ASTEASU 2018-02-09 12:25

Muskerraren bidea hazten ari da

2015ean aurkeztu zuten Muskerraren bidea Obabako lurraldea ezagutzera emateko. Lau ibilbide berri gehitu dizkiote eskaintzari, eskualdeko ondarea ezagutarazteko.

Obaba lurraldea ezagutzeko ibilbidea Asteasun

Bernardo Atxagaren literatur mundua inspiratu zuten tokiak erakusteko asmoz sortu zen Muskerraren Bidea. Asteasuko herrigunearen ingurukoa da bide hori, baina zabalagoa da Obaba eta hori kontuan hartuta, ekimen berria aurkeztu berri dute. Asteasuko txoko ezberdinetan barrena ibiltzeko aukera ematen duten lau ibilbide berri prestatu dituzte. Zailtasun eta luzera ezberdineko ibilbideak dira, familiarekin edo lagunartean egiteko aproposak.

 

Herrigunetik harago

‘Asteasu-Obaba bide herria’ ekimenean bildu dituzte lau ibilbideok. Pili Legarra, Asteasuko alkateak azaldu du ekimenaren ardatza zein den: “Asteasuko udalerri eta Aiztondoko bailara zeharkatzen duten lau ibilbide berrik osatzen duten proiektua da. Asteasuko parajeek inspiratu zuten Atxagaren mundu literarioa. 2015ean osatu genuen Muskerraren bidea, eta literatura zen bide haren funtsa”. Aukera zabalagoa eskaini nahi dute orain: “Kultur eta natur ondare zabalarekin, Asteasuko lurrek nazioarte mailako literatur lana inspiratu zuten. Publiko zabalari erakusteko une aproposa dela uste dugu eta horregatik sortu ditugu ibilbide berriak, Tolosaldea Garatzen agentziarekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Era berean, Larraulgo Udalarekin ere aritu gara elkarlanean bide hauetako bat osatzeko garaian ere”.

Zura enpresak izan du ibilbideak diseinatzeko ardura, eta Bernardo Atxagak berak ere hartu du parte diseinu lan horretan. Ekimen honen bidez, “Asteasuko publiko zabalari ezagutarazi nahi diogu Atxagaren mundu hori, eta Euskal Herrian hazten ari den turismoa ere erakarri nahi genuke gure herrira”.

Panelak eta eskuorriak

Ibilbide bakoitzaren inguruko informazioa ematen duen hainbat euskarri ere sortu dute. “Asteasuko plazan jada jarrita daude ibilbideen inguruko panelak eta Larraulen ere jarrita dago beste bat. Eskuorriak ere sortu dituzte, ibilbidea egiten ari denak, haren inguruko informazio zehatza uneoro eskura izan dezan. Interpretazio lan handia egin dute, eta bidea galdu gabe egiteko, hainbat azalpen ematen zaizkio ibiltariari: bidean aurkitzen diren eraikinak, paisaiak, inguruko toponimia…, eta beste hainbat konturen inguruko informazio landua dute euskarri hauek”, azaldu du Pili Legarrak.

Gari Otamendik egin ditu ibilbideen inguruko lanak koordinatzeko lanak. Berak argi du, Asteasuk herrigunean duen ondareaz gain, udalerri osoan zehar zabaldutako ondarea ere baduela, eta balioan jarri behar dela: “Natur eta kultur ondare hori ere bazen Obabaren parte eta hedatzea interesgarria zela iruditu zitzaigun. Eskualde eta herri mailan, ziurrenik, ezagunak dira bide hauek, baina bide horietan ezkutatzen den ondarea ez horrenbeste. Horregatik, historia, natur ondare, paisaiak…, azalpen ezberdinak biltzen dituen eskuorriak bildu ditugu”.

 

Interpretazioa

Interpretazio lan horren garrantzia azpimarratu du Gorka Otamendik: “Mendi asko dugu Euskal Herrian, eta ibilbide asko egin daiteke haietan barrena, horregatik iruditzen zitzaigun beste zerbait erantsi behar geniola. Bidean aurkitzen dugun ondarearen inguruko informazioa eskaintzen diogu bisitariari”.

