ANDOAINGO SANJUANAK 2018 2018-06-30 09:32

Bertsolari gazteak gai-jartzaile

Oihana Iguaran, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Sustrai Kolina eta Maialen Lujanbiok osatutako seikoteak bertso saio polita eskaini zuen San Juan egunean, Ion Beloki gai-jartzailearen agindutara.
 

Saioan zehar Punttuka bertso eskolako lau gaztetxok Iguarani, Mendiluzeri eta Kolinari puntuak jarri zizkieten. Guztien artetik, hona lau puntu eta lau erantzun:

Julen Gaztañaga:
Zuretzako bertsoa
aisi edo lana?

Oihana Iguaran:
Nahiz sarri nekatuta
heldu zuengana,
nahiz ta albora utzi
kuadrilaren plana,
zuekin kantatuta
aldatzen da dana.

Iñaki Lopez de Muniain:
Sorabilla aldean
ikusten zaitugu

Aitor Mendiluze:
Bai, amak estalpea
han bertan hartu du.
Beraz, handik pasako
garela seguru,
amak beso zabalik
hartzen baikaitu gu.

Eneko Uria:
Bazkaria kentzera
joaten al zera?

Aitor Mendiluze:
Seme gehienen gisa
gutxi gora bera,
eta jakin joango
naizela atzera,
prestatzen jardun gabe
bapo bazkaltzera.

Eneko Rubio:
Andoainen etxe bat
jarriko dizugu.

Sustrai Colina:
Ta horren motibua
ez nago seguru.
Nahiz ta urtean egin
bi saio inguru
emandako guztiak
hartu ohi ditugu.

Iruzkina Idatzi

Captcha image