ASTEASU 2017-09-08 10:10

Nekane Txapartegi, Zurichko espetxetik mintzo

2016ko apirilean atxilotu zuten Nekane Txapartegi asteasuarra Suitzan, geroztik Zurichko espetxean preso dago. Azken urteetako eta egun bizi duen egoeraren berri azaldu du.   

Nekane Txapartegi

Zuricherako autobusa

Irailaren 30ean Zurichen egingo den manifestaziora autobusa abiatuko da Asteasutik irailaren 29an eta urriaren 1ean itzuliko da. Bidaiaren kostua 50 eurokoa da eta izen-ematea zabalik dago. Asteasuko tabernatan eman daiteke izena edota 615 708 732 telefono zenbakira deituta.

Ekimen ugari, irailean

Irailaren 15etik 30era, ‘Free Nekane’ lelopean, hainbat ekintza antolatu da Suitzan. Besteak beste, dokumentalak edota hitzaldiak eskainiko dira Zurich, Basel, Luzerna, Berna eta Genovan. Irailaren 16an, esaterako, Nekanerekin batera 18/98 auzian epaitatuako Miriam Camposek hitzaldia eskainiko du Zurichen eta 30ean, manifestazioa egingo da Zurichko kaleetan barrena.

Suitzan ez ezik, Asteasun ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte irailean zehar. Tartean, Nekaneren aldeko bilkura egingo da irailaren 17an Zelatunen, eguerdiko 12:00etan. Torturaren inguruko hitzaldia ere prestatzen ari dira.

2016ko apirilean atxilotu zintuzten Suitzan. Nola gogoratzen dituzu une haiek?

1999ko atxiloketa biziberritzea izan zen. Berriro orduko sentimendu berberak; zer datorrenaren beldurra, torturaren oroitzapenak... Eta oraingoan gainera, alabarekin zer gertatuko zen ez jakitearen kezka izugarria gehitu behar. Komisarian berriro inkomunikatua eta poliziak mehatxuka ez banuen kolaboratzen (DNA eman, biluztu... ) alaba umezurtz etxera eramango zutela... Berriro Tres Cantosera egin nuen salto eta torturaren zauriak irekita, erretraumatizatuta eta alabarengatik bananduta espetxe baldintzarik gogorrenetan isolatuta, bakartuta, ez zen erraza izan min guzti horiek kudeatzea.

 

Aurrez, 1999an atxilotu zintuzten lehendabizikoz Tolosan. Zer leporatu zizuten zehazki?

Nire atxiloketa Espainiako Estatuak Euskal Herriko disidentzia politikoaren aurka emandako urrats errepresiboaren barruan kokatu behar da, orduan eman baitzitzaien hasiera gure herriaren aurkako makro prozesu politikoei. “Guztia da ETA” doktrinapean estatu aparatuek antolaturiko operazio politiko, mediatiko eta judizial bateko puzzlearen zati bat nintzen eta hori berresteko torturapean beraiek prestaturiko deklarazioak egin eta onartu behar izan nituen, neure buruaren eta beste pertsona batzuren aurka. 18/98 epaiketara arte ez nekien zuzen zertaz akusatzen ninduten. Bertan, hasieran ETAko kide izatea leporatu zidaten, nazioarteko aparatukoa hain zuzen. Ondoren, ETAri laguntza emateaz kondena erdira jaitsiz eta azkenik, Tribunal Supremoan, ETAri pasaporte batzuk eman izanaz bere kide batzuk Ertamerikara ihes egiteko. Zigor eta leporatutako delitu guztietarako oinarri eta froga bakarra nik torturapean egindako autoinkulpazioak direlarik.

 

Lehen atxiloaldian, inkomunikatuta egon zinen bitartean, torturatua eta bortxatua izan zinela salatu zenuen... Hitz egin nahi al duzu garai hartaz?

