ANDOAIN 2018-09-13 13:40

Outleta eta artisautza azoka Andoainen, asteburu honetan

Salkin elkartekoak egun hauetan bezeroaren astea ospatzen ari dira, igandera bitarte luzatuko dena. 2, 3 eta 5 euroko sariak lor daitezke erosketa ezberdinetan, eta baita 50 euroko 4 erosketa txartel ere. Bezeroaren astearekin batera, ostiral honetan Outleta iragarri dute hainbat merkatalguneen atarietan.

Larunbatean artisautza azoka, Udalaren eskutik:

Outleta eta artisautza azoka Andoainen, asteburu honetan

Ordutegia: 10:00-14:00 / 16:00-19:00

“Bide Berdeak batzen gaitu” izenburupean, Goikoplazan Plazaolako lehenengo artisau azoka antolatu dute Andoaingo Udalak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak, bi bailaratako artisauen laguntzarekin. Ia hogei artisau eta ekoizle hurbilduko dira, oso eskaintza zabalarekin: zapatak, zurezko tresnak, eztia, gazta, bitxiak, taloak, jantziak, ukenduak eta kremak, makramea, ehun naturalak, etab. Guztiak eskuz egindakoak dira, eta osagai naturalekin.

Txutxu trena goizean, Goikoplazatik Otietara

Goiz osoan zehar hainbat bidaia egingo dituzte Leitzarango Otietaraino. Bertan Plazaolako trenbide zaharraren inguruko historia kontatu eta gaur egungo Naturbidearen ibilbidea azalduko dute.

Tailerrak eta jarduera osagarriak arratsaldean, Goikoplazan

Haur eta helduentzat tailerrak eskainiko dituzte, ordubeteko iraupenekoak. Hain zuzen ere, hiru eskulan tailer egingo dira arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Andoaingo Goikoplazan:

• 16:00 Talo tailerra Leitzako talogileen eskutik. 

• 17:00 Ileko zintak Fanny Alonsoren eskutik. 

• 18:00 Ehunezko mantalak Telarista Urbanaren eskutik. 

Igande goizean, Plazaolako maratoia eta maratoi erdia

Udalaren eta Plazaolako partzuergoaren arteko lankidetza sakonduz doa azken urteotan. Igandean Goikoplaza indarra hartzen ari den lasterketaren helmuga izango da. Batzuk Lekunberritik iritsiko dira, maratoia osatuz. Eta beste batzuk, aldiz, Leitzatik, maratoi erdia osatuz.

Iruzkina Idatzi

Captcha image