ASTEASU 2018-03-10 08:32

Mikaela Elizegiri zor diogu 
Pello Errotaren ondarea

Pello Errota argitan jartzeko orduan giltzarri izatearekin batera, ahozko literatura jasotzen duten orri oparoak utzi zizkigun bere alabak

Mikaela ez zen bertsolari famatuaren bizitzaren kronikagile soila izan

Bertsoak

1965eko uztailaren 11n, Asteasuko herriak Pello Errotari gorazarreko ekitaldia eskaini zion. 96 urte zituen Mikaela bertan izan zen, baina azkenerako etxera erretiratu behar izan zuen, ondoezik jarrita; emozio handiko eguna izan zen hura berarentzat. Lau bertso moldatu zituen biharamunean:

 

 

1.- Adoratu dezagun

gure aita zana,

gizon txiki pobre bat

munduan izana;

sekulan etzan aitu

aren almazena,

relijiosua ta

izketan zuzena.

 

 

2.- Meza nausia Asteasun

ikusi etzana:

iru seme aldarian

errikoak danak;

gero predikatutzen

Lekuona jauna,

nere aitaren bizitza

esplikatu dana.

 

 

3.-  Erregali eder bat

uste gaberikan,

oso gelditu nintzan

aturditurikan;

grazirik eman gabe

aldegin andikan,

triste etorri nintzan

Asteasutikan.

 

 

4.- Laroi ta amasei urte

kunplitu ta bereala,

pentsatzen det birian

asiya nagoala;

aditzen badezute

ni illa naizela,

errezo txiki bana

esan dezatela,

zeruan sartu dedin

lenbailen Mikela.

 

Argitalpenen kronologia:

  • Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua.
    Auspoa, 32. alea. 1963. 
  • Pello Errotak jarritako bertsoak bere alabaren argibideakin.
    Auspoa, 33. alea. 1963. 
  • Pello Errotaren itzala (Pello ta bere senide ta ondorengoen bertso-bilduma).
    Auspoa, 49-50 aleak. 1965.
  • Pello Errota. Pedro Elizegi Maiz (1840-1919). Bizitza, bertsoak eta itzala. Auspoa, sail nagusia, 1992. 
  • Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua.
    Hauspoa saila. 2. alea. 2016.

Mikaela Elizegi Bengoetxearen (1869-1967) nortasunean sakonduz, Pello Errota bezalako bertsolari handi bat bistaratzen zaigu. Baina ez hori bakarrik. Bertsotarako eta ahozkotasunerako izugarrizko etorria eduki arren, historian ezkutatuta, edo ia, geratu diren emakumeen errealitatea datorkigu aldaba joka.

Ia ehun urteko bizitza izan zuen Mikaela Elizegi asteasuarra, euskal kulturako ahozko literaturaren transmititzaile handienetakotzat jo daiteke, zalantzarik gabe. Haren memoriaren etorriari, hitz jarioari eta Antonio Zabala ahozko literaturaren biltzaile nekaezinarekin batera egindako transmisio lanari esker bilakatu zaigu mito Pello Errota.

Bi ezaugarri uztartzen jakin zuen emakumea izan zen Mikaela Elizegi: entzundako bertsoak eta bizitutako gertaerak gordetzeko memoria pribilegiatua, eta ahozkotasunerako berezko grazia. Bere inguruan kontatu izan den pasadizo txiki batek azal dezake zer nolako gaitasun intelektualeko pertsona zen. Nonbait, 95 urte-edo zituela, Zizurkilera joan, Pantxikaneko balkoira igo, eta han, belarri batean tronpeta txiki bat jarri, eta bertso saioa entzuten pasa omen zuen arratsaldea. Hurrengo egunean bertan, Asteasuko plazan petrilean eseri, eta bezperan entzundakoak kantatzen aritu zen. Bernardo Atxagak kontatu zuen pasadizo hori, Zabalak eta biek Asteasun 1995ean eskaini zuten hitzaldian (Bertsolari aldizkarian, 1995eko martxoko zenbakian, Laxaro Azkunek kronika egin zuen).

