ASTEASU 2017-07-06 09:20

Emakume raketistak gogora

Asteasuko udaletxean argazki erakusketa jarri dute raketisten historia, eta bereziki, Miren Uzkudun asteasuarraren ibilbidea ezagutzera emateko. 
 

Emakume raketistak gogora

Jon Juanes eta Ainhoa Palomok urteak daramatzate raketisten historia ikertzen, dokumentazioa eta argazkiak lortuz. Lan guzti horren isla da Asteasura ekarri dutena.

Ezkutuan egon den historia ezagutara atera nahi dute elkarteko kideek eta hiru urtez burubelarri aritu dira ikerketa lanetan. "Poliki-poliki garai guztiak bildu nahi izan ditugu eta historia guztiari zentzua eman nahi diogu, orain arte ez baita ezer jaso". Azaldu dutenez, ahalegin berezia egiten ari dira bizirik dauden raketistak hil aurretik dokumentazioa eta testigantzak jasotzeko, "bestela bizirik daudenak hilko dira eta beraiekin batera altxor guztia eramango dute".

Bilketa lan hori ez zaie “erraza” egiten ari. “Instituzioek interesgarria dela dioten arren, ez dugu laguntzarik jasotzen. Lan handia da: etxez etxe atea jo, elkarrizketak egin, arakatu, informazioa kontrastatu…”. Biltzen duten informazio oro ikerketak eman duenarekin lotzen saiatzen dira. Lan “eskerga” dute emakumeen izen eta abizenak lortzen, baina 150 emakumetik gorako zerrenda osatu dute jada.

Informazio guztiarekin, argazki erakusketa osatu dute eta dokumentala ere amaituko dute udazkenerako. Asteasuko udaletxean garai hartako emakumeen partidoko argazkiak, fitxak, egunkarietako orrialdeak ikusi daitezke.

Miren Uzkudunez ez dakiguna

"Asteasuarrek jakin dezatela herrian raketista profesional izandako emakume bat dutela", adierazi zuten Raketistak Lehen eta Orain Elkarteko kideek erakusketaren aurkezpenean. Miren Uzkudun 20 urtez izan zen profesional; izan ere, 1940ean debutatu zuen 18 urterekin eta 1960 urtera arte aritu zen. "Asteasu" goitizenarekin jokatzen zuen eta 15 frontoitan aritu zen: Mexikon, Kuban, Bartzelonan, Tenerifen...

Erakusketa aste honetan zehar irekita egongo da arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara aste osoan zehar.

 

 

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image