ASTEASU 2018-02-22 12:25

Pello Errota bertsolari handia gogoan, mendeurrenaren atarian

Datorren urtean beteko da Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zeneko mendeurrena. Ospakizunak martxan dira dagoeneko.

Pello Errotaren heriotzaren mendeurrenaren harira, haren inguruko ekitaldi sorta egingo dute

Bertso jarrien afaria

Otsailak 23, ostirala

21:00

Iturri-Ondo jatetxea.

20€.

 

Txartelak eskuratzeko:

  • Iturri-ondo (Asteasu)
  • Iriarte (Zizurkil)
  • Whatsapp bidez, 695 751 450 zenbakian eskaera eginda.

1919ko otsailean hil zen Pedro Jose Elizegi, Pello Errota gisa ezagun zen bertsolari asteasuarra. Pello Errotaren irudia eta ekarpena bertsolaritzan eta kulturgintzan handia izanik, bi urteko ekitaldi zikloa antolatzen ari da Asteasuko Udala. Asteasuko bertsolaria gogora ekartzeko eta datorren urtera arte itxaron gabe, aste honetan bertan egingo dute lehendabiziko ekitaldia.

 

Bertso jarrien afaria

Horrela ba, otsailaren 23an, ostiralarekin, bertso jarrien afaria egingo dute Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean. Pello Errotaren bertsoak abestuz, bere izaera eta bertsokera ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, umoreari eutsiz beti ere. Sarrerak salgai daude Iturri-Ondon bertan eta Zizurkilgo Iriarte jatetxean, 20€tan. 695 751 450 telefonora deituta ere egin daiteke erretserba.

Dagoeneko antolatuta dituzte Pello Errotaren inguruko zikloa borobilduko duten zenbait ekitaldi, eta otsailaren 23an bertan aurkeztuko ditu Asteasuko Udalak. Asteasuko Udalarekin elkarlanean ari da eskualdeko bertsozaleak biltzen dituen Harituz elkartea, zenbait ekitaldiren antolakuntzan parte-hartzen. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere ari da lanean Udala, eta Pello Errotaren urteurrena izango da herri txikietako ondarearen balioa hedatzeko proiektu baten abiapuntua.

 

Bertso-antzerkia

Dagoeneko, Pello Errotaren inguruko zenbait jarduera daude aurreikusita 2018rako. Otsailaren 23ko afariaren ondorengo ekitaldia martxoaren 9an egingo da, Bertsolaritzaren sekretuak bertso-antzerki ikuskizuna hain zuzen. Asteasuko kultur etxean izango da 22:00etatik aurrera. Joan den mendeko bertsolaritzaren historia jasotzen duen ikuskizuna da. Tartean aipatzen da Mikaela Elizegi, Pello Errota zenaren alaba. Izan ere, Pello Errotari buruzko informazio gehien hark eman zion Antonio Zabalari, eta Zabalak argitalpen batean jaso zituen.

 

Mahai-inguru, txapelketa…

Udaberrian Bernardo Atxagak zuzendutako mahai-inguru bat egitekoa dute eta Pello Errotaren ekarpena eta dimentsioa izango dute hizpide nagusi. Udazkenean berriz, 25 urtetik gorako bertsolariei zuzendutako bertso-sariketa egingo da. Kanporaketak Aiztondoko herri ezberdinetan egingo dira, eta finala Asteasun bertan.

Bide luzeko ekimena da mendeurrena, helburua, Pello Errotaren irudia  ahalik eta publiko zabalenari helaraztea baita eta, horrekin batera, Pello Errotak bizi izan zuen munduarena eta gizartearena. Hari horri jarraituz, dibulgaziorako beste ekimen batzuk ere badituzte martxan, unitate didaktikoak eta liburuxka, esaterako.

Soslaia

Pedro Jose Elizegi, Pello Errota

 

Bertsolari azkarra zen Pello Errota, etorri handikoa. Plaza asko egin zituen bapatean abesten, eta bertso jarrien sorta ederra ere utzi zuen.

Asteasuko Goikoerrotan jaio zen Pedro Jose Elizegi, 1840ko abenduaren 23an. Errotaria zen bizibidez. Zizurkilgo Errekaldetarren antzera, bertsolari familia dira Goikoerrotakoak ere. Pelloren anaia Joan Kruz, gero Oiartzunera ezkondu zena, arreba Sabina, Mikel Anton semea...

Zizurkilgo Joakina Antonia Bengoetxearekin ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Gizon txikia, izugarri bizkor eta bizia; azkar pentsatu eta azkar kantatu, bertso lanean plazan asko luzitzen zuena. Umore eta irria beti ezpainetan, ziria eta eztena bazuen, beste inork adina. Orduko bertsolari guztiekin kantatu zuen, herriz herri, festaz festa, txapelketa, desafioak... Oso ezagunak dira, besteak bertsoak:

 

Pello Errotak:

Ari naizela, ari naizela,
hor ikusten det Txirrita.
Eta zein ez da harrituko gaur
gizon hori ikusita?
Dudarik gabe egina dago
andregaiari bisita.
Oso dotore etorri zaigu
bi alkandora jantzita.

 

Txirritak:

Hauxe da lotsa eman didana
gizon artera sartuta!
Edozer gauza esaten degu
edanarekin poztuta.
Bi alkandora ekarri ditut,
bat eranztea ahaztuta...
Pellok bi nola jantziko ditu
bat besterikan ez du ta?

 

Herri askotako plazatatik deitzen zioten Pellori, eta bere garaiko bertsolaririk aktiboenetakoa zela esan daiteke. Bertso paperak ere atera zituen. Errotaria zen Pello bizibidez, baina bertsolaritzak etxean laguntzeko bigarren diru-iturri bat ekarri zion.

Azpeitiko Euskal Festetako saria eskuratu zuen asteasuarrak eta beste askoren irabazle ere izan zen. Sona handiko  bertsolaria izanik, 1895 urtean Argentinara ere joan zen bertako euskaldunei bertsoak abestera. 1919ko otsailaren 3an hil zen, 78 urte zituela, bere errotan.


Bere alaba, Mikaela

Pello Errotaren lanaren zati handi bat ez litzaiguke gaurdaino iritsiko bere alaba Mikaelaren lanagatik izan ez balitz. Bertsolariaren laugarren alaba zen Mikaela, eta aitaren kopista lanak egin zituen. Aitak botatzen zituen bertsoak Mikaelak idazten zituen, haren etorria eta sormenaren fruitua gaurdaino iristea ahalbidetuz.

1963an, gainera, Mikaela Elizegik aitaren bizitzaren gorabeherak kontatu zizkion Antonio Zabalari. Zabalak, elkarrizketa haiek grabaturik, Mikaelaren kontakizunak hitzez hitz idatziz jarri eta liburu batean argitaratu zituen: Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua. Auspoa saileko 32. liburua da Pello Errotaren ingurukoa.

Mikaelak jasoa da aitaren azken bertso inprobisatua, Asteasuko eliza berritzeko lanen hasieran, bertan kantatuak:

 

Au esango dizuet
azken-azkenian,
zer egin bear dezuen
iltzen naizenian:
errosayo bat esan
nere izenean,
zerura joan dedin
Pello zuzenean.

Iruzkina Idatzi

Captcha image