ANDOAIN 2018-05-17 09:49

Alberto Letamendi artegilearen erakusketa ikusgai

"Loturak vs Lokarriak" izenburuko erakusketa irekita dago Basteron ekainaren 2ra bitarte.

[Argazkiak]

Letamendi Basteroko erakusketaren irekiera ekitaldian.

Alberto Letamendi Ordiziako artistak ikuspuntu gogoetazale eta kritiko batetik gerturatu nahi izaten du mundura. Bere lanetan islatzen da jarrera hori.

Kafkaren eta Orwellen eragina
Basteron ikusgai jarri dituen artelanetan nabaria da Franz Kafka eta George Orwell idazleek berarengan daukaten eragina. Inaugurazio ekitaldian adierazi zuen bezala “erakusketaren izenburuak dualismoa agertzen du. Nire asmoa bi idazleen obren mezuak lotzea izan da. Batetik, barruko lokarriak dauzkagu, Kafkaren obra irakurtzean zer sentitzen dugun, zerk kezkatzen gaituen, geure barruan zer bilatzera bultzatzen gaituen. Bestetik, kanpoko lotura dago, Orwellek 1984 obran sortu zuen Big Brother edo Anai Handia pertsonaje orojakilea, lurtar guztiok kontrolatzen gaituena”.

Erakusketan zehar Al Jauna izeneko pertsonajeak eragiten du berebiziko arreta, beste artelanen artetik. Bere ametsak, bizi dituen metamorfosi prozesuak eta beste zenbait egoera irudikatzen dira. “Ispiluari begira azaltzen da, esate batera; kezkati dago, bere egoera zein den jakin nahi du, eta bere alter egoa topatu nahian dabil”.

Gizaki anonimoak ere nonahi topa daitezke. “Gizartea horrela irudikatzen dut goitik begiratuta. Jendea han eta hemen, manipulatua; azken batean, hor gaude denok, kontrolpean”.

Letamendik teknika ezberdinak erabiltzen ditu. Materialari dagokionez ere, oso jarrera irekia dauka; besteak beste, berunari, burniari, hormigoiari, oihalari... heltzen dio.

Honako ordutegia dauka: astelehenetik ostiralera 18:00-20:00, eta larunbatetan 10:30-13:30 eta 18:00-20:30.

Iruzkina Idatzi

Captcha image