ANDOAIN 2018-05-12 10:49

Ingelesez bertakoek bezala egiteko gai diren andoaindarrak

Ingeles maila bikaina dutela erakutsi dute Naroa Alijostes eta Eguzkiñe Martinez gazte andoaindarrek. Proficiency titulua eskuratu berri dute biek

Certificate of Proficiency

Cambridge-eko azterketek eskaintzen duten maila gorena da. Europako hizkuntzen erreferentzian, C-2 maila izango litzatekeena. Ingelesez, bertako batek bezala komunikatzeko gaitasuna erakusten dutenek soilik jasotzen dute.

Azterketak lau zati ditu

Reading eta Use of English: Bi froga hauek batera egiten dira eta hautagaiak erabaki dezake zenbat denbora eskaini bakoitzari. Nolanahi ere, froga bakoitzak azken notaren %20ko balioa du. Reading-ak irakurketaren ulermen maila neurtzen du, testu ezberdinak erabiliz. Use of English frogan gramatika eta hiztegi maila neurtzen dira. Ordu eta erdiko iraupena du zati honek.

Writing: Gai zehatz batzuen inguruko bi testu idatzi behar dira, ordu eta erdian.

Listening: Entzundako grabaketa baten inguruko galderak erantzun behar dira. Elkarrizketa, irratsaioa, etab. izan daiteke. 40 minutu inguru irauten du.

Speaking: Bi hautagai aritzen dira, aztertzaile baten aurrean. Beste hautagaiarekin edo aztertzailearekin hitz egin behar dute, edo gai jakin baten inguruan hizketan aritu. 19 minutuz luzatzen da.

Froga bakoitzak %20ko pisua du.

Ez da beharrezkoa froga guztiak gainditzea, baldin media orokorra gaindituta badago

Noiz hasi zineten ingelesa ikasten?

Eguzkiñe Martinez: Ni bost urterekin hasi nintzen “The Tolkien Centre” akademian. Egia da txikitan ingelesari ez niola arreta gehiegirik jartzen baina denborarekin interesa hartzen joan nintzen,  eta gaur arte.

Naroa Alijostes: Ni akademian nagusia nintzela hasi nintzen. Aurrez ere pelikulak eta serieak bertsio originalean ikustea gustatzen zitzaidan. Irakasleek ingelesean nahiko ona nintzela esan zidaten eta akademian izena ematera animatu nintzen.

Txikitatik gustatzen zitzaizuen ingelesa, ala akademian sortu zitzaizuen zaletasuna?

E.M.: Nik uste dut akademiak eta Youtubek izan dutela eragina nigan. Azken finean Youtuben dauden bideo gehienak ingelesez dira, eta akademian ikasitakoak hauek ulertzen laguntzen zidan. Horrek aurrera egiteko gogoa piztu zidan. Horrez gain, oporretara  atzerrira joaten nintzenean, ingelesez komunikatzeko gai nintzela ikusteak ere animatu egin ninduen.

N.A.: Niri ere antzeko zerbait pasa zitzaidan. Interneten aurki dezakegun informazio gehiena ingelesez dago. Ingelesez bilatzen nituen dokumentuak eta bideoak geroz eta gehiago ulertzen nituen, eta horrek gehiago ikasi nahi izatera eramaten ninduen.

Zer da ingelesa orain zuen bizitzan?

E.M.: Nik akademiara etortzen jarraitzen dut, baina, ikasketak direla eta, pixka bat alde batera uztea erabaki dut. Hori bai, udan oso erabilgarria ikusten dut ingelesezko udalekuetara joateko, eta baita oporretarako edota egingo ditudan beste bidaietarako ere.

N.A.: Ni irakasle izateko CELTA titulua ateratzen saiatuko naiz eta horretaz gain auzolandegietara joaten jarraitzeko asmoa ere badut.

Zer izan da zuentzat Proficiency mailako azterketa gainditzea?

E.M.:  Niretzat ikaragarria izan da.

N.A.: Lortu genuela ikustean, pisu handia kendu nuen gainetik. Aurrerantzean ingelesa erabiliko badugu ere, ez dugu azterketan gertatu bezala test moduan edota idazlan moduan erabiliko.

E.M.:Akademiatik hiru pertsona aurkeztu ginen baina Naroak eta biok lortu genuen gainditzea. Egia da, niri azterketa ofiziala, akademian egin genituen azterketak baino askoz ere zailagoa iruditu zitzaidala. Entzumenezko zatia batez ere .

N.A.: Ni, gainera, oso urduri joan nintzen azterketara. Lehenengo zatian zorabiatu ere egin nintzen. Ez dakit nola egin nuen, baina gainditzea lortu nuen.

Orain, azterketa gaindituta, kartelak eta guzti jarri dizkizuete akademian, ezta?

E.M.: Bai, ze lotsa. Gainditzeagatik bakarrik bonboiak ere oparitu zizkiguten.

Kanpora joan zarete noizbait ingelesa ikastera?

N.A.: Bai, nik egonaldi ezberdinak egin izan ditut ingelesez hitz egiten zuten familiekin. Gehienbat, ordea,  auzolandegietan ibili izan naiz.

E.M.: Ni orain dela bi uda Zelanda Berrira joan nintzen akademiako irakaslearekin. Bere jaioterria da Zelanda Berria eta hara joateko bidaiak antolatzen ditu. Horrez gain, ikastolarekin ere astebeteko elkartrukeren bat egin izan dut.

Ezagutzen duzue zuen adinean horrelako titulurik duen beste inor?

E.M.: Bai nik nire adin bereko neska beasaindar bat ezagutzen dut. Medikuntza ikasten ari da eta udan gainditu zuen azterketa.

N.A.: Nik ez dut beste inor ezagutzen. Hala ere,  gu baino gazteagoren batek eskuratu izan duela entzun izan dut noizbait.

Titulua lortu zenutenean, zer esan zuten ingurukoek?

E.M.: Denek pozik hartu zuten albistea. Unibertsitateko irakasle batek ere zoriondu egin ninduen. Lagun bati gainditu nuela esaten entzun zidan eta horrela jakin zuen berria. Irakasle hark ez omen zuen Proficiency mailako azterketa gainditu zuen beste inor ezagutzen eta zorionak eman zizkidan lortu nuelako.

Zer esango zenieke orain ingelesa ikasten ari diren gaztetxoei?

N.A.: Nik ingelesarekin erraztasuna duen jendeari ikasteari ez uzteko esango nioke. Oso urruti ikusten da Proficiency mailara iristea, baina behin hasiz gero, eta tituluak ateratzen hasita, merezi du aurrera jarraitzeak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image