KARRIKAKO JAIAK 2018 2018-07-12 12:03

Karrika jaietan murgiltzear da

Ostiral arratsaldean hasi eta igandera bitarte Karrika auzoa jaietan murgilduko da. Zunba eta play-back saioak auzotar askoren gogokoak izaten dira, baita hitzordu gastronomikoak ere: Sardin jana, sagardo dastaketa eta paella jatea iragarri dituzte.

Auzoko danborrada gaueko 22:00etan abiatuko da, larunbatean. Lehenago helduek afaria egingo dute Karrika Elkartean.

Egitaraua

Uztailak 13, ostirala
19:00 Txupinazoa.
20:30 Sardin jana eta pintxoak.
22:30 Rock jaialdia: Pangea, WC Groves, Storm.

Uztailak 14, larunbata
10:00 Futbol txapelketa, haurrentzat.
11:00 Zumbalokura, erakustaldia.
12:00 Sagardo dastaketa.
12:30 Puzgarriak, apar festa.
16:00 Mus txapelketa.
16:30 Puzgarriak, apar festa.
20:00 Danborradaren afaria.
22:00 Danborrada auzoan barrena.
23:30 DJ Tristan. Pepino lehiaketa.

Uztailak 15, igandea
11:30 Meza Sorabillako elizan.
12:00     Marrazki lehiaketa.
12:00     Paella lehiaketa eta dastaketa.
12:30    Patata tortilla lehiaketa eta dastaketa.
18:30    Play back saioa.
19:30     Jumping, Zumba eta Kangoo.
20:30    Dantzaldia: DJ Tristan.
23:00    Azken traka eta jaien amaiera, "Pobre de mi"rekin.

Igande eguerdian Karrika auzoan bertan bazkaltzeko aukera dago. Merke, gainera. Euro eta berrogeita hamar zentimoren truke paella dastatzeko aukera izango baita. Paella handiena Jai batzordeak egingo du. Ana Isabel Gaspar jai batzordeko kideak Aiurriri azaldu dionez, eskaera guztiari erantzuteko paella egiteko ontzi handiagoa erosi behar izan dute: "Auzo bazkaria egin ordez, Karrikan paella jatea antolatzen dugu. Eta auzotar ugari elkartzen gara. Geroz eta gehiago, gainera. Hori dela eta, aurten 80 razio egiteko ontzia erosi dugu. Paella handi horrez gain, lehiaketara aurkezten diren 10-12 paella horiek ere auzotarrei eskainiko dizkiegu". Zer esanik ez dago jateko ez ezik parte hartzeko aukera izango dela. Antolatzaileak lehiakide bakoitzari oinarrizko osagaiak eskainiko dizkio: arroza, tipula, piperrak eta oilaskoa. Hortik aurrera, lehiakide bakoitzari egokiena iruditzen zaiona.

Ordu beretsuan, igandean ere, patata tortila lehiaketa antolatu dute eta bertatik ateratako pintxo guztiak jai girora hurbiltzen direnei dohainik eskainiko zaizkie. Esan bezala, igande eguerdian Karrikan bertan merke eta on bazkaltzeko aukera dago.

Zunba, play back saioa eta haur-jolas berriak
Igande arratsaldeko dantza eta antzerki saioak aski ezagunak dira Andoain osoan. Jaietako azken eguna borobila izango da.

Larunbata aproposa izango da Andoaingo haurrentzat. Antolatzaileek iragarri dutenez, jolas berriak ekarriko dituzte. Besteak beste, ohe elastikoak.

Musikari dagokionez, ostiral gauean rock jaialdia iragarrita dago bertako eta kanpoko taldeen parte hartzearekin.

Hiru hitzordu, askoren artean

Sardin jana: txorixo egosia eta pintxoak iragarri badituzte ere, jaien hasierako sardin janak auzotar asko jai gunera erakartzen ditu. Iluntzeko 20:30ean hasiko dira sardinak banatzen, eta gaueko 22:30ean rock kontzertuaren txanda iritsiko da.

Paella lehiaketa: "Karrikako masterchef-a aukeratuko dugu", adierazi dute jai egitarauan. Antolaketak oinarrizko osagaiak eskainiko dizkie lehiakideei. Hots, arroza, tipula, piperrak eta oilaskoa. Lehiaketa igandean hasiko da, eguerdiko 12:00tan.

Mus txapelketa: Egitarauean nahasmena sortu da egunarekin, eta azkenean Jai batzordeak larunbatean antolatuko du mus txapelketa. 16:00tan hasiko da, eta bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Sariak daude lehen lau sailkatuentzat.

Iruzkina Idatzi

Captcha image