Ibilbideak aukeratu ondoren, bisitariei argigarriak izango zaizkien azalpenak emateko, euskarri ezberdinak sortu behar ziren. Julen Larruskain herritarrak bideratu ditu lan horiek. Hark ere eskualdeko natur ondarea azpimarratu nahi izan du: “Aurreko bidea oso urbanoa bazen, bigarren fase honetan bi helburu jarri dizkiogu gure buruari: batetik familiei zabaltzea, eta bestetik gure naturgunea balioan jartzea”, azpimarratu du. Natur ondareari aipamen berezia egin dio Julen Larruskainek. “Bertan dugu Ernio mendia bera, natur gune babestua dena”.

 

Elkarlana

Mendi federazioak emandako laguntza azpimarratu du Larruskainek “elkarlanean egin baitugu ekimen hau”, baita Patxi Arzamendi herritarrak egindako lana ere. “Asteasuko herribideen inguruko azterlana egin zuen, eta zenbait herribide berreskuratu ditu. Federazioaren eta Gipuzkoako Aldundiaren katalogoan sartuko dira bide horiek”. Gainera, seinaleztapen homologatua dute sortu berri dituzten hiru ibilbidek: “Laugarrenak, Santamañako ermitara igotzen denak, apropos sortutako seinalezpena du”, azaldu du Larruskainek.

Ibilbide bakoitzaren hasieran jarritako interpretazio panelek, bidean aurkituko dutenaren inguruko informazioa eskaintzen die bisitariei. “Panelak bezala, bideko balizazioa ere Aldundiak homologatua da”.

 

Gonbidapena

Bisitariak gonbidatu ditu Asteasuko alkateak: “Literaturan interesa dutenek edota gure herriko eta eskualdeko ondarea ezagutu nahi duenak, neurriko bidea aurkituko duelakoan gaude. Kostaren eta barrualdearen artean kokatuta dago Asteasu. Errepide sare nagusia eraiki zenean, albo batean geratu zen Aiztondo bailara. Horrek nortasun berezia eman dio.

 



Ibilbideak

Lau ibilbideetako bakoitza, gai jakin bati lotutakoa da, eta guztiek, bailarako ikuspegiaz eta naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Publiko guztiak egiteko moduko ibilbideak dira. Ume txikiak dituzten familiek, esaterako, goiz pasa polita egin ahal izango dute bide horietan barrena. “Ondoren, herrian dauden taberna eta jatetxetan indarrak berritzeko aukera ugari aurkituko dute bisitariek”, gaineratu du Pili Legarra alkateak. Zerbitzu horien berri ere biltzen dute interesatuek eskuragarri dituzten eskuorriek. Ordu eta erdian egin daiteke ibilbide motzena, eta 16 kilometro ingurukoa da luzeena.

  • Usarrabi bira
    16 km. Hernio mendia Zelatundik inguratzen duen ibilbide zirkularra, guztietan luzeena. Nagusiki, mendizaletasunari lotutako bidea da.
  • Erreka bailara
    3,5 km.
    Uraren baitan sortutako ofizioak eta eraikinak dira ibilbideko muina, errotak eta zuraren lanketa bereziki. Etxe artean doan bidea da, errekaren alboan doana, eta ikuspegi politak eskaintzen dituena.
  • Santamaña
    5 km.
    Errepidearen parean doan bidea da, baina guztiz oinezkoena. Asteasuren historia udalerriaren sorrera bera baino zaharragoa dela erakusten duen bidea da. Ustez Tenplarioek sortutako ermita da ibilbideko puntu nagusia. Bidearen beraren edertasuna eta goitik ikus daitekeen paisaia ikusgarria ere azpimarratu dituzte.
  • Olazar
    6 km.
    Larraulgo herriarekin elkarlanean egindako bidea da, eta bi herriak zeharkatzen ditu.

Iruzkina Idatzi

Captcha image