ANDOAIN 2018-10-17 10:20

Bertso ale bikainak, Agifes elkartearen alde

Agifes elkarteak antolatuta, urriaren 11n bertso saioa ospatu zen Basteron. Unai Elizasu gai jartzailearen agindutara, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Sustrai Colina, Alaia Martin eta Amets Arzallus aritu ziren kantari. Buruko osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea da Agifes, eta saioko zenbait gai elkarte horrek jorratzen dituenak izan ziren.

Bost bertsolariak, kantari

Egun hartan kantatutako zenbait bertso-ale ikusi eta entzun litezke. Hona bertsolariak eta gaiak:

* Amets Arzallus eta Alaia Martin kantari. Gaia: “Anai arrebak zarete, eta berri bat jaso duzue: zuen anaia eskizofrenikoa da. Ez da kapaz bakarrik bizitzeko eta Agifesekin egiten du eguna. Elkarte horretan bazkide egiteko orriari begira zaudete”.

[Bideoa]

* Jon Maia kantari. Gaia: “Urte asko pasa dira, baina irisi da urriaren 15a eta epaitegietara zoaz”.

[Bideoa]

* Jon Maia eta Aitor Mendiluze kantari. Gaia: “Zer distantzia dago belarrimotzetik belarriprestera?”.

[Bideoa]

* Jon Maia eta Amets Arzallus kantari. Gaia “Bikote zarete, kazetariak, baina zuen harremanak ez du teleberri batek baino gehiago iraun”.

[Bideoa]

*Jon Maia eta Sustrai Colina kantari. Gaia. “Pertsona berbera zarete. Pertsona horrek trastorno bipolarra dauka. Sustrai pertsona horren alde iluna da, eta Jon alde euforikoa”.

[Bideoa]

Hiru gai jarrita, bertso bana:

* “Euskal selekzioa”

Sustrai Colina:

Agintariak zertan dabiltza

beti kirola sustatzen.

Urtean behingo paripeekin

ez ote dira nazkatzen

Ate batean bi gol sartzeak

ez du herri bat askatzen,

eta gainera, zer nahi duzu,

futbola etzait gustatzen.

 

Jon Maia:

Ja ofizialak izatekotan

falta zaizkigu bi urte,

eta ze ondo sarrerak ere

gratis eman dizkigute.

Venezuela ez da ekipo handi bat

hori badakizu zuk ere,

baina Frantzia etorrita ere

irabaziko genuke.

 

* “Euskal Herriko pinuak”

Sustrai Colina:

Garai batean pinuz beteak

mendi magalen zatiak.

Ta orain berriz atera behar

ditugu musu zapiak.

Eboluzio ta aurrerapenak

horren dira basatiak.

Lenik pinua galduko dugu

ta ondoren gizakiak.

 

Jon Maia:

Badakigu gizakia

pinutik erori zena.

Pertsona bilakatuta

munduetatik barrena.

Ta ze polita marroia

uda hontako eszena.

Aurten sekula baino lenago

iritsi da udazkena.

 

* “Gaurko menua: babarrunak, txuleta eta mamia”.

Sustrai Colina:

Babarrun gehitxo jaten denean

ondoren puzker festa maiz.

Txuleta, berriz, egiten die

zain eta arteriei gaitz.

Mamia, berriz, baietz serbitu

gutxi eginda erre usaiz.

Nahi duzuena afal zazute,

ni begetarianoa naiz.

 

Jon Maia:

Ni begetarianoa naiz

baina beti ere, segun.

Eta katalogo honek

ene! ze argazki album.

Babarrunekin pentsatzen dezu

egingo dezula ai bum!

Baina eskerrak mamiarekin

dena bajatuko zaigu.

 

“Zubi luzea dator, eta familia guztia autoan sartuta, Landetara doa”.

Sustrai Colina:

Gu euskaldunak ginela baina

espanolitoak gara.

Pilarikaren eguna heldu,

jaia hartuta Landetara.

Trasto guztiak kabitzekotan

nahiz eta amona laga.

Jada semea galdezka hasi da,

“aitatxo, zenbat falta da?”

 

Jon Maia:

Bi loro, sei haur eta txakur bat

denak txoko ilunean.

Aiton-amonak ere ez doaz

oso modu txukunean.

Bederatzi bat elkartu gara

gure Renault lagunean.

Behintzat kontrolik ez da egoten

Pilarika egunean.

 

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image