SORABILLAKO JAIAK 2018 2018-09-13 10:06

Aro bati amaiera eman diote Sorabillako jaietan

Jai Batzordeak jaien antolakuntza uzteko asmoa iragarri zuen zikiro afarian. Hamabost urte daramate lanean kide gehienek, eta nekea sentitzen dute jada.

Aro bati amaiera eman diote Sorabillako jaietan

Oiartzabali omenaldia

Joxe Mari Oiartzabal musikagilea omendu dute Sorabillako auzotarrek, aurtengo jaietan. Andoaingo kultur ondareari eta bereziki musikagintzari eskaini dien eskuzabaltasuna gogoratu zuten sorabillatarrek igandean. Besteak beste, Andoain eta andoaindarrak gaitzat hartuta konposatu izan dituen makina bat musika pieza aipatu zituzten. Oiartzabalek, ekitaldira agertu ziren adiskide, sorabillatar eta musikari guztiei eskerrak eman ostean, Sorabillako auzoarekin betidanik eduki dituen loturak hartu zituen hizpide.

Aita ere musikaria izan zuen, eta hura ekarri zuen gogora lehenbizi. “Urtero festetara etortzen zen, musikarekin alaitasuna zabaltzera. Senideak zituen auzoan, Seroretxean bizi zen Maria Oiartzabal besteak beste, eta oso gustura egoten zen bertan. Nik neuk ere oroitzapen sendoak dauzkat Sorabillarekin lotuta. Umetan, La Salleko ikastetxean txintxo portatzeagatik, irakasleek Sorabillara ekartzen gintuzten, futbolean bertako belazean eta pilotan elizaren hormaren kontra jokatzeko. Urteak igaro ahala, Udal Musika Bandak eta dantzaldietako orkestinak ekarri ninduten bertara, musikari bezala. Azken urtetan, berriz, musikarekin zerikusia duten ekitaldi askotan partaide izateko aukera eman didate jaiek. Gauzak horrela, Sorabilla beti egon da, eta egongo da nire bihotzean. Gora Sorabilla!”.

Alberto Agirre eta Ozenki abesbatzek, Olagain txistularien elkarteak, Urkiko dantza taldeak eta herriko elkarteetako danbor joleek, Kale Txiki Bandarekin batera omenaldi ekitaldi dotorea osatu zuten.

Etorkizunari begira, indarrez eta ideia freskoak dituen jendea agertuko den itxaropena adierazi zuten, adierazpen berean.

Bereziki hunkigarria gertatu zen zikiro jatea. Antolaketa uzteko iragarpenaz gain, bi pertsona gogoan hartu baitzituzten; batetik, ekainaren 26an zendu zen Cesar Godoy auzotarra, jaietan kolaboratzaile fina izan zelako. Eta bestetik, Julian Lopez; hamabost urte luzetan antolakuntza taldean dinamizatzaile nagusia izan delako. Eskerrak eman zizkioten horrexegatik. Adierazpenekin batera, oroigarri bana jaso zuten Godoyren familiak eta Julian Lopezek.

Bikaina izan da eguraldia, eta kale giroan ospatzeko moduko jaiak izan dira. Lehen egunean,  Iturzaeta memorialeko palako partidekin eta Araoz abesbatzaren kontzertuarekin eman zieten hasiera jaiei, eta beti bezain arrakastatsua izaten den zikiro jatearekin amaitu zen eguna.

Larunbatean, korrikalariek Belkoaingo mendi lasterketan gorputza ondo astindu ostean, auzoko zaharrenak hamaiketako gozoan bildu ziren, Koruko Ama Birjinaren eguneko ohiturari jarraituz. Arratsaldetik aurrera, haur antzerkiak, sardina-jateak eta Alaiki taldearekin dantzaldiak auzoko plazara jende mordoa erakarri zuen.

Igandean, azkenik, Joxe Mari Oiartzabal musikariari eskainitako omenaldi ekitaldiak bete zuen goiza. Arratsaldean, berriz, auzoen arteko herri kirolen ligaren txanda heldu zen; aparteko ikusmina sortu zuen indar neurketak, eta lehia biziko lau proba ikusi ostean, bertaratutako guztiek sagardo dastaketarekin jai giroaz gozatzen jarraitu zuten.    

Iruzkina Idatzi

Captcha image