ANDOAIN 2018-07-07 11:39

Agur esan du Lorratzak musika taldeak

Maddi Etxeberria, Garazi Jauregi, Malen Otxoa eta Rebeka Gestoso musikariek agur esan zioten elkarrekin egindako urtetako ibilbideari, joan zen ekainaren 28an Olagainen eskaini zuten emanaldiarekin.

Maddi Etxeberria, Garazi Jauregi, Rebeka Gestoso eta Malen Otxoa Lorratzak taldeko kideak.

Dakiten bezala agur esan zuten, kantatuz. Eta horretarako etxekoen eta jarraitzaileen babesa eduki zuten Olagain musika eskolan eskaini zuten kontzertu berezian. Emozioz beterikoa izan zen. Beren uztako kantak euskal musikarien (Petti, Ordorika, Lertxundi...) kanten bertsioekin nahastu zituzten, entzuleek denbora askoan gogoan izango duten kontzertua osatuz.

Taldearen agurreko mezua, emanaldiaren biharamunean
"2013ko apirilaren 24tik, 2018ko ekainaren 28ra. Asko ikasi dugu taldearekin; asko elkarrengandik, asko bidean gurutzatu ditugun pertsona horiengandik. Pozik amaitu dugu; maitatuak sentitu gara. Agur kontzertuaren aurretik, azken orduko aldaketak medio, ez geunden eroso; urduri sentitzeaz gain. Publikoa sartzen ikusi genuenean, bihotzak bere tokitik irten behar zuela uste genuen; ez genuen inolaz ere hainbeste jende espero! Kontzertua zoragarria izan zen; musika sentitu genuen. Beraz, milesker, bidelagun; Lorratzak taldearen existentzian zure hondar aletxoa jarri izanagatik.
Milesker, munduan den hondartza erraldoi honetan, gure lorratzak egiten lagundu diguzuenoi".

Iruzkina Idatzi

Captcha image