ANDOAIN 2018-04-15 11:29

Tindouffeko haurrak udan Andoainera ekartzeko deialdia

Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuen lansailak apirilaren 23ra bitarte zabaldu du deialdia.

Udan Sahara aldeko haurrak herrian zehar ikustea ohikoa da.

Andoaingo Udalak, beste urte batez, Hurria-Sahara elkartearen lankidetzarekin batera martxan jarri du Oporrak Bakean elkartasun programa. Ekimen honen helburua gazte sahararrak bizi dituzten baldintza zailetatik atera, eta udan opor duin batzuk igarotzea da. Udalak deialdi berezia egin die Andoaingo familiei, “zure familiak esperientzia aberasgarri honetan parte-hartzeko prestutasuna adierazi nahi badu, jakin ezazu haur guztien bidaia kostua Udalak bere gain hartzen duela. Gainera, hona datozen haur guztiek mediku asegurua eta hortz asegurua ere izango dute. Hori guztiaz gain, Udalak Uda programaren laguntzarekin, goiz guztietan zehar herriko kiroldegian haurrentzako ekintza ezberdinak ere antolatuko ditu. Ekintza horietan dohainik parte hartzeko aukera izango dute”.

Udako oporraldia 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat
Andoainera iritsiko diren gaztetxoak Tindouffeko errefuxiatuen kanpalekuan bizi diren 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dira. Han udan 50 graduko tenperaturak jasan behar izaten dituzte, tenperatura altu horiekin kalera ateratzeko zailtasun handiekin. Beste aukera bat eskaini nahi zaie haurrei: “Haurrei herriko inguruak, hondartzak eta herriko beste gaztetxoekin jolasteko aukera eman nahi diegu”.

Informazio osoa Udaleko Gizarte Zerbitzuen lansailean
Oporrak Bakean elkartasun programari buruzko informazio osoa Andoaingo Gizarte Zerbitzuetan eskuragarri dago. 943 304 343 telefono zenbakira deituta ere, argibide guztiak eskaintzeko prest daude. Izen ematea apirilaren 23a baino lehen egin behar da.

Iruzkina Idatzi

Captcha image