ASTEASU 2018-04-30 17:03

“Bizitzan antolatuago izaten laguntzen du txirrindularitzak”

Espainiako Txapelketan lau domina lortuta, Europakoa du begiz jota Gipuzkoa Ogi-berri taldeko Izarne Mayoz txirrindulariak.

Jubenil mailan ari da lehiatzen txirrindulari asteasuarra

Zerk eraman zintuen txirrindularitzan hastera?

Hasiera batean edozein ume bezala mendiko bizikletarekin herriko lasterketatan parte hartzen hasi nintzen. Baina gustatu, eta anaia ere Andoaingo txirrindularitza eskolan zebilela ikusirik, ni ere animatu eta alebinetan lehiatzen hasi nintzen.

Zure hasieratan neska gehiago ziren taldean?

Hasieran ni nintzen lehiatzen zuen neska bakarra baina segituan beste bi hasi ziren nirekin batera lehiatzen.

Zein mailatako txirrindularien aurka lehiatzen duzu?

Ni jubenila izanik, normalean jubenilen aurka lehiatzen naiz baina errepidean elite mailakoak ere gurekin lehiatzen dira beraz karrerak bi maila horien aurka egiten ditut.

Pixkanaka postuak igotzen zoazela esango zenuke?

Egia da urtetik urtera nire markak hobetzen ari naizela, eta oso gustura nago. Espainiako txapelketan bi urrezko eta bi zilarrezko domina  irabaztea lortu dut eta espero dut pixkanaka goraka joaten jarraitzea.

Eta Espainian lortutakoa eta gero?

Ba ez dakit, lortutakoaren ostean pistan jarraituko dudala uste dut. Ea gauzak ondo doazen eta Europako Txapelketan posturen bat lortzen dudan.

Zein da txirrindularitzan duzun helmugarik handiena?

Gaur egun Europako Txapelketan parte hartzea da nire helburua. Baina behin hori lortuz gero etor daitekeenari irekita nago.

Zizurkilen egiten den itzulian ere ateratzen zara, ezta? Zer suposatzen du zuretzat herrian egiten den horrelako lasterketa batean ateratzea?

Bai noski, aurten maiatzaren 26ean da lasterketa eta torneo euskalduna tokatzen da. Beti gustatu izan zait herrian lehiatzea, izan ere, lagunak eta ezagunak animatzen ikustea gauza polita da. Gainera aurten torneo euskalduna izanik, Euskal Herriko emakume txirrindulari ezberdinak etorriko dira, eta ikusteko ere polita izango da.

Emakume euskaldunak  Zizurkilera datozela esan duzu, baina zuk Euskal Herritik kanpo ere lehiatzen al duzu?

Bai, espainiar mailan ere lehiatzen dut. Lehen aipatu bezala Espainiako kopa korritzen ibili naiz aurten eta bertako karrerak Espainia osoan zehar izaten dira. Neurri handi batean horregatik joan nintzen espainiar kopetara; lehiatu nahi dugun neskok kanpora atera behar baitugu. Kanpoan karrerarik ez dagoenean, mutilekin ere lehiatu izan dut. Normalean astebururo izaten ditut karrerak, beraz.

Mutilekin ere korritzen duzue, beraz?

Bai, Gipuzkoan mutilekin ere korritzen dugu. Azkenean helburua astebururo lehiatzea da. Berdin zaigu noren aurka lehiatzen garen, ateratzea eta geldirik ez egotea da helburua.

Nola daramazu ikasketak txirrindularitzarekin uztartze hori?

Dena antolatzea dela esango nuke. Goizak ikasteko erabiltzen ditut eta arratsaldeak txirrindularitzarako. Egia da kirol sakrifikatua dela, baina bertan ibili nahi baduzu, asko entrenatu beharra dago.

Neska izateak zure txirrindularitza karreran eragozpenik jarri dizula esango zenuke?

Bai, ezberdintasun handienak sarietan daudela esango nuke. Elite mailako karrera bat irabazten duzunean, neskentzako eta mutilentzako karrera bera izan bada ere, bertan ekonomikoki ematen duten sarian alde handia egoten da. Bestalde, orain Espainian emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde borrokatzen duen txirrindularitza talde bat sortu dute. Baina oraindik lan asko dago bien arteko guztizko berdintasuna lortzeko.

Baduzu txirrindularitza munduko erreferenterik?

Sheyla Gutierrez izan daiteke dudan erreferenteetako bat. Bera errioxarra da. Orain dela bi edo hiru urte ni nabilen lasterketa berdinetan korritzen zuen, eta orain mundu mailan hoberenetako bat dela ikusita, erreferente moduan ikusten dudala esango nuke.

Zer esango zenioke orain txirrindularitzan hastera doan neska bati?

Ez dela kirol soil bat bakarrik, kirol polita dela eta asko ikasten duzula bertan. Beti dago laguntzeko prest dagoen jendea eta horrek azken finean lagun asko egitera eramaten zaitu. Gainera ekipoan egoten den giroa ere oso ona izaten da eta erlazio onak egiten dira bertan. Bestalde, bizitza  antolatuago izaten laguntzen du txirrindularitzak eta hori ere oso baliagarria dela iruditzen zait. Azkenean diziplina erakusten baitizu.

Iruzkina Idatzi

Captcha image