Guardia zibilek Tres Cantosko komisarian nire gorputza beraien guda zelai bihurtu zuten eta ni suntsitzeko tortura sexista erabili. Legedi antiterrorista delakoak inkomunikazioren bitartez ematen dien inpunitate osoarekin nire aurka beraien arma guztiak erabili zituzten eta bizirik ateratzeko asko borrokatu behar izan nuen. Beraiek argi esan zidaten handik ez dela inor “kantatu gabe ateratzen”. lada Madrilerako bidean argi utzi zidaten nahi zutena egin zezaketela nirekin. Kotxean sartu orduko hasi ziren golpeak, mehatxuak, galdeketak... Etxegarate inguruan baso batera eraman ninduten arrastaka eta bertan exekuzio bat antzeztu. Begiak plastiko zaku batez estaliak, hankak eta eskuak lotuta belaunikatu arazi, bekokian pistola jarri eta klak gatilua zapaldu zuten. Hots hura buruan iltzatuta, izututa Madrilerako bidaia luzea izan zen. Bidean eskuak bizkarrean lotuta, plastiko poltsa lepoan estutzen zidaten ia ito arte. Horrela, gauean iritsi ginen Madrilgo Tres Cantos komisaldegira eta hala esan zidaten: “lkusiko duzu orain hasiko da hoberena”, “Badakizu nor zen Gurutze Iantzi? Bera bezala buka dezakezu...”.  Bost egunetan etengabeak eta luzeak izan ziren galdeketak eta tortura saioak. Tortura mota eta metodo desberdinak erabili zituzten. Tortura psikologikoa batetik, nire etxekoak ere (anaia eta ama) atxilotuko eta torturatuko zituztela, garrasiak entzuten nituen eta nire lagunenak zirela esaten, haurdunaldiko argazki bat erakutsi eta Mikel Egibarren haurdun zegoen emaztearena zela esaten zidaten eta hari zerbait gertatuz gero nire errua izango zela... Tortura fisikoa bestetik, loa debekatu, poltsa etengabe ia ito arte, orduan begi niniak eta mingaina begiratzen zizkidaten linterna batekin eta horren arabera aurrera jarraitu edo utzi erabakitzen zuten, elektrodoak beso eta gerrian, buru atzean paper bilduekin etengabe golpeak ematen... Eta azkenean tortura sexistarekin hautsi ninduten, gorputza eta burua biak batera txikituz. Behin baino gehiagotan biluztu eta Guardia zibilen talde erdian biluzik eta burua tapatuta gorputz guztia igurtzi eta umilatzen ninduten “komandoko puta” nintzela esanez eta behin baino gehiagotan pistola batekin bortxatuko nindutela mehatxatuz. Komunera joan behar nuenean atea irekita niri begira torturatzaileek nitaz barre egiten zuten. Halako batean Mikel torturatzen ari ziren gelara eraman ninduten eta beraren aurkako akusazioak eginarazi, ondoren ondoko gelan bortxatuaz. Ezingo nuela etorkizunean umerik izan eta horretarako ahal zuten guztia egingo zutela esanez, hankak eta eskuak lotuta mahai baten gainera igo ninduten biluzik eta burua estalita. Hanka eta eskuetatik helduz, gorputz guztia igurzten zidaten, lizunkeriak esanez eta horrez gain Guardia zibil batek bere hatzak nire aluan sartu. Orduan nire burua gorputzetik bereizi zen...

Beren pentsamendu matxistan, nire ideiez gain, emakume bezala zigortzea izan zuten helburu, patriarkatuak ezarritako rollaren aurka errebelatzeagatik. Ondo jakinik nire barnean, intimitatean txikituz gero, horrela duintasuna kenduz, menderatuko nindutela. Horren ondoren egin nituen deklarazio autoinkulpatorioak.

 

Gerora, torturapean egindako deklarazioa hartu zuten oinarritzat zigor epaia ezartzeko. Baina tortura salaketak ikertu gabe geratu ziren. Zein eragin izan zuen zugan erabaki horrek?

