ANDOAIN 2018-05-11 20:26

Ainhoa Ozaetari babesa adierazteko agerraldia

Senideak, lagunak, lankideak eta zenbait herritarrak bildu dira Ainhoa Ozaetari babesa adierazteko. Hile honetan 10 urte beteko ditu espetxean. Maiatzean zehar ekimen ezberdinak antolatu dituzte, eta andoaindarrei horietan parte-hartzeko deia luzatu diete.

[Bideoa]

Adierazpena:

2008. urteko maiatzaren 20an atxilotu zuten Ozaeta Bordelen, beste hiru kiderekin batera. Komisaldegian lau eguneko atxiloaldia igaro ondoren, Paris inguruko Cleuriko espetxera bidali zuten; Andoaindik 930 kilometrotara.

8 urte eta erdi Cleuriko espetxean igaro ondoren, 2016ko abuztuan Reora bidali zuten. Paris inguruan aurkitzen da espetxe hori, Andoaindik 950 kilometrotara. Ainhoa 22 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuten. Hilabete honetan 10 urte beteko ditu espetxean.

Azpimarratzekoa da 10 urte hauetan zigor gisa oso urrun mantendu dutela, nahiz eta berak askotan eskatu izan duen Euskal Herritik gertuen dagoen espetxera ekartzeko.

Ainhoa gure artean nahi dugu. Senideok, lagunok, lankideok... gure artean nahi dugu. Urrun daukate. Urrunegi. Herrian behar dugu. Asierrekin batera gainerako presoek Euskal Herrian, kalean behar duten bezalaxe.

Horregatik, Andoainen nahi dugulako, hemen bilduta prestatu dugun ekimen sorta aurkeztu nahi dugu. Lehenengoa hilaren 22an, emakumeak eta kartzela gai hartuta hitzaldia emango dute Ainhoarekin preso egon ziren Ane Miren Alberdik eta Ekhiñe Eizaguirrek. Hitzaldia Irunberri Elkartean izango da 19:30etan. Bigarren ekitaldia hilaren 26an izango da. Giza katea egingo dugu Basterotik Zumeara eguerdian.

Maiatzean zehar Andoaingo hainbat hormetan presoen inguruko mezuak itsatsiko ditugu. Amaitzeko esan nahi dugu garai berria zabaldu dela Euskal Herrian, eta gogorarazi nahi dugu asko sufritu dela Andoainen. Gainera, esan behar dugu behin betiko bakea lortzeko lana dagoela oraindik, eta zeregin horretan pertsona guztiak direla beharrezkoak, baita Ainhoa eta Asier ere.

Uste dugu nahikoa dela, badela garaia. Horregatik Ainhoari eta senideei gure maitasun eta elkartasun beroena adierazteaz gain, dei egiten diegu andoaindarrei ekimenetan parte har dezaten.

Mila esker. Ainhoa Gure artean nahi dugu!

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image