ANDOAIN 2018-12-04 10:33 1

Andoainen gertatutako giza eskubideen urraketen txostena egin da

Orain hiru urte Udalean sortu zen Bizikidetzaren mahai politikoak Memoria partekatu baterantz izenburuko txostenaren berri eman du gaur goizean, udaletxean egindako agerraldian. Egileek txostena Basteron abenduaren 12an aurkeztuko dute.

Udal ordezkariak, agerraldian

Memoria partekatu baterantz txostenean, 1956tik 2018ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketen eta indarkeria ekintzen inbentarioa egiten da. Halaber, 29 pertsonen -16 emakume eta 13 gizon- iritzi eta testigantzak biltzen dira bertan.

Udal alderdi guztien izenean hitza hartu zuen Ana Carrere Andoaingo Alkateak adierazi duenez “txosten honekin aurrerapauso garrantzitsu bat eman dugula uste dugu. Gertatutako guztia aitortzeko, eta memoria kolektibo bateratzaile eta partekatuen bidean aurrera egiteko tresna baliagarria izatea nahi dugu. Modu kritiko eta autokritikoan aztertzeko, argitu gabeko gertaerak argitzeko, eta egin gabeko errekonozimenduak eta erreparazioak egiteko”.

Testigantza emaileen horien artean aniztasun handia dagoela ziurtatu du Carrerek. “Biktimak eta biktimen familiartekoak, udal-ordezkaria izan direnak eta ekimen sozialekin eta bizikidetza arlokoekin duten hainbat pertsonen iritziak eta lekukotzak ere jaso ditu”.

Txostena argitaratzearen zergatia azaldu du ondoren, Ana Carrerek: “Dokumentu hau memoriaren alorreko etorkizuneko udal-politiketarako lanabes bezala ulertzen du mahaiak. Dokumentu honen aurkezpenak ez du esan nahi alderdi politiko guztiok bertako eduki osoarekin bat egiten dugunik, baina denok  dugu abiapuntutzat memoriaren eta adiskidetzearen eraikuntzan izango den prozesu luze honetan. Iragana ezagutu eta oraingo zein etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak errazteko izan behar du ekarpen honek”.

Esan bezala, txostena Basteron abenduaren 12an aurkeztuko da jendaurrean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Giza eskubideen alde lan egiten duen Argituz elkartea da txostenaren egilea, eta bere kide diren honako hizlariek hartuko dute parte aurkezpenean: Jokin Esnaola, Aintzane Gamiz, Sabino Ormazabal eta Maitena Salinasek. Horiekin batera, Jon Mirena Landa, Zuzenbide Penaleko Katedraduna eta UPV/EHU Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren Zuzendaria izango da.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image