Komisarian bizirik ateratzea lortu ondoren, bizirauteko torturaren aurkako borroka nire terapia bihurtu nuen. Nahiz eta konfiantzarik ez izan justizian eta trabak besterik ez jarri, ez nuen etsi. Horrela, 2005 urte bukaeran, ia 7 urte geroago, 18/98 makro prozesu politikoan eman nuen lehenengo aldiz jasandako torturen errelatua. Torturaren babesle den Entzutegi Nazionalean torturaren salaketa egitea eta torturatuen ahotsa bertara eramatea, hori maila pertsonalean garaipen txiki bat izan zen. Gainera epaiketan torturatzaileak aurrez aurre izan eta beraietako bi ezagutzeak indarra eman zidan salaketarekin jarraitzeko. Horrela, salaketa berrirekitzea lortu genuen eta Madrilgo 34. Instrukzio Epaitegian berriro errelatoa eman nuen 2006an. Hala ere, epaileek ez zituzten jasandako torturak ikertu eta torturatzaileak zigorgabe atera ziren, baina torturaren errelato latza entzun behar izan zuten. Oso gogorra da errelatoa ematean berriro zauriak ireki, jasandako tortura latzen berri kontatu eta gainera jakitun izatea ez dizutela sinistuko. Jarrera horrekin berriro torturatua sentitzen zara eta berriro irekitako zauriekin borrokan. Baina bai orduan eta egun, nire betebeharra sentitzen nuen/dut torturatuon ahotsa entzunaraztea eta batez ere tortura sexistaren salaketa egitea eta horrek ematen dit indarra aurrera jarraitzeko. Salaketa publikoak lagundu zidan eta dit, justiziak eta estatuek tortura eta torturatzaileei emaniko babesa gainditzen eta bide horretan jarraituko dut dagokigun aitorpena jaso arte.

 

Zigor epaia jaso ondoren, sorterria utzi eta atzerrira joatea erabaki zenuen. Zerk bultzatu zinduen pauso hori ematera?

Batetik ez nuelako eta ez dudalako onartzen torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako inongo kondena politikorik eta bestetik beldur nintzelako berriro torturatua izateko.

Estradizio eskaera egina du Espainiak. Zein da egun, zure egoera?

Polizia espainiarrak 2014an egindako operazio ilegalaren ondoren Suitzari nire berri emateaz gain, estradizio eskaera luzatu zion. 2016an, atxiloketa eta gero berriro formalki egin zuten eta nik hasieratik ukatu nuen estradizio eskaera. Batetik, torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen delako zigorra eta bestetik, egun tortura sistematikoa ahalbidetzen duen legedi bereziak indarrean dirauelako eta horrek berriro torturatua izateko arriskua dakarrelako.

Azkenean, ordea, Bernako Justizia Departamenduak urtebeteren ostean erabaki politikoa hartu zuen Espainiko Estatuarekiko interes politikoak eta ekonomikoak lehenetsiz. Berriro ere nire gorputza joko zelai eta trukeko txanpon bihurtuz. Espainiar estatu-terrorismoa ezkutatzeko ahaleginak eta bi egin zituzten Suitzako agintariek beraien txostenean, horretarako torturatzaileei erabateko sinesgarritasuna eta babesa emanez eta torturatua, ni, gutxietsiz. Emandako argudioak juridikoki mozorrotzen saiatu arren, argi gelditu zen erabakia guztiz politikoa zela.

Uztailean, berriz, bigarren instantziako epaitegiak estradizioa onartzea berretsi zuen “Espainiako Estatuak tradizio demokratikoa duela esanez” eta ondorioz tortura salaketa ikertu gabe. Espainiako Estatuan gertatu bezala, hemen ere inork ez du torturari buruz jakin eta ikertu nahi eta batak besteari pasatzen dio ardura. Beraz, hurrengo eta azken instantziara beste helegitea aurkeztu dugu, honek ere jasandako tortura ikertuko duen segurantzarik gabe. Eta ondoren Nazioarteko Giza eskubideen epaitegirako, Estrasburgo edo ONUrako bidea geratuko litzateke.

Asiloari dagokionez, bigarren instantzian dago oraindik errekurtsoa. Lehenengo erabakia estradizioa eman eta egun batzuetara, ezezkoa etorri zen argudio berberak erabiliz. Bigarren instantziak ere ezezkoa emango balu hurrengoan (Bundesgericht) jarriko genuke errekurtsoa eta estradizio eskaeraren bide berdina egin. Asiloko auzia zabalduta dagoen bitartean ezingo nindukete estraditatu.

 

Otsailean 42 hilabetera murriztu zizuten zigorra. Zenbat hilabete igaro dituzu espetxean? Zenbat geratzen zaizu zigorrarekin amaitzeko?

