaki zuten.

Gainera, elkartea sortu bezain laster, beraien haurrek profesionalen laguntza behar zutela ohartu ziren eta honekin batera, Gautena bi zati ezberdinetan banatzea erabaki zuten. Alde batetik familiak batzen ditu Gautenak, eta bestetik profesionalak.

Gur egun 215 langile ditu Gautenak eta 800 bat pertsona eta familia laguntzen ditu Gipuzkoa osoan zehar. Hauetatik 25 andoaindarrak dira.

Zuen zerbitzuak erabiltzen dituen jende dezente dago beraz…

Bai asko. Gainera, badago momenturen batean gurekin egon den, eta jadanik gure laguntzarik behar ez duen pertsona multzo bat ere. Dagoeneko bere bizitza egiten ari diren pertsonak dira.

Zenbat egoitza dituzue gure eskualdean?

Buruntzaldea inguruan, Andoainen bi gela egonkor ditugu, bata La Salle berrozpe ikastetxean eta bestea Ondarretan ikastetxean. Gela egonkor horietan, ikasle bakoitzari behar duen laguntza eta berari egokitutako baliabideak eskaintzen zaizkio, baina badira baliabide guztiak jarrita ere ezarritako prozesu horretaz baliatzen ez diren ikasleak. Hau normalean ikasleak behar ezberdinak dituelako gertatzen da eta hori da gela egonkorrek duten helburua. Gela egonkorrak, ingurune normalizatuan dauden hezkuntza espezializatuak izango lirateke.

Hernanin Inmakulada ikastetxean ere badugu beste gela egonkor bat. Helduei dagokienez, beraientzat egokitutako bi etxebizitza ditugu Urnietan. Etxebizitza bakoitzean zazpi pertsona bizi dira eta nahiz eta beraien familiekin harremana mantentzen duten eta oporraldiak zein asteburuak beraiekin pasatzen dituzten, bertan egiten dute bizimodua.

Horrez gain, udan Andoainen udaleku irekiak ere antolatzen ditugu eta autismoa duten haurrak edota behar bereziak dituztenak joaten dira bertara.

Autismoa dutenez gain beste behar bereziko pertsonak ere artatzen dituzue, beraz?

Bai, gure espezialitatea autismoa bada ere, Gipuzkoa oso txikia da eta behar batzuei aurre egiteko baliabide bat aurrera eramaten duzunean, erraza da behar antzekoak dituzten beste pertsonak ere aurkitzea.

Gautenak kudeatzen dituen zerbitzu eta programa guztiak administrazioarekin duen hitzarmen baten bitartez egiten dira eta, gu erakunde pribatu bat bagara ere, edozein pertsonari eskaintzen diogun laguntza administraziotik bideratua izan behar du. Hau da, familia bat zuzenean gugana etortzen bada ezin dugu pertsona edo famili hori gure ekintzetan txertatu, aurrez administrazioak markatzen dituen pauso guztiak bete ez baditu.

Herritarren laguntza ere eskatzen duzue bolondresekin ezta?

Bai, bolondresak ere baditugu. Egia da autismoa duten pertsona askok bizitza normalizatua egin dezaketela baina badira behar handiagoak dituzten pertsonak ere. Hau horrela, behar handiagoak dituzten pertsonei laguntza espezializatuagoa eman behar zaie eta hor sartzen dira gurekin lan egiten duten profesionalak. Bolondresen laguntza oso lagungarri egiten zaigu noski, baina gure ekintzetan profesionalek duten esku-hartzea ere ezinbestekoa izaten da.

Zein leku hartzen du Gautenak gizartean?

Autismoa duten pertsonek onura ekartzen dutela esango nuke. Gure formakuntzetara etortzen diren irakasleei beti esaten diet zorte bat dela gelan autismoa duen haur bat izatea. Batez ere horrek ingurua haurraren beharretara egokitzera eramaten zaituelako eta hori, beste haurrentzat ere aberasgarria izan daiteke. Modu horretan, haurrek harremanak ulertzeko beste modu bat ere ikasten dute.

Egia da hau dena ondo bideratzeko baliabideak behar direla, baina autismoa duten pertsonek gizarte honetan badute bere lekua. Gainera, garrantzitsua da familian autismo kasurik ez dugun familiek ere autismoa duten pertsonak normaltasunez hartzea.

Apirilaren 2an, autismoaren sentsibilizaziorako nazioarteko eguna ospatzen da eta horrekin lotuta, munduko eraikin desberdinak urdinez pizteko ekimena jarri da martxan. Nola hartu duzue zuek parte?

Aurten lehen aldiz Andoaingo udaletxea urdinez argiztatu dute. Andoaingo familia bat udalera gerturatu eta proposamena luzatu zuen. Udalak proposamena onartu, eta udaletxea argi urdinez argiztatu dute astebetez.

Horretaz gain, azkeneko lau urte hauetan Urdinduz izeneko ibilbide solidario bat antolatzen ibili gara. Aurten, maiatzaren 20an Donostian egingo dugu ibilbidea; Haizearen Orrazitik hasi eta Alderdi Ederreraino joango gara. Ekintza hauek antolatzearen helburua autismoa duten pertsonak eta euren familiak babestuak sentitzea da.

Nolakoa izaten da jendearen parte-hartzea orain arte antolatutako ekintzatan?

Normalean ekintzek erantzun ona izaten dute, baina egia da jendearen parte-hartze maila asko aldatzen dela ekintzak antolatzen ditugun lekuaren arabera. Azpimarratu beharra dago jendeak horrelako momentuak aprobetxatzen dituela gaiaren inguruan gehiago informatu eta zalantzak argitzeko. Horixe baita Gautenaren helburuetako bat, sentsibilizazioa.

Aurrera begira buruan duzuen beste ekintzarik?

Aurten eta igande honetan bigarren aldiz egin dugu Butaka Urdina izeneko ekitaldia. Bertan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat egokitutako zinema emanaldia eskaintzen dugu. Bai bolumenaren maila egoki bat ipiniz eta baita zinea guztiz ilunpetan egon beharrean argiren bat ipiniz.

Hilabete bakoitzaren azken ingandean egingo dugu ekintza hori, SARE enpresaren laguntzarekin. Egokitutako zinemaz gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren guztiek. Azken finean, gure lana hori da, inguruan ikusten ditugun beharrei erantzuna ematea.


Autismoa gogoan, udaletxea urdin


Autismoaren sentsibilizaziorako nazioarteko eguna ospatu zen apirilaren 2an. Horrekin lotuta, eraikin ezberdinak kolore urdinez argiztatzeko ekimena antolatzen da mundu mailan. Autismoa duten pertsonak eta haien familiak izaten dituzte gogoan modu horretan.

Andoainen, Gautenaren zerbitzua erabiltzen duten 25 familia daude. Haiek gogoan hartuta, herriko udaletxea kolore urdinez argiztatu zuten apirilaren 2tik hasita, astebetez. Herriko familia batek helarazitako eskaerari erantzun zion horrela Udalak.

Autismoari buruzko, edo eskura dauden baliabideen inguruko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Gautena erakundearekin harremanetan jartzeko aukera zabalik dago: apoyofamilias@gautena.org emaila erabiliz

Iruzkina Idatzi

Captcha image