 

Zabala, Mikaelaren iturritik edaten

Antonio Zabala 1950eko hamarkadaren amaieran hurbildu zen Asteasura Pello Errotaren berri jakin nahian. Mikaela, Ondartza baserriko seme Antton Kortajarenaren alargun zen ordurako, eta Batista, bere semeetako batekin bizi zen, parrokia ondoko etxe batean. 

Bertso-paper franko jarri zizkion eskura emakumeak Zabalari, lehen hartu eman hartan. Baina beste hamahiru bat urte igaro behar izan ziren Zabalak Pello Errotari buruzko liburua prestatzeari ekin ziezaion. Mikaela Donostian bizi zen garai hartan, Joxepa bere alabarik gazteenaren etxean, eta 90 urtetik gora zihoan. Bada, makina bat arratsalde pasa zituen Zabalak etxe hartako sukaldean, belarriak zut. Hara hurbiltzen zen aldiro, Mikaela etxeko sukaldean errezatzen topatu ohi zuen, “purgatorioko animak zirela, holako santu edo santari bederatziurrena zela, hura otoitzean beti”. Magnetofoi handi bat mahai gainean jarri eta nahiko zuen pare bat galdera luzatzea, Mikaelak berriketari ekin ziezaion; eta bien bitartean, alabak merienda ederra prestatu ohi zuen, gazta, ogia eta pastelak falta ez zirelarik. Beste alabetako bat ere, Anttoni, bertan izaten zuten maiz.

Era horretan, arratsaldez arratsalde, aitak sortutako bertsoak biziberritu zizkion Mikaelak Zabalari; hots, sinadurarik eduki ez arren, aitak sortu eta berak idatzi zituen bertso-paperak identifikatu zizkion, eta, batik bat, aitaren biografia aberatsa osatzeko orduan ezinbestekoak izan ziren bertso saio, datu, gertakizun eta pasadizoak kontatu zizkion. 

Izan ere, Mikaelak harreman estua izan zuen aitarekin, ezkondu eta Ondartza baserrira joan zen arte. Hark makina bat enkargu jaso ohi zuen bertso sailak idatzi zitzan, eta Mikaelak, idazkari lanak egiten zizkion: batek kantatutakoak besteak paperean idatzi.

 

ezinbesteko ahotsa,
Pello Errota mito bilakatzeko

1995ean Asteasun egin zen mahai-inguru hartan Zabalak aitortu zuenez, Mikaelak emandako informaziorik ezean, Pello Errotari buruz argitaratutako guztia “erdira baino gehiago jaitsiko litzake, behar bada ere zatirik baliotsuenak galduta. Hala, Pello Errotaren liburua bere garaiko beste bertsolari askoren liburuen neurrira jaitsiko zen. Adibide batzuk jartzeko, Udarregi, Altzoko Imaz, Gaztelu, Lexo, Fermin Imaz, eta  abarren liburuen antza izango luke. Goragoko maila batera altxa zuena bere alaba Mikaela izan zen”.

Bertso zaharren kutxaz gain, oroipenen kutxa ere sortu zuen Zabalak Auspoa literatur sailean. Genero horri Txirritarekin ekin zion, eta Pello Errotarekin eman zion segida. Esan daiteke argitalpen horiek bertsolaritzaren eta euskarazko ahozkotasunaren tradizioan, bi mito sortzeko oinarriak jarri zituztela. 

Euskal munduko zenbait intelektual zoratzea lortu zuten paperera eramandako Mikaela Elizegiren kontakizunek. Gabriel Arestik adierazi zuen “nobela sariketa batera aurkeztuko balute eta epai-mahaiko banintz, berari emango nioke saria”. Garai hartako beste idazle batek, Antonio Valverdek, idatzi zuenez, Mikaelaren kronikak “XIX. mendeko Euskal Herria deskribatzen du, pelikula batean bezala”. Bernardo Atxagak, Asteasuko mahai-inguruan, Euskal Herriko ikastetxe guztietan 14 urteko ikasleek liburua irakur zezaten eskatu zuen.  