Dagoeneko hemen 16 hilabete pasatxo daramatzat bahituta eta aurretik, 1999an, Soto del Realen ia 9 hilabete bete nituen dispertsatuta, beraz iada zigorraren erdia baino gehiago, 25 hilabete beteta izango nituzke. Erabakia luze badoa ikusi behar ea Suitzako Justizia deiturikoak beraien legeak Espainiako Estatuak ez bezala betetzen dituen eta 3/4ekin kaleratu.

  

Nolakoa da zure egunerokoa Zurichko espetxean?

Bizi baldintza gogorrak, eta horri bakardadea erantsi behar zaio. Espainiako Estatuak euskal preso politikoon aurka aplikatzen duen lehenengo graduarekin edo Frantziako espetxe prebentiboetako baldintzekin pareka daiteke. Harreman afektibo, sexual, kultural, politiko  guztiak eten eta oinarrizko beharrak ere guztiz mugatzen ditu giza-suntsiketa helburu duen espetxe politikak. Egunean ordubeteko paseoa besterik ez, asteburuetan 23 ordu edo gehiago jarraian txapatuak, telefonoz deitzeko aukerarik ez ezta abokatuari ere, astean bitan dutxatzeko aukera 10 minutuko ur beroarekin, ez kirol ez bestelako aktibitaterik, bisita guztiak kristalarekin... Gainera emakume eta ama izateak gogortasuna areagotzen dute, zigor politikoa jasotzeaz gain heteropatriarkatuaren zigorra erantsiaz. Gizonek gizonentzat egindako espetxean hierarkiaren azken mailan gaude gu. 140 presotatik egun 9 bakarrik gara emakumeak eta ez daukagu guretzako modulo propiorik ere. Solairu berdinean gaude esaterako emakumeak, transexualak eta buruko gaixotasunak dituzten gizonezkoak, patriarkatuak baztertutakoak alegia. Ez gara subjektu, ez dugu autonomiarik; infantilizatuak, sexualizatuak eta esklabizatuak gara. Espetxe politikak gure harreman eta lotura politiko, sexual, afektibo, kultural guztiak mozten dizkigu, horrela bakarrik zaurgarriago eginez eta sisteman parte hartzera behartuz. Isolamendutik ateratzeko aukera bakarra lan egitean datza eta batzuek diruagatik, besteok osasun psikikoagatik egunean 5 edo 7 frankorengatik lan egiten dugu. Emakumeei, patriarkatuak ezarrizako rollak errepikatuz, garbiketa eta etxeko lanak eskaintzen dizkigute: sukaldean ontziak garbitu, oheko izarak tolestu... Gure gorputzen eta buruen kontrola, debekuak eta urraketak dira heziketa autoritario eta zigorrean oinarritutako sistemaren egunerokoa. Gure ideiak eta gorputzak kolonizatu nahi dituzte, esaneko emakume bihurtzea helburu, desadostasun, borroka edo errebeldia ekintza oro berehala zigortuz. Izugarria nola espetxeak bere egiten duen kapitalismoaren “nirea zara eta zurekin nahi dudana egingo dut” leloa. Egunero erretraumatizatzen nauten egoerekin konfrontatuta bizirauten dut. Batetik, gure moduloan gauez eta asteburuetan gizonezko kartzelariek bakarrik egiten dute lan eta are okerragoa ez daudela emakumeen behar espezifikoez arduratzeko prestatuta. Eta nire kasuan estres egoera etengabea sortu eta beraien jarrera matxistek are gehiago haserretzen naute. Ekainean nire esfera pribatua eraso ondoren protesta gisa hilabete egin nuen espetxeko janariari uko eginez eta espetxe zuzendariari salaketa jarri. Berriro, ordea, inpunitate osoa duen sistemarekin topo egiten dut eta oso zaila da zerbait lortzea, baina hor jarraitzen dut dagozkidan eskubideengatik borrokan. Horrela lortu nuen alabarekin astean behin kristalik gabe bisita jasotzeko aukera ere, 3 hilabetez ikusi gabe egon ostean. Gure familiak eta, bereziki, gure seme-alabak ere zigortzen ditu espetxe sistema kriminal honek.

 

Bisitez eta eskutitzez gain, Lora irratiak astero herritarren mezuak jasotzeko aukera eman  dizu...

Bai hala da, harresiak zeharkatuz elkartasuna iristen da ziega grisera eta horrek nola ez borrokan jarraitzeko indarra ematen dit. Batez ere Euskal Herriko mezuak jasotzeko aukera eskertzen dut, hori baita eskutitzez gain etxekoekin, hizkuntzarekin eta herriarekin harremanetan jarraitzeko aukera. Oso presente nago irratiko programazioan eta benetan bakardade honetan oso lagungarri dira mezu eta elkartasun adierazpen oro.

 

Suitzan nahiz Euskal Herrian, elkarte eta norbanako askok erakutsi dizute babesa. Hitzordu ugari antolatu da zure egoeraren berri zabaltzeko. Nola jaso duzu elkartasun hori?

Batez ere Suitzan preso politiko bakarra eta emakumea izanik oso presente nago ezker mugimendu osoan eta mugimendu feministan. Antolaturiko ekintza guztietan parte hartzeko aukera ere eskaintzen didate eta hartu-eman aktiboa dugu. Elkartasun adierazpenak egunerokoak dira suziriak, gutunak... Gainera, giza eskubideen talde askok babesa adierazi ondoren, ezker mugimenduetatik haratago ere zabaldu da elkartasuna, elizara, gketara...

Nire egoerak Espainiako Estatuak euskaldunon aurka erabilitako tortura sistematikoaren erabilera nazioartean zabaltzeko eta ikusarazteko balio izan du eta bide horretan jarraitzeko motibatzen nau elkartasunak.

Euskal Herrian, bailara eta herri mailan ere berehala antolatu zen elkartasun taldea eta hunkigarria da herriarena zarela eta herriak ez zaituela ahazten sentitzea. Baina nik elkartasun hori kolektibotzat hartzen dut, euskal preso eta iheslari guztiona, nire borroka gurea baita, baita babesa ere.

 

Iazko irailean manifestazio jendetsua  egin zen  Bernan zure askatasuna eskatzeko. Asteasutik autobusa joan zen eta Berri Txarrak taldeak kontzertua eskaini zuen amaieran. Aurten irailaren 30erako iragarrita dago manifestazioa Zurichen ...

Hala da, erabakiak atera orduko berehala antolatu dituzte mobilizazioak bai hemen, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere. Nik uste borroka kolektiboaren adierazgarri direla elkartasun eskaintza hauek eta balio handia dutela estatuek eta elite politikoek ikus dezaten preso eta iheslari bakoitzaren atzean herri bat, kolektibo bat dagoela, beraien errepresio eta erabakiekin ados ez dagoena. Horrela, irailerako, bi asteko Free Nekane kanpaina antolatu dute eta 30ean manifestazioarekin bukatuko da. Hitzaldi, film..., eta abarren bidez Euskal Herriko gatazkaren barruan nire egoera kokatzen saiatuko gara eta ikuspegi eta elkartasun kolektiboa ematen. Euskal Herritik ere jendea etortzekoa da eta une polita izango da bi herrialdeen arteko harremana eta elkartasuna sendotzeko.

 

Urte asko daramazu herritik kanpora. Nola gogoratzen duzu Asteasu? Zer botatzen duzu faltan?

Gehiegi. Ihesean ahaztu egin behar izan dut Asteasu eta utzitako lekuan gogoratzen ditut lagunekin parrandak, komiteko bilerak..., jaia eta borroka. Orain herriak, herritarrek eta etxekoek jasandako aldaketen berri jasoaz eguneratzen nabil, tartean ezagutzen ez ditudan ilobak… Askatasuna, etxekoak, lagunak eta euskara.

 

Herrira itzulitakoan, zer egingo zenuke lehenik?

Alabari ezagutzen ez dituen nire sustraiak eta itsasoa ezagutarazi nahi nizkioke. Ondoren biok Euskal Herriari bira lagun eta ezagun guztiak bisitatuz eta ondoren, berehala Euskal Herriaren askapen prozesuan eta torturatuon aitortzan borrokan jarraitu. Baimena emanez gero baita beste euskal presoen bisitan joan ere.

 

Beste ezer gehitu nahiko al zenuke?

Jarrai dezagun zuek hortik eta guk hemendik euskal preso eta iheslari guztiak bizirik etxeratu arte, hori lortzen ez duen herriak ez baitu etorkizun librerik izango. Kalera, kalera!

Iruzkina Idatzi

Captcha image