ANDOAIN 2018-11-06 12:22

Dalia Nassar Palestinako ekintzailea Andoainen izan zen

Dalia Nassar Palestinako emakume ekintzaileari harrera ofiziala eskaini zitzaion Andoaingo udaletxean astelehenean. Dalia Nassar aski ezaguna da nazioartean, maiz ikusi izan delako Israelgo soldaduei aurre egiten lehen lerroan, eta batez ere, Palestinako herriaren kausa eta feminismoa uztartzen duen aktibista delako.

[Bideoa]

Harrera ekitaldian, Nassar agintariez eta herritarrez inguratuta

Udalaren izenean Ana Carrereren eta talde feministaren eskutik opari bana jaso ostean, Jerusalemen bertako palestinarrek bizi duten egoeraren berri eman zuen.

Harrera ekitaldian egin zuen mintzaldian gertutasuna adierazi zuen kapitalismoari, injustizia sozialei eta hetero-patriarkatuari aurre egiten dieten nazioarteko mugimenduekin.

Israelgo gobernuaren errepresioaren eraginez Jerusalemgo palestinarrek bizitza normala egiteko dauzkaten oztopoen berri eman zuen. Palestinarra eta emakumea izateagatik oztopoak areagotu egiten direla azpimarratu zuen.

Adierazi zuenez, Israelek Jerusalem 1948an militarki okupatu zuenez geroztik bertako palestinarrak poliki-poliki kanporatzea izan da bere estrategia. Gaur egun, palestinarrak populazio guztiaren %38a osatzen dute, eta 2020erako %30tik jaistea da bere helburua. Zapalketa bizitzako arlo guztietan ezartzen zaiela ziurtatu zuen Nassarrek, egunorekotasuneko gauzarik txikienetan ez ezik baita ere ekonomiaren, kulturaren zein politikaren arloetan. Udaletxean bildutako herritarrek eguneroko bizimoduaren inguruko galderak egin zizkioten Nasarri, eta honek zenbait xehetasun eman zituen. Besteak beste, ikasleak diren gazte palestinarren errealitatea azaldu zuen. Etxetik ikastetxera joateko zazpi bat “check-point” (polizien kontrolak) igaro behar izaten dituztela, esan zuen. Horietan, poliziek nahi dutena egitera ohituta daude, eta maiz emakumeek sexu erasoak jasaten dituzte. Egoera hori ekiditeko, zenbait familietako gurasoek beren alabei ez diete uzten ikastetxera joaten.

Palestinako eskubideen aldeko “Beste Jerusalem hori“ kanpainaren baitan kokatzen da Nassar Euskal Herrian barrena egiten ari den bixita, Mundubat Fundazioaren eskutik. Elkarte horren kide den Fernando Vaquerizok Andoaingo udaletxean adierazi zuenez, “azaroaren 29an Palestinaren eskubideen aldeko nazioarteko eguna da; egun horri begira, sinadurak biltzen ari gara Europako komunitate politikoari eskatzeko behingoz inplikatu dadin herrialde horri zor zaizkion giza eskubideen alde”.

Andoaingo Udalak adierazi duenez, Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan gaitzetsi izan du lurralde okupazio hori, eta hala eta guztiz ere, bereari eutsi dio Israelgo gobernuak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image