ANDOAIN 2018-11-05 11:20

Dalia Nassar Palestinako ekintzailea, Andoainen

Palestinako emakume ekintzailea Andoainera dator gaur, astelehenarekin, Andoaingo Udalak gonbidatuta. Udaletxean harrera egingo zaio arratsaldeko 18:30etan. Ekitaldia irekia da, eta okasio egokia izan liteke Palestinako herrialdearekin elkartasuna adierazi nahi duen edonorentzat bertaratzeko.

Dalia Nassar, Palestinako ekintzailea

Dalia Nassar aski ezaguna da Palestinako herriak Israelen okupazioaren aurka daraman borrokaren baitan. Palestinako emakumeen eskubide zibilen defentsan diharduen Union of Palestinian Women Committees elkarteko kide aktiboa da.

Mundubat Fundazioa “Beste Jerusalem hori” izenburuko kanpaina ari da burutzen Euskal Herrian egunotan, eta Nassar zenbait hitzaldi eskaintzeko gonbidatu dute. Israelek Jerusalemko ekialdea okupatu zueneko 50. urteurrena betetzen dela gogoraraztea eta berau salatzea du helburu kanpainak.

Andoaingo Udalak adierazi duenez, Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan gaitzetsi izan du lurralde okupazio hori, eta hala eta guztiz ere, bereari eutsi dio Israelgo gobernuak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image