ANDOAIN 2019-01-03 09:31

Truchuelo anaien argazki erakusketa ikusteko azken egunak

Datorren larunbata, urtarrilaren 5arekin, izango da azken eguna “Andoain Truchuelo anaien objetiboan” erakusketa bisitatzeko, Andoaingo Udalak aurreko egunetan iragarri duen bezala. Izan ere, bisitari kopuru handia izaten ari da. Honako ordutegia du erakusketak: ostegun eta ostiralean (10:30-13:00, 16:30-20:00), eta larunbatean (10:30-13:00). Erruz agertu zen jendea, iaz, azaroaren 21ean egin zen erakusketaren irekieran ere. Hiru ikusleen lehen inpresioak jaso genituen orduan.

Erakusketa, irekiera egunean

Eba Tomasena:

"Ni berez hernaniarra naiz eta Andoainera 1987an etorri nintzen bizitzera. Jakina, erakusketako argazkirik berrienetan agertzen den jendea egin zait ezagunagoa. Nolanahi ere, zenbait pertsonen gaztetako arpegiak identifkatu ahal izan ditut. Alaba eta biok ari gara erretratuak banan-banan errepasatzen, eta orain arte senarra bitan topatu dugu, gazteagoa zeneko irudiak dira. Aberasgarria da horrelako erakusketa bat herri batentzat, norbanakoaren oroimen partikularraz gain kolektiboa ere biziberritzen laguntzen baitu".

 

Antonio Lopez:

"Andoainera lau urteko umea nintzela etorri nintzen, eta gertu-gertukoak egiten ari zaizkit erretraturik gehienak. Izugarri ari naiz gozatzen, behin, bitan eta hirutan ikustera etortzeko erakusketa jarri baitute. Emaztearekin eta familiako zenbait kiderekin nabil ikusi eta ikusi; elkarren laguntzaz jende mordoa ari gara identifikatzen. Truchuelo anaiak oso ezagunak egiten zaizkigu andoaindar garen guztioi; izan ere, nor ez da jarri noiz edo noiz bi anaien objetiboen aurrean? Amaren eskutik euren estudiora dotore-dotore joan izan gara gaztetan, jaunartzea edo antzeko gertakizun bereziren bat izan aldiko. Eta bestela, herrian ekitaldiren ospatzen zenean ere ez ziren urrun ibiliko kamerarekin".

 

Marisol Sueskun:

"Zoragarria da erakusketa, oso oroitzapen goxoak berpiztu dizkit. Ahizpa eta biok erakusketako argazkirik zaharrenetan agertzen gara; lau argazkietan agertu ere! Erakusketako markak haustiko genituen! Hamar-hamabi urteko neska koskorrak gara, ile-txirikordak eta guzti, eta Milagrosako mojekin ikasgelan gaude, ikastetxe harentzat aparteko eguna zena ospatzen, Santa Catalina Labouréren eguna hain zuzen. Txokolatada antolatzen ziguten mojek eta gu pozez txoratzen. Biziki eskertzekoa da maiz bixitatu beharreko erakusketa prestatu digutelako, eta gainera, argazkien eskaerak egiteko aukera ematen digutelako". 

Iruzkina Idatzi

Captcha image