ANDOAIN 2019-01-08 13:42

Edukiontzi grisa Andoain osoan txertatzen hasiko dira

Urtarrilaren 21etik aurrera errefusarako edukiontzi grisa Andoain osoan ezartzen hasiko dira, udaberrian proba modura Olagainen, Sorabillan eta Alejandro Calongen txertatu eta gero. Txipadun edukiontzia izango da, eta orain arte organikoa zabaltzeko txartel berdinarekin zabaldu ahal izango da. Bi hezitzaile arituko dira herriko hainbat gunetan beharrezko informazioa zabaltzen.

Aurrerantzean hauexek izango dira indarrean izango diren edukiontziak:

  • Grisa | Errefusa
  • Urdina | Papera
  • Horia | Plastikoa
  • Marroia | Organikoa
  • Beira

Papera, plastikoa, kristala edo organikoa ez den hondakina grisean bota beharko da.

Organikoari dagokion txartela bere garaian eskuratu ez zutenek, datozen egunetan gutun pertsonalizatua jasoko dute. Bertan argibideak eta txartel bana aurkituko dituzte. Eta, hartara, bi edukiontziak erabili ahal izango dituzte (organikoa eta errefusa).

Ekimena sustatu duten alderdi politiko guztiek garrantzia handia ematen diote ekimenari, gaikako bilketan ezinbestekoa baita goruntz egitea. Andoaingo datuak oso apalak dira: Birziklapen tasa %40an egonkortuta dago. Etorkizunean, gutxienez, %60ko gaikako bilketara iritsi nahi da.

Informazio puntuak

Argibide guztietarako bi hezitzaile ibiliko dira Andoaingo kaleetan, puntu jakinetan. Herritar bakoitzak etxeko buzoian kanpainaren argibide guztiak jasoko ditu, eta baita informazio guneen datak, ordutegia eta tokiari buruzko informazioa ere.

Iruzkina Idatzi

Captcha image