ANDOAIN 2018-08-10 08:27

“Oilasko bilketarena egun berezia izaten da”

Mikel Jauregi gaztea, lanean eta ospakizunetan, bietan murgiltzen den Buruntzako auzotarra da. Aurtengo auzoen arteko herri kirol desafioan Jauregi bikain moldatu zen segan.

Elkarrizketa eta egitaraua:

Mikel Jauregi

Buruntzako San Roke jaiak 2018

Abuztuak 11, larunbata

06:00 Oilasko biltzaileen irteera trikitilarien laguntzarekin.
15:00 Oilasko biltzaileen bazkaria.
18:00 Mus txapelketa.

 

Abuztuak 12, igandea

13:30 Bazkaria Gaztañaga sagardotegian.
19:00 Auzoen arteko herri kirolak San Martin parke arkeologikoaren inguruan.

 

Abuztuak 15, asteazkena

10:00 Kros igoera Gaztañagan hasita. Hamaiketakoa, sariak eta afariak zozketatuko dira.

 

Abuztuak 16, osteguna

10:30-11:00 Trikitilarien kalejira.
11:00-11:30 Aitor Mendiluze eta Ion Beloki bertsolariak.
11:30 Meza.
12:00 Urkikoen saioa, txistularien laguntzarekin. Haur jolasak eta toka txapelketa.
14:00 Auzotarren bazkaria, bertsolariekin batera.

Hilabete eskas geratzen da jaiei hasiera emateko. Gogotsu al zaudete?

Prestaketa lanetan gabiltza, eta konturatu orduko gainean izango ditugu. Bilkurak egin ditugu,  baina oraindik azken xehetasunak lotzeko dauzkagu. Gogotsu gaude, bai.

Ospakizuna, eta bereziki zuentzat baita lana ere.

Antolatzaileontzat lotura bada, eta gainera askotan ez da ikusten egiten den lan hori guztia. Ainhoa Aiertzak eta beste batzuk lan asko egiten dute, eta laguntza eskatzen dutenean erantzuten saiatzen gara. Auzotarren laguntza ezinbestekoa da.

Oilasko bilketa zer da zuretzat?

Egun berezia izaten da. Buruntzak badu gauza bat txar bat. Oso barreiatuta bizi gara, eta ez gara auzotar guztiak toki beretik pasatzen. Adineko auzotarrek bereziki estimatzen duten eguna da, urtean behin elkar ikusteko aukera izaten delako. Etxe eta baserrietara hurbiltzen diren aurpegi berriak ikusten dituztenean ohikoa da auzotarren artean nongoa den edota nondik datorren galdetzea. Auzotar askori bizipoza ematen dion eguna da.

Gogoan duzu iaz,  sare sozialetan, ustekabeko protagonista bilakatu zinetela?

Halaxe da, bai. Itxaferoen kontura izan zen. Guk baimen guztiak genituen eta goizean goiz irten ginen. 11:00ak aldera Jai batzordeko kide bati mezua iritsi zitzaion, sare sozialetan itxaferoen kontua bolo-bolo zebilela ohartaraziz.

“Seitan itxaferua kalterako zela, orduro bota behar zen kanpaiak bezala”. Itxaferoen aferari erantzun onena bertsolariek eman zioten.

Halaxe da, bertsolariek oso erantzun polita eman zuten. Denen gustuko jaia egitea oso zaila da, baina itxaferoena abuztuko egun bakarrera mugatzen da.

Aurten ere botako dituzuela zalantzarik ez, ezta?

Bai, aurten ere itxaferoak botako ditugu.

Kanpokoen begietara, hitzordu erakargarriena kros igoera da. Laguntzaile asko behar dira horrelako proba antolatzeko.

Ibilbidea aldatu genuen iaz, eta laguntzaile askoren beharra izan genuen. Zoritxarrez, Derrepente baserri inguruko tarte lau horretan, korrikalari bat baino gehiago galdu egin zen eta aurten seinaleztapena hobetzeko banderatxoak erosi ditugu. Auzoko laguntzaileez gain, herriko askoren boluntario lana izan genuen. Eskertzekoa da laguntzaile guztien lana.

Zein beste ekitaldi nabarmenduko zenuke?

Aurten, Santa Krutz jaietan hasita, auzoen arteko herri kirol lehiaketa egiten ari gara. Auzoko jaiei indarra emateko ekitaldi baliagarria izango dela iruditzen zait. Oso polita izango da, hurrengo urteetan indarra har dezakeena.

Abuztuaren 15ean eta 16an herrikide asko kanpoan izaten da, ordea.

Gure jaiak oso data txarretan egiten dira. Data aldatzeko ahalegina egin dugu, zaila dela dakigun arren. Abuztuaren 16a errespetatu egingo genuke, baina gainerako jai egunak beste data batzuetan egingo genituzke. Probatu gabe ez genuke geratu nahi.

Herritarren aldetik erantzun hobea bilatu nahian, akaso?

Halaxe da. Zoritxarrez, auzotarrok biltzeko gunerik ez dugu. Goiburun jaia frontoiaren inguruan egiten da, baina Buruntzan horrelakorik ez dugu.

Auzoan horixe botatzen dugu faltan.

Iruzkina Idatzi

Captcha image