ANDOAIN 2018-12-07 15:34

Extremeñoen egoitzan ohitura zaharra biziberritu zuten

Larunbatean eta igandean 'Matanza' izenez ezaguna den ohiturari eutsi zioten Andoainen.

Sukaldari taldea: Alejandro Gibello, Paco Rodriguez, Antonio Gonzalez, Pablo Portillo, Juan De la Peña, Manuel Canales.

Udal ordezkariak, gizarte eragileak eta Hogar Extremeñoko bazkideak txerri hiltzearen ospakizunaren inguruan elkartu ziren, larunbat eguerdian. 12:00etan harrera ekitaldia egin antolatu zuten, eta 14:00etatik aurrera bazkari herrikoia egin zuten. Igandean, bazkideak bazkarirako elkartu ziren berriro.

Hogar Extremeñoko bazkide talde bati esker eusten zaio errituari. Jaioterrian ezagutu zuten ohitura indarberritu nahi izaten dute, era horretan. Osasun arauak direla-eta, txerria hiltegian hiltzen dute egun, baina gainerako prozesu guztia Hogar Extremeño elkartean egiten dute. Aurten bi txerri ekarri zituzten, eta goizean goizetik txerria zatikatzeari ekin zioten.

Bazkide taldea 1990ean hasi zen antolatzen txerri hiltzearen ekitaldia. Antonio Gonzalez sukaldari buruak adierazi zuenez: “Extremaduran ohikoa da, eta geuk Euskal Herrian ere berritu nahi izan genuen. Andoainen bizi diren Extremadurako emigranteek aurreneko egunetik egin izan diote harrera ona, eta sasoian gauden bitartean, jarraituko dugu. Larunbateko eta igandeko bazkaritara ehundik gora pertsona etortzen dira; gastronomiak jendea bildu eta giro jatorra sortzen du, guztien arteko harremanak sakonduz. Pozgarria da guretzat, Extremaduran txerri hiltzearen inguruan gauza berbera gertatzen baita”. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image