Mikaela “Zintzarri”

Nondik ote zetorkion “Zintzarri” goitizena? Zabalak eman zuen argibiderik. Donostiako etxeko sukaldean ama-alabei behin sumatu zien ika-mika ekarri zuen gogora: “Batzuetan, ama kontu kontari ari zela, alabek hura toreatu egiten zuten. Batean gogoan dut, bere ama, Mikaelaren ama, gau osoan errotaren kontu nola gelditzen zen eta abar kontatu zuen Mikaelak. Orduan alaba Anttonik, aurretik guri keinua egin eta honela esan zion amari: “Baina ama, orduan amona gajuak ez zuen aitonarekin goxatzeko denborarik izango!”. Mikaelaren erantzuna tximista bezala etorri zen: “Ixilik zuek! Lotsagabeak, zikinak! Non ikasi dezue edukazio hori? Ez nere etxean!”. Izan ere, mingainean erdoirik gabeko pertsonarik inoiz izan bada, hura Mikaela izan zela dudarik ez da. Hortik herritarrek erantsi zioten izengoitia: “Zintzarri”.

  

Mikaela, bertsolari?

Zabalak jasotako testigantzei esker, badakigu bertsotarako berezko joera zuten kide ugari sortu zela Elizegi familiaren altzoan, Mikaelaz gain. Pello Errotaren belaunaldi berekoak, zein ondorengoak, hona zenbaitzuk: Sabina (1842-1932) arreba, hizketan ere den-dena bertsotan erantzuten zuena. Juan Kruz (1851-1902) anaia, herriz-herri kantari ere poliki ibilia. Joxepa Inaxi (1864-?) bigarren alaba, bapateko bertso jarioaren jabea. Miel Anton (1872-1936) semea, jendaurreko kantaria baino gehiago bertso jartzailea. Lukasia Elizegi (1896-1941) iloba, bertso jarrietan abila hau ere. Batista Kortajarena (1903-1992) biloba, makina bat plazetan kantatu zuena, Uztapiderekin bikotea osatuz batez ere. 

Sabina, Joxepa Inaxi, Lukasia, Mikaela… Familia bakarrean lau emakume bai, gehiago ez baziren izan. Askotxo dira, eta bere horretan, auzitan jartzen du Euskal Herrian iraganean egin den bertsogintza gizonezkoen eremuko jarduna izan zela dioen irakurketa historikoa. Egia da “bertsolariaren” titulua bertsotan jendaurrean aritzen den pertsonari jarri behar bazaio, orduan bai, orduan nahiko argi dago gizonezkoa izan dela iraganeko bertsolaria; are gehiago jendaurreko hori plaza publikoarekin (sagardotegiak, tabernak, auzo eta herrietako plazak…) identifikatzen badugu. Baina bertsolari kontzeptuaren esanahia zabalduko bagenu, ohartuko ginateke bertso jarduna eremu pribatuagotan ere (etxean, lagunartean…) praktikatu izan dela.

Konparazio batera, nork ziurta dezake emakumeak etxeko sukaldean, mandioan, garbitokian, salerosketarako eta topatzeko gune ziren azoketan  edo beste lekuetan, bertsotan trebatu ez zirenik? Urrutira gabe, Zizurkilen bertan agertzen zaigu adibide argia: Joxe Bernardo Otaño eta bere alaba Plazidarekin; badago konstantzia idatzia etxean nola aritzen ziren kantari, elkarri zirika.

Esan beharrik ez dago espazio publikoan protagonismoa gizonezkoentzat bideratua egon den garai historikoetan, nekez sortu ahal izan dela emakume “bertsolaririk”, adieraren kontzeptziorik tradizionalenean. Alferrik egundoko doaiak edukitzea bertsotan aritzeko. Mikaela Elizegi izan daiteke kasu horietako bat, adibidez.

Iruzkina Idatzi

Captcha image