ANDOAIN 2018-04-13 11:13

Oroimen historikoarekin hitzordua Alfaro parkean

"Oroituz, Andoainen'" herri ekimenak Frankismo garaiko biktimak gogoan hartuko ditu, eguerdirako deitu duen ekitaldian. Aurtengo gonbidatu berezia "Martxoak 3" Gasteizko ekimena izango da.

Musika Banda Errepublikanoa, artxiboko irudian.

Gasteizko 1976ko gertakizun lazgarriek protagonismo berezia hartuko dute aurten frankismoak Andoainen eragin zituen zapalduei eskainiko zaien omenaldi ekitaldian. Poliziak eraildako bost langileak gogoan izango dituzte, eta horretarako, ekitaldian zehar gertaera haien harira justizia eskatzen ari den Martxoak 3 elkarteko kideek hartuko dute hitza.

“Campanades a morts”, Banda Errepublikanoaren eskutik
Bestalde, Musika Banda Errepublikanoak, borroka eta erresistentzia kutsuko kantez osatutako emanaldia eskainiko du, besteak beste, “Campanades a morts” abestia interpretatuz. Lluis Llach abeslariak Gasteizko gertakizunekin hunkituta osatu zuen abesti ospetsu hori.

Llachen abesti horrez gain, ekitaldira bertaratzen direnek beste hainbat abesti entzun ahal izango dituzte. Besteak beste, "A las barricadas", "Ekaitza", "Justizia denontzat" eta "Hijos del pueblo". Ohi bezala, ekitaldia Etxeberrietako Alfaro parkean egingo dute, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Iruzkina Idatzi

